Jaime Valverde. EHAZEko kidea

«Kultura oztopatzen duten zenbait muga lausotu nahi ditugu»

Euskal kulturaren gabeziez eta haien balizko konponbideez gogoeta egiteko plaza bat izango da Aiaraldean astebetez, Jalgi egitasmoarekin. Fokua transmisioan eta komunikazioan jarri dute antolatzaileek.

Ainhoa Sarasola.
2016ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Hasi da Jalgi. Larunbatera bitarte, dozenaka ekitaldi eskainiko ditu egitasmoak Aiaraldeko bederatzi herrietan, euskal kulturaren egoeraz, gabeziez, irtenbideez eta aurrera begirako erronkez gogoeta egitea helburu. Askotariko kultur emanaldiekin ez ezik, ostegun eta ostiralean egingo dituzten jardunaldiekin ere sustatu nahi dute antolatzaileek gogoeta hori. Metafora baten bidez egin du hurbiltzeko deia EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteko Jaime Valverdek: «Euskal kulturak behar du ekosistema bat naturaltasunez garatzeko. Egun, beharrezko dituen baso, zelai eta inguruneak oso murriztuta daude. Aiaraldean erreserba bat topatuko dute tokira biltzen direnek, egoera normalizatu batean euskal kulturak izango lukeen indarrarekin. Jarrera horrekin joateko esango nieke, horretaz gozatzera».

Zein behar edo hutsune sumatuta antolatu duzue jaialdia?

Jalgiren ideia abiarazten da euskal kulturak egun dituen gabezia handi batzuk ikustetik. Gabezia asko daude, baina laburtu daitezke esanaz euskal kulturak plazak falta dituela, ikusgarritasuna falta duela, eta transmisioa ere hainbat arlotan kolokan dagoela, ez dagoela bermatuta belaunaldien arteko transmisioa izango denik. Hori ikusita erabaki zen egitasmo anbiziotsu bat aurrera eramatea. Zenbait eragile bildu ginen: Euskaltzaleen Topagunea, Ahotsenea, Bertsozaleen Elkartea eta EHAZE.

Zein helburu ditu jaialdiak?

Helburua gabezia horiek ekiditea da. Nola? Plaza bat eskaintzea da Jalgik egingo duen funtsezko gauza bat; ez soilik plaza fisiko bat, baizik eta eremu bat, non euskal kultura egoera nabarmendu batean garatu daitekeen. Aipatutako gabeziak euskararen normalizazio ezetik datoz; Jalgik eskaini nahi lioke euskal kulturari naturaltasunez garatzeko ekosistema bat. Sortzaileei haien lanak erakusteko aukera eskainiko diegu, eta zaleei euskal kulturaren egungo adierazpide interesgarrienak ikustekoa. Horrez gain, komunikazioa lantzearekin bat, egun kultura oztopatzen duten zenbait muga lausotu nahiko genituzke: diziplinen artekoa da bat, eta sortzaile eta zaleen arteko aldearena beste bat. Horregatik, ohiko ikuskizunez gain, transmisioa helburu duten zenbait ekintza egongo dira. Sortzailearen eta zalearen artean batzuetan dagoen amildegi hori lausotu nahi dugu, eta gertuagoko harreman bat ezarri. Horrekin guztiarekin, euskal kulturari ikusgarritasuna ematea ere lortzen dugu. Egiten genuen gogoetan, euskal kultura zokoratua dagoela ikusten genuen, eta astebetez ahalik eta komunikabide gehienetan mintzagai izatea nahi dugu. Hortik dator bere tamaina: 65 ekintza baino gehiago izango dira, eta, Jalgik irauten duen bitartean, behintzat, euskal kultura nabarmendu egingo da.

Aipatu duzu gabezietako bi direla plaza eta ikusgarritasunik eza. Jalgik nolabaiteko konponbidea emango die asteon, baina egunero zer egin beharko litzateke haiek bermatzeko?

