Riga, 2014ko kultur hiriburua (I). Proiektua eta hiria

Kultura, hiria eraldatzeko bide

Sorkuntzan eta artean oinarrituta, gizarte eredu berria eraiki nahi du Rigak, 2014ko Europako kultur hiriburuak. Hiriaren kudeatzaile politikoak aldatu dira izendapena jaso zuenetik, baina proiektu artistikoaren ardatzei eutsi diete egitasmoaren kultur arduradunek.

Letoniarren ohitura eta tradizioek leku handia izan dute Riga 2014ko programazioan. DABI PIEDRA.
Riga
2014ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Letonia herrialde independentea da 1991tik, eta 2004an, Europako Batasunean sartu zen. Bere historia luzean, Itsaso Baltikoaren ertzeko herrialde txikia ez da inoiz horren luzaroan independente izan, 23 urte dagoeneko. Mendez mende inguruko potentzia eta inperioen nahietara makurtuta egon eta gero, letoniarrek beren izaera aldarrikatzeko bideari ekin diote, haien kultura txikiari indarra emanaz, letonierari gizartean prestigioa berreskuratzen lagunduz. Herrialdeko biztanleen herena hiriburuan bizi denez gero, Riga bihurtu da prozesu horretako motorra, urtez urte haziz doan kultur eskaintza aberatsarekin. Ahalegin horren gailurra aurten iritsi da, Europako Kulturaren Hiriburu baita Riga 2014an, Suediako Umea hiriarekin batera.

Indar eraldatzailetzat dute kultura Riga 2014 proiektuko arduradunek, gizarte berria eraikitzeko bitartekotzat. Kultur hiriburuaren programazio zuzendari Aiva Rozenbergak BERRIAri esan dionez, «kultura indar positibo gisa ikusten dugu; pertsonak zein hiriak onerako alda ditzake». Egitasmoaren lelo nagusia frantsesezko Force majeure da. «Egunero hedabideetan ikusten dugu era askotako trabak daudela munduan, ekonomian zein politikan force majeure erako eragozpenak daude; bada, guk, traba horietatik harago joan nahi dugu, sorkuntzaren eta elkarlanaren bidez gainditu nahi ditugu». Rigan, Europan eta munduan, kulturaren zeregina zein