Aurtengo aldiaren aurkezpenean, antolatzaileek laborategi baten gisara deskribatu zuten Landarte. Iradoki zuten arte garaikideak eskura ematen dituen tresnak beldurrik gabe baina mimoz baliatzeko abagunea ematen duen tailer baten modukoa ere izan daitekeela. Zehazki, uztailaren 2an eman zituzten azalpen horiek, eta beste pauso bat eman dute orain, programaren aurtengo aldiaren balorazioa plazaratzeko Iruñean eginiko agerraldian. Nafarroarako pentsatutakoa da proiektua, eta bost udalerritan egiten dute aurten —Oibar, Elgorriaga, Oteitza, Arrada eta Untzitibarren—, eta, Landarteren koordinatzaile Marc Badalen esanetan, haietan egindako esku hartze artistikoek «bost mundu» erakustea lortu dute. Ados da haren lankide Anne Ibañez, eta proiektuen emankortasuna nabarmendu du berak, efimerotasuna gorabehera: «Pixkanaka, artistak beren proiektuen garapen prozesuak ixten ari dira. Gero, komeniko da ikustea bakoitzak zer arrasto uzten duen, baina balantzea oso ona da».
Agerraldian izan da Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintzako Zerbitzuaren zuzendari Lorenzo Garcia ere, eta Landartek Nafarroako kulturari egiten dion ekarpena nabarmendu du, besteak beste. Azaldu du programak argiki erakusten duela «kultura komunitarioak daukan balioa», eta gaineratu du gaur egun egitasmo biziki inportantea dela, kultur eskaintza landa eremuko herrietara eramateko ez ezik, herritar horiei «kultur sorkuntzan parte hartzeko daukaten eskubidea» bermatzeko ere.
«Komeniko litzateke ikustea Landarteko artista bakoitzak zer arrasto uzten duen, baina balantzea oso ona da»
ANNE IBAÑEZLandarteren antolatzailea
Uda partean iragarri zenez, artista hauek aritu dira programan, bakoitza udalerri batean: Peru Galbete sortzailea, Ekhiñe Etxeberria zinemagilea, Estefania de Paz artista, Maria Azkarate argazkilari eta arkitektoa, eta Oihane McGuiness sortzailea. Ekainetik aurrera, egokitutako udalerria «esploratzeko» astia eman zien Landartek artistei, eta hilabete luze igarota ekin zioten esku hartze artistikoak garatzeari; aurreikusi bezala, udazkenean ari dira fase hori bukatzen. Lehenbiziko aldiz, artistak arduratu dira dokumentazioaz ere. Webgunean ikus daiteke lan horren lagin bat.
Ohi denez, eta antolatzaileek nabarmendu duten gisan, aurtengo aldiaren emaitzak askotarikoak dira. Eta hori ez da soilik gertatu artisten ezaugarrien artean berez diren diferentziengatik, baizik eta udalerri bakoitzak dauzkan «berezitasunengatik». «Herri aski txikiak izanagatik ere», zehaztu du Badalek.
Opariak, anekdotak, mapak
Galbete lanean ari da oraindik; datozen asteetan bukatuko du Oibarren abiatua duen esku hartze artistikoa. Harriz harri, Oibarko egunkari kolektiboa deitu dio, eta, izenak adierazten duen gisan, eguneroko bat egin du, funtsean. Oibarko herritarrek —nahi duen orok— aukera dute data bat aukeratu eta egun horretantxe gertatutako zernahi kontu kontatzeko, idatziz. Galbetek, halere, grabatuak ditu jada hainbat audio ere, eta, gainera, testuen irakurketa kolektibo bat egitea du asmo.
Beste modu batera, baina Maria Azkaratek ere bizipenen kontakizunei heldu die, nolabait, Arradan garatutako Arradako anekdota bilduma obran. Herriak bizialdi aski motza duela kontuan hartuta —urteetan hutsik izan ondotik, 1960ko hamarkadan hasi zen populatzen—, herritarrek herriarekin eta bizilagunekin daukaten lotura sentimenduaz gogoetatu da Azkarate batez ere. «Memoria bizia» jaso nahi izan du, haren hitzetan, anekdotak bildu eta bildu —webgune batean jarri ditu ikusgai—.
Hainbat herri biltzen ditu Untzitibar udalerriak, eta gisa horretako bakarra da aurten Landarten. Oihane McGuiness sortzailea aritu da bertan, eta, hortaz, ibarreko zazpi herrietako biztanleekin jardun du lanean hilabeteotan. Hain zuzen ere, zazpi herriak elkarren artean lotuko dituen harien bila ibili da batik bat, eta aireari buruz aritzera bultzatu du horrek. Ibilitakoa eta airearen kulturaren ertzak kartografiatu proiektuaren bitartez, mapa bat ondu du McGuinessek, eta ibarreko biztanleek komunean dituzten esperientziak eta kultur elementuak jaso ditu bertan.
Ekhiñe Etxeberria zinemagileak Elgorriagako ostatua hartu du ardatz bere lanerako: Herriko Ostatua - Herriko Bihotza. Esplorazio fasean murgildu bezain pronto, Etxeberria konturatu zen taberna horretantxe ehuntzen zirela herritarren arteko lotura asko eta asko, eta, hain zuzen ere, batik bat ostatuan bilduta, sukaldaritza errezetei, auzolanari eta euskararen aldeko defentsari ere erreparatu dio esku hartzerako. Antolatzaileen iritziz, «intimoa eta goxoa» da lana.
Aurten parte hartu duten herrien artean Oteitza da biztanle gehien duena, mila pertsonaren langa gainditu gabe ere. Estefania de Pazek Balea ikusezina proiektua garatu du bertan. Hau da muina: lagun ikusezin delako jokoaren antzeko bat abiarazi du Oteitzako elkarte eta mugimendu sozialen artean —hamazazpi aritu dira—. Hori bai: opariek zerikusia izan behar zuten elkarlanarekin eta laguntzarekin.