Kultura, inbertsio ahaztua

Kultura merkatua edo produktua baino zerbait gehiago dela kontuan izateko eta euskarazko produkzioaren prestigioa zain dezala eskatzen diote hainbat sektoretako eragileek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sail berriari.

Xabier Peñalver. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
2013ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Cristina Uriartek gidaturiko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ofizialki baieztatu ez duen arren, Joxean Muñoz izango da Eusko Jaurlaritza berriko Kultura sailburuordea. Haren ardurapeko sailari eta kudeaketari zer eskatuko lioketen galdetu diegu kulturako zenbait esparrutako ordezkariei. Hona erantzunak:

1. Zer kezka, sentsibilitate eta jarrera eduki behar dute Eusko Jaurlaritzako kultura arduradun berriek, oro har?

2. Non jarri behar dute arreta, indarra eta esfortzua, zuen sektoreari dagokionez?

3. Eskakizun berezirik egingo zenieke?



XABIER PEÑALVER Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea

«Ondarearen kontserbazioan eta ikerketan egin beharko litzateke esfortzu handiena»

1. Gure kulturari, gure kultur ondareari erreparatu beharko liokete, batez ere. Ezin dugu pentsatu kanpotik defendatu eta indartuko dutenik gure kultura. Munduko gainerako lekuetatik etor daitezke gu ezagutzera, baina gure berezitasunak etxetik zaindu eta mimatu behar ditugu; eta hori interes partikularrei men egin gabe, zeinek sarritan orainaldi pobre bat irudikatzen duten. Kultura Sailak gure iraganeko eta gaur egungo kultura eta ondareak zaindu behar ditu, etorkizuneko belaunaldiei ondare bat uzteaz bat.

2. Historiaurreko arkeologian jarri behar du indarra. Arlo horrek aztertzen du, hain zuzen ere, gure herriaren bizitzaren %99 baino gehiago. Ondarearen kontserbazioan eta ikerketan egin beharko litzateke esfortzu handiena. Gure iraganaren dokumentu horiek suntsitzen uzten badugu, ezingo dira inoiz gehiago ikertu. Bi arlo horietan ere, ikerketan eta kontserbazioan, ez gaude inguruko herrialdeen maila berean, ezta gutxiago ere. Historiaurreko aztarnategi garrantzitsuak ditugu babeserako inolako kalifikaziorik gabe. Laborategi eta auzolandegietara bideraturiko baliabideak ere oso urriak dira, salbuespen gutxi batzuekin. Gabezia handi horiek zuzentzeko uste dut ezinbestekoa dela sentsibilitate aldaketa bat, gure iraganaz askoz ere modu argiagoan kezkatzera eramango gaituen sentsibilitate aldaketa bat.

3. Praileaitz I-eko kobazulo paleolitikoaz jarduten badut, behin eta berriz gai berari buruz ari naizela emango du, baina komeni da gogoratzea aztarnategi handi horrek haitzetako oso margolan eta aztarna bereziak dituela, Euskal Herrian bakarrak direnak, eta babesgabetasun handia dago gaur egun harrobi baten jardunbidearen inguruan. Teorian horren babesa bermatu beharko lukeen Eusko Jaurlaritzaren dekretuak gehiago dirudi harrobiaren ustiatzaileek idatzitakoa, eta ez Kultura Sail batek. Gure ondarearen defentsa modu ausartean egin behar dugu, interes partikularren gainetik. Urteotan, aurreko gobernuek, euren eskuetan izan dituzte proposamen eta orientabideak, adituek emandakoak. Orain artean ez zaie kasu zipitzik egin. Sentsibilitate dosi handiak behar dira.

JOXE PORTELA Ibaia Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko lehendakaria

«Orain, behingoz, edukietan inbertitu behar dugu»

1. Krisialdi ekonomikoaren garaian gaude eta, ondorioz, gastu publikoaren murrizketa garaian. Murrizketa horiek, zoritxarrez, kulturan eta gastu sozialean eragin zuzena izan ohi dute. Nire ustez, kultura ez da gastua, etorkizunera begira egindako inbertsio onenetarikoa baizik. Gobernu berriko kultura arduradunek ideia hori sustatzea espero dut.

