Juan Perez Agirregoikoa. Artista

«Kultura suntsitzea da artista gisa dudan funtzioa»

Arkatza aukeratu du Perez Agirregoikoak historikoki boterea irudikatu duten arranoen irudiak marrazteko, denik eta teknika umilenetako bat, eta Bilbon jarri ditu ikusgai orain.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Hotzean ikusita, hegazti multzo bat baino ez dira, eta, halere, hamaika botere sistemaren atzaparrak senti daitezke arkatzez marraztutako arranoen koadro erraldoien itzalean. Arrano frankista, arrano nazia, erromatar inperioaren arranoa, arrano beltza, Mexikoko arranoa... Great Black Chicken izendatu du marrazki multzoa (Oilo beltz handia) Juan Perez Agirregoikoa artistak (Donostia, 1963), eta Bilboko Carreras Mugica galerian jarri du zintzilik. Aretoko laugarren horman, tigreak irudikatzen ditu erakusketaren parte den beste artelan bildumak: American imperialism is... izenekoak. Paper txatal ñimiñoak mekanikoki itsatsiz sortu ditu irudiak, kasu honetan, eta Mao Zedong-en aipu ezaguna du oinarri: «Amerikar inperialismoa paperezko tigre bat da». Biluztasunaren mugan irudikatu ditu margolariak sinbolo horiek guztiak. Berez diren horretan, eta, aldi berean, pilatzeko gai diren esanahi meta horrekin. Insignificando deitu du erakusketa, eta otsailaren 23ra arte egongo da zabalik.

Boterearen ikur diren arranoz bete duzu aretoa, baina titulu ironiko bat jarri diozu serieari: Oilo beltz handiak. Ikur horiek desaktibatzeko da?

Hori da nik irudi hauek ikustean pentsatzen dudana. Boterearen ikurrak dira, baina barregarriak ere badira, edo niri, behintzat, hala iruditzen zaizkit, nahiz eta, era berean, garai batzuetan sinbolo horiek gai izan diren beren inguruan jende multzo handiak biltzeko, nazien Alemanian eta Espainian bezala.

Neurri eta itxura monumentala dute arranoek, baina arkatzez marraztu dituzu guztiak, denik eta teknikarik umilenetako batekin. Teknikak berak bakarrik ere beti esaten du zerbait?

Tresna bat edo bestea aukeratzeak ere badu bere esanahia. Umeek marrazten dute arkatzarekin, eta umeak aritzen dira koloretako papertxoak itsasten, ni beste artelan seriea sortzeko aritu naizen bezala. Era berean, erronka bat ere bada tresna horiekin obra esanguratsu bat sortzea. Pinturaren ulerkera heroikoarekin lotzeko hautatu dut 2x3 metroko tamaina. Horregatik marraztu ditut oihal gainean eta bastidorearekin, eta horregatik daude aretoan apur bat altu, gorantz begira ikusi behar izateko. Landu nahi dudan gaiari buruz aritzen laguntzen didate kontu formal horiek guztiek. Nik neuk ikusten ditut txoritzar... arrano horiek, eta barregura sartzen zait. Baina, arteak kulturaren aurka egiteko funtzioa duela sinetsita ere, sortzen duzun guztia desaktibatu egiten da, azkenean, eta borrokatu nahi duzun kultura horren parte izatera pasatzen da. Etengabe egin behar duzu horren aurka, eta egon daitezke konexio uneak, eta norbaiti balioko diote, baina gainbaliodun objektu izaten bukatzen dute, edo gainbaliorik gabeak.

Nolakoa izaten da zure sorkuntza prozesua? Zure lanetan, maiz uztartzen dira aspektu tekniko eta formalak eta gogoeta gai filosofikoekin. Burua hasten da eta eskuak jarraitu? Batera gertatzen da dena?

Niretzat egiten dut lan, funtsean. Arranoen serie honen kasuan, esaterako, bat-batean hasi nintzen ikusten jendearengan eskuinerantzako pultsio bat, beti hor egon dena, eta izan daiteke politikarekiko akiduraren ondorio izatea, baina paradoxikoa da jende pobreak eskuin muturreko alderdiei ematea botoa, gero haien aurka egingo baitute. Egon zaitezke nazka-nazka eginda, baina zeure buruari tiro egitea da hori. Halakoak zergatik gertatzen diren pentsatzen hasten naiz, eta hala hasten naiz lanean. Marrazki hauek egin bitartean, hiru zatitan banatutako 44 minutu inguruko bideo bat egiten ere ibili naiz, eta, beraz, arkatzetik ediziora eta ediziotik arkatzera pasatzen ibili naiz. Lanean zabiltza, gertatuz doana begiratzen duzu, eta, halako gaiei bueltaka ibiliz, hortik abiatuta agertuz doaz gauzak. Forma hartzen joaten dira, eta orduan, ikusten duzunean, formalizatu egiten dira, itxita bezala geratzen dira, eta beste kontu batera pasatu behar izaten duzu.

Lehen kolpean ikusteko moduko irudiak eskaini ohi dituzte zure lanek, baina, gerturatu ahala, mezu konplexuagoa ezkutatzen dutela ohartzen da ikuslea.

Nire lan ia guztietan gertatzen da hori. Ikusten dituzu, eta hasieran lerdokeria bat irudi lezakete, broma bat, eta gero irakurketa gehiago eskaintzen dituzte. Baina irudiak funtzionatzen badu, elementu guztiak oso pentsatuta daudelako da, hain justu. Kontu tekniko mordoa konpondu behar dituzu buruan darabilzuna artelanera eramateko. Angel Badosek esaten du artean denak direla arazo teknikoak.

Kulturaren aurka borroka egitea da zure asmoa, erakusketarako idatzitako testuan diozunez.

Nire ustez, kultura suntsitzea da artista gisa dudan funtzioa: gurasoengandik seme-alabengana helarazten ditugun kaka horiek guztiak deuseztea, erlijioa eta bestelako hamaika kontu, esaterako; azken finean, sistemari berari zutik eustea delako haien helburua. Gurasoak ahaztea da keinu iraultzailerik behinena, baina iraultza gehienetan are goragoko aita baten figura agertzen da une horretan. Azkenaldian landu dudan gaietako bat hori da: zergatik egiten duten huts iraultzek.

Eta topatu duzu erantzuna?

Ez eta bai. Beti sistemari bota ohi diogulako errua, baina guk geuk ere kolaboratzen dugu harekin. Baina, noski, ematen nabilena baino askoz ere konplexuagoa da erantzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.