Hori urte osoan eta eguneroko bizimoduan gerta dadin, Jalgi nolabait hazia izango litzateke. Horregatik, asteburuan ez ezik, aste barruan ere egingo da Jalgi. Eta ez da bakarrik ohiko lekuetan egingo, hau da, antzokietan edo kontzertu aretoetan, baizik eta ikastoletan, lantegi batzuetan... Nolabait, beste muga bat ere gainditu nahi dugu, kultura aisialdian eta espazio konkretu batzuetan bakarrik ezartzen duena. Gure apustua da Jalgik eredu bat ezartzea eta urte osoan jarraitutasuna izatea. Argi dago zaila dela, eta urteetako lana izango da. Hain zuzen, Jalgi urtero egitea da asmoa. Poliki-poliki kontzientziazio lan bat egin nahi dugu, eta, sustapen lan horrekin, gaur egun euskal kultura zokoratzen duten dinamikak aldatu.

Transmisioari dagokio hirugarren gabezia. Arlo horretan, non jarri beharko lirateke indarrak?

Esan behar da gabezia guztiak elkarri lotuta daudela, eta arlo batean eragiten duzunean beste batean ere eragiten duzula. Hori esanda, zenbait ekintzak transmisioa izango dute helburu zuzen. Normalean zale gisa ikusten duguna sorkuntzaren emaitza da, eta ekintza horietan lortu nahi dugusortzaileek beren sortze prozesuak azaltzea. Hala, bere ezagutza partekatzen du, zalearen kontaktu maila handiagoa da, eta, horrela, ez da mugatzen ekoizle-kontsumitzaile harremanera.

Emanaldiak gogoeta sustatzera bideratu dituzue. Baina bi egunez jardunaldiak ere izango dira. Zeri buruz gogoeta egiteko?

Gogoeta funtsezkoa da, bai. Euskal kultura zokoratuta dago, ez soilik emanaldiak egiten ez direlako, baizik eta behar baino gutxiago hitz egiten delako horri buruz. Jardunaldiek, hasteko, hori beteko lukete. Bestalde, guk gabezia horiek aipatu ditugu, baina beste eragile asko gonbidatu ditugu, bakoitzak bere hausnarketa proposatu dezan, ikusten dituen arazoak, haiei eman ahal zaizkien konponbideak... eta gero guztien artean eztabaidatuko dute ea diagnosi horiek zuzenak diren eta ea denon artean lor daitekeen nolabaiteko helburu komunen bilduma bat edo norabide komun bat zehaztea arazoak konpontzeko.

Beraz, amaieran ondorio zehatz batzuk ateratzea espero duzue?

Bai, jakina. Gure asmoa da, hausnarketa orokor horretatik aurrera egitea soluzioetan. Ez dago gure esku nola bideratuko diren eztabaidak, baina hori da asmoa.

Kulturgintzako herri eragile batzuek antolatu duzue Jalgi, baina, zein litzateke administrazioaren zeregina honetan guztian?

Egitasmoa herri eragileetatik sortu da, baina guk bakarrik ez dugu halako zerbait aurrera eramateko gaitasunik, eta, beraz, administrazioen laguntza izan dugu. Eusko Jaurlaritzaren, Arabako eta Bizkaiko Aldundien, eta Aiaraldeko udal guztien babesa jaso du Jalgik, eta etorkizunean ere herri ekimenen eta administrazioaren arteko elkarlana ezinbestekoa izango da. Gure lana administrazioak kitzikatzea da, babes hori emateko.

Aurrera begira, zer segida izango du Jalgik? Tresna zehatzen bat sortzea pentsatu duzue?

Aurtengoan murgilduta gaude orain, eta ez dugu askorik pentsatu hurrengo urteez, baina asmoa da Jalgi urterokoa izatea. Ez da leku jakin bati atxikia izango, baizik eta ibiltaria, tokian tokiko kultur dinamikak aktibatzea helburu. Aurten, Aiaraldera goaz; espero dugu arrasto iraunkorra uztea han, eragileak aktibatuago egotea eta zaleek ere interes handiagoa izatea. Helburua da hori urtero leku batean egitea. Gure jarrera anbiziotsua da, eta haztea espero dugu. Hasierak beti dira konplikatuak, baina espero dugu gero eta babes handiagoa ematea administrazioak zein zaleek, eta, poliki-poliki, Jalgi erreferentziazko izatea euskaltzaleentzat eta kultura maite duten guztientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.