2. Zinemagintzak eta ikus-entzunezko jarduerak gure kultura eta ekonomiaren sektore estrategikoa osatzen dutela uste dut. Adierazpen artistikoa eta sormenezkoa diren aldetik, herrialde baten kultura nortasuna eraikitzeko, mantentzeko eta hedatzeko funtsezko tresnak dira. Ez dut mundua beti beste batzuen objektiboko lentearen bitartez ikusi nahi. Euskaldunok ere badaukagu zer kontatu, eta guk geuk kontatu nahi dugu. Hala egiten ez badugu, beste batzuek kontatuko dituzte gure istorioak, edota, okerrago dena, euren istorioak baino ez zaizkigu iritsiko, eta gureak ilunpetan geldituko dira.

3. Azken legealdietan adostutako Kulturaren Euskal Plana abian jartzeko premia dago. Telebista publikoaren eredua berriz definitzea, EITBrako kontratu programa berriaren esparruan. Kultur enpresen euskal institutua sortzea… Oso diru inbertsio handiak egin dira kultur arloko ekipamendu eta azpiegituretan (adreilua) kultur aurrekontuen kontura, baina orain behingoz edukietan inbertitu behar dugu (balio erantsi handiagoa ematen dute, eta errentagarritasun sozial eta ekonomiko handiagoa erakartzen dute).

JOSU CAMARA EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteko lehendakaria

«Kultura ez da tratatu behar komertziorako gai modura»

1. Gobernuan dagoen Kultura arduradunak kulturaren beraren kontzeptua argi eduki beharko luke, aspaldiko urteetan administrazioetatik kultura, kasu gehienetan, objektu modura tratatu da, salmentarako merkantzia bezala. Ahaztu egin dute kultura politika kudeatzaile eta eragile askok kulturak beste kontzeptuekin lotura zuzenagoa duela, hala nola sormen, arte, identitate, nortasun eta horrelakoekin. Kultura hartu, eman eta bizi egin behar da, emozioak sortuz, sentimenduak piztuz, kolektibitate batean partaide garela sentituz. Beraz, kultura ez da tratatu behar komertziorako gai modura, kultura industria eta halako terminoei zilegitasuna eman nahirik, ezta enpresarekin, merkatuarekin, negozio kontzeptuak bultzatzearekin edota diru etekinak lortzeko helburua duten ekimenekin. Hori ez da kultura, are gutxiago gurea moduko herri txiki batean, zeinetan globalizazioaren edo kultura globalizatzailearen erasoen kontra ahulagoak izan gaitezkeen, zeinetan gure nortasuna eta hizkuntzaren iraupena kinka larrian dagoen. Kulturak gu izateko aukera erraztuko digu, gutasun horren barruan beste gu zabalagoetan sartzean oinarrizkoa gal ez dezagun.

2. Ikuspuntu komertzialetik begiratuz gero, gure sektorean, eta zuzenago antzerkian, euskara oztopo baino ez da, euskaraz egindako lan batek merkatu (zirkuitu) murritzagoa izango baitu, eta bezero kopurua ere (ikusleak), txikiagoa. Hori dela eta, zer egin behar du administrazioak? Non jarri behar du bere arreta eta esfortzua? Zer bultzatu behar du, gal ez dadin? Komertzialtasunak mugatzen bagaitu, argi eduki behar dugu kanpokoa beti izango dela komertzialagoa, bitarteko handiagoak baititu hedapenerako. Horri jarri behar zaio muga, gure sormenaren aldeko bultzada gure kulturaren balioetan oinarrituz.

3. Kultura arduretan jarriko diren pertsonak kultur mundukoak izan daitezela, kultur munduan aritutakoak eta ez kudeaketa, enpresa edo politika profesionalean. Beste alde batetik, gobernuak egin beharreko kultur kudeaketa, maila guztietan kulturan ari diren eragileekin etengabeko harremanetan aritu daitezela, eta maila guztietan diot, maila eta arlo horiek osagarriak direlako eta kulturaren iraupenerako elkarren arteko lankidetza ezinbestekoa delako.

