Kultura sendotzeko egitasmoak adostu nahi dituzte Durangon

Ekainaren 12an bilkura zabala egingo du Geuk mugimenduak; sortzaile, erakundeetako ordezkari, kontsumitzaile, bitartekari eta hezitzaileak batu nahi ditu.Proposamen zehatzak adostea da xedea

Mikel Toral, Gotzon Barandiaran, Ixiar Garcia eta Matxalen de Pedro Geuk mugimenduko kideak, atzo, Bilboko Kafe Antzokian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko ekainaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Alarma deia egin dute Guk Geure Kulturaz (Geuk) mugimenduko kideek. «Kultura egoera larrian da gure herrian; erabakiak eta neurriak hartzeko ordua da. Kolokan ditugu ehun kulturala, lan baldintza duinak, gure kulturaren kalitatea, ikusgarritasuna, transmisioa; finean, iraupena». Beltz irudikatu dute paisaia Gotzon Barandiaran Ahotsenea guneko koordinatzaileak, Ixiar Garcia Karraskan elkarteko kideak, Matxalen de Pedro Muelle 3 eta Euskal Herriko Profesionalen Dantza Elkarteko kideak eta Mikel Toral Kultura Abierta kolektiboko kideak. Horregatik nabarmendu dute elkartzeko beharra, eta horregatik egin dute ekainaren 12an Durangoko San Agustin gunean biltzeko deia. Euskal kulturgintza osoa deitu dute, kulturgintzari irtenbide bat emateko proposamenez aritzeko: sortzaileak, kontsumitzaileak, erakundeetako ordezkariak, bitartekariak, kazetariak eta hezitzaileak. Kultur sistema «sendoago» eta «osasuntsuago» bilakatzeko hartu beharreko premiazko neurriak adostu eta zehaztea da ideia.

Ez da ezerezetik sortu proposamena; bultzada dakar atzetik deialdiak. Izan ere, euskal kulturgintzako 150 eragile inguru batu zituen otsailean Geuk-ek Durangon, eta orduan hasitako lanari segida ematea da orain bultzatzaileen asmoa. Elkarrizketan jarri zituzten ordukoan ere sortzaile, kontsumitzaile, bitartekari, kazetari, hezitzaile eta kultur teknikariak. Kultur sistemaren diagnosia egitea zen, ordea, ordukoan helburua; arazoak identifikatu, elkarrizketa piztu eta mugimendua sortzea. Barandiaranen hitzetan, behin baino gehiagotan agertu zen artikulazioari buruzko kezka otsailean. Eta urrunago jo nahi dute orain horregatik. Aztertu dituzte aurreko bilkuran jasotakoak, eta ekintza proposamenekin bukatu nahi dute 12ko eguna oraingoan.

Zabala da ekainaren 12ko deialdia ere, aurreko saioan bezala. Ez dute aurrez ezarriko gai ordenarik, eta bilkuran izango direnen artean eztabaidatu eta adostuko dituzte proposamenak. Halere, oraingoan elkarrizketa ez da hutsetik hasiko, eta bilkurara joatekoak direnek izango dute aukera beren ekintza proposamenak aurreratzeko. Geuk-en webgunean izango dute horretarako bidea (geuk14.wordpress.com). Fitxa bat bete beharko dute han proposamen egileek, beren ekintzaren helburua, iraupena, gaia eta bestelakoak zehaztuz. Ez da derrigorrezkoa gaiak aurrez proposatzea, bilkura egunean ere eskura jarriko baitzaizkie fitxak bertaratzen diren parte hartzaileei. Antolatzaileek zehaztu dutenez, ordea, komeni da proposamenak ekainaren 6a baino lehen helaraztea, bilkura hobeki prestatu ahal izateko. Eta hasiak dira, gainera, lehen proposamenak jasotzen.

Kulturgileen autonomia

Galdera erretoriko baten bidez nabarmendu du Toralek bilkuraren garrantzia. «Nork daki zer egoeratan dagoen kultura? Bada, Kulturako jendeak. Eta lehen aldiz ari da sektorea era autonomoan biltzen. Hasi beharra dugu sektore gisa erantzuten eta neurriak proposatzen». Kulturgintzako jendea dela, alegia, kulturgintzari buruzko kezkez hizketan ariko dena. Aritua, aditu. Baina zabala da deialdia, behin eta berriz azaldu dutenez, eta bertaratzeko deia egin diete erakundeetako ordezkariei ere horregatik. «Hau ez da erakundeen aurkako ezer», azaldu du Barandiaranek. Kultur sistema osoa deitu dute Durangora, eta sistema horren parte irudikatzen dituzte erakundeak ere. Horregatik gonbita.

Otsailean ere izan ziren zenbait erakundetako ordezkariak Durangon, eta oraingoan ere izango direla espero dute antolatzaileek. Bilkura ere izan zuten, gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultur Saileko ordezkariekin, eta «oso positiboa» izan zen hartu-emana, zehaztu dutenez. Eta etorkizunean ere Durangon adostutakoaren berri eman nahi diete Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, aldundiei eta udalei.

Eztabaidagune izatea xede

Eztabaidagune bat sortzea da helburua, izan ere. «Gure lana da indarra biltzea etorkizunean foro honek egin ditzan proposamenak Euskal Herri osorako», dio Barandiaranek. Taldeka lan egin zuten otsailean, eta taldeka lan egingo dute oraingoan ere, 09:30ean hasi eta 18:30era arte, tartean bazkaltzeko atsedenaldi bat eginda. Batzarra hasterako, horma batean jarriko dituzte aurrez jasotako proposamenak, eta taldeka antolatuko da jendea gero, haien inguruan eztabaidatzeko. Eguna neurri edo ekintza proposamenen sorta batekin amaitzea da helburua gero, Garciak eta De Pedrok azaldutakoaren arabera; hasieran marraztutako paisaian hobekuntzak ekar ditzaketen neurri sorta bat proposatuta, alegia.

Zortzi elkarte eta erakunde dira, berez, egitasmoaren sustatzaileak: Euskal Herriko Profesionalen Dantza Elkartea (ADDE), Ahotsenea, Euskal Aktoreen Batasuna (EAB), Karraskan, Kultura Abierta, Kultura Live, Musika Industrien Elkartea (MIE) eta Soinueder. Zabalagoa da, ordea, talde eragilean parte hartzen duen jende zerrenda, eta are zabalagoa deialdiari atxikimendua agertu dion jende kopurua. Kulturgintzako ehunka lagunek azaldu diote babesa Geuk-en hitzorduari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.