IÑAKI MURUA Bertsozale Elkarteko lehendakaria

«Noiz , zenbat eta nola jasoko dugun garaiz jakiteko eskubidea daukagu»

1. Bereziki jabetu behar lukete azken urteetan eman dugun atzerapausoaz, bai euskarazko hedabideen erabileran eta kontsumoan eta baita euskaraz produzitzen denaren prestigioan ere. Gizarteak ez badu sinesten gure kultura euskarazkoa dela eta gure hizkuntza euskara dela ez du erabiltzen, eta liderrek ez badute demostratzen euskaraz bizi direla eta maila eman ordez, hitz egiteko gai ez badira, estropezuka irakurriz, itxura egiteko, gizarteak ez du denborarik eta ahaleginik alferrik galduko.

Horrezaz gain, hezkuntzan eta hizkuntza eskubideetan, oro har, izan den atzerakadari sendotasunez eta ikuspegi eta pentsaera (ahal bada) guztien adostasarekin erantzun behar zaio berehala. Murgiltze ereduak baztertu eta desitxuratzeko ahaleginen kontra, zirrikitu denak itxi behar dira.

2. Bertsolaritzari ere, beste sektore askori bezala, murrizketak koskada galanta eman dio. Badakigu giroa ez dela berehala aldatuko, baina administrazioak dituen ajeak sendatzeko garaia da, eta burokrazia soiltzeko, alferrikako lanak (gastuak) saihesteko, kobratzean bai eta ordaintzean epeak ez betetzeko… Noiz, zenbat eta nola jasoko dugun (jasoko badugu) garaiz jakiteko beharra eta eskubidea dugu, urteko jarduera antolaketa aurreikus dezagun eta bitarteko egokienez osatu.

Eta, gainera, bertsolaritza kultur ekintza delako, sormena eta artelana ere badelako, hezkuntzan ere ekarpenak egiten ari garelako, eta abar. Euskara Sailaren eskutik urteetan jaso duguna ahaztu gabe, Kultura eta Hezkuntza sailetan ere badugula zerikusirik aintzat har gaitzaten eta, salbuespenak salbuespen, hitz onak bai baina itxita aurkitu ditugun ate horiek irekitzeko garaia da.

3. Agintari edo arduradunek euskarazko kultur sorkuntzarekiko sentsibilitaterik ez duten lurraldeetan, edo antolaketa aproposik ez dutenetan ere, eragiteko bitartekoak jartzea eta EAErako egiten diren ikerketa, datu bilketa, inkesta eta bestelakoetan, euskararen lurralde osoa kontuan hartzea, ahal den neurrian aurrera egiteko eta aurreratutakoak atzerakorik egin ez dezan bitartekoak jartzeko.

Lana sekula baino gehiago eta dirua aspaldiko gutxiena dagoen garaiotan, itxurakerian eta praktikotasunik gabeko diru xahutzeak saihesteko.

Euskaran oinarrituta eta euskaraz sortzen ditugun ekintza arrakastatsuetan, sinergiak baliatzeko eta enpatiak sortzeko, alor guztien arteko harremanak bideratzea, batzuek egindakoak euskaraz eragiten dihardugun guztion edo ahalik eta gehienon artean onurak sor ditzan.

Kulturako aurrekontuak senide txikia izateari utz diezaiola, benetan sinetsiz eta beste sailetako arduradunei sinetsaraziz, kultura industria izateaz gain, gure izatea ere badela, eta zor zaion mailako diru partida inbertitzeko ausardia izan dezatela.

ANDER ITURRIOTZ EIE Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria

«Aurreko gobernuak adostu zuen kultura planera bueltatuz hasi beharko lukete»

1. Handitik hasita, kulturak daukan funtzio estrategikoa hartu beharko luke aintzat. Esan nahi baita, Ikerketak eta Berrikuntzak daukan garrantzi berbera edo handiagoa duela, nahiz eta beronen emaitzak ezin diren neurtu eta kontrastatu zuzenean. Kultura maila jasoa daukan gizarte batean sortuko dira, seguruenik, proiektu sozial, politiko eta ekonomiko eraginkorrenak. Beraz, izugarrizko okerra litzateke, hegoaldeko estatuan egiten ari direnari jarraiki, kulturari mozketak ezartzea edo kultura pribatizatu nahi izatea.

Hori guztia Euskal Herrian. Euskal kultura badagoela sinetsi beharko genuke, behingoz. Alegia, Euskal Herrian mundua interpretatzeko, balioak hierarkizatzeko modu berezi bat dagoela. Begi edo heziketa estetikoa bultzatu beharko lukete erakundeek, hain zuzen. Ez al dugu mundua txunditu txalaparta soil batekin? Ez al dugu mundua hunkitu harri megalitikoak bizkarrera eramanik?

Eta Euskal Herrian, jakina, Euskal Herriari buruzko kultura eta Euskal Herria helburutzat duen kultura lehenetsi beharko litzateke. Horren barruan dago, euskaraz egiten den kultura, barruan eta leku gorenean. Euskarazko kulturaren balio estrategikoaz ohartu ezean, ez diogu mesede handirik egingo herri honi. Euskal Herria zerbait bada, zerbait izango bada, euskararen herria baita, euskararen herria izango baita.

Zentzu horretan, ulertzen da, gainera, aurreko gobernuak entsaiatu zuen Hiritarren Aldeko Kulturen Plana, edo antzeko zerbait zeritzon simulakro triste hura ez burutu ahal izana. Euskal Herriaz ahantzi beharragatik, estratosfera friki batean geratu ziren. Euskal kultura ezin da definitu, ezin da disolbatu herritar pribatuen igurikimen indibidualetan. Horrek kultura bonuaren politika besterik ez du ahalbidetzen, kontsumoarekin lotzen du kultura, egitura kultural arrotzak indartzen ditu.

Beraz, aurreko gobernuak adostu zuen kultura planera bueltatuz hasi beharko lukete. Eta hura osatu, halaber; estrategikoki egokitu, plan hartan ez baitzen euskarazko kultura behar bezala estimatzen..

2. Gure sektoreak ez du laguntza berezirik behar. Euskal literatura ez da laguntzetatik bizi, libeloren batean salatu nahi izan zenaren aurka. Euskal literaturak hartu duen maila eta lortu duen kalitatea aintzat hartzearekin nahikoa izango litzateke.

Hor daude hainbat elkartek garatzen dituzten programa kontrastatuak. Gurean, Idazleak ikastetxeetan programa, esaterako. Urte askoko esperientzia dago metatuta. Idazle talde bikaina trebatu da bere sorkuntza lanak modu pedagogikoan azaltzen. Egitura hori finkatua dago. Emaitzak ere izan ditu lehenagotik. Euskal literaturak garatu dituen sareei adi egotea besterik ez nuke eskatuko. Borondatea, alegia. Sentiberatasuna. Eta, uste dut, gainerako sektore gehienetan ere horrela dela. Borondatearekin izugarrizko gauzak egiteko gai gara.

3. Lehen esandakoa: euskal kulturaren errealitatea eta dimentsioa zein den ikus dezaten. Eta, hortik aurrera, borondatea. Giza aberearen heziketaz ari gara hitz egiten.

IÑAKI SALVADOR Euskal Musikari Elkartuak-eko kidea

«Arlo ekonomikoan argi geratzen ari da ustezko askatasun hori engainagarria dela»

1. Egungo krisi ekonomikoan, zeina oinarrian balioen krisi sakon bat den, bi zutabe ezinbesteko hartu beharko lirateke kontuan: kulturak balioen hezkuntzan duen balioa, hain zuzen ere, batetik, eta kultura ekintzen errentagarritasuna ondo interpretatzea, bestetik. Interpretazio horrek errentagarritasun ekonomikotik harago jo behar du, nahiz eta hori ere babestu behar den .

2. Merkatu librea izen okerreko esparru horretan irauterik ez duten formatu ertaineko proposamenak zaindu ditzatela. Arlo ekonomikoan garbi geratzen ari da ustezko askatasun hori engainagarria zela, eta espekulazioari bide ematen ziola. Arlo kulturaleko bizio txar onartu horiek zuzendu beharko lirateke.

3. Jarraikitasuna izatea, eragile kultural guztiekin elkarrizketa etengabea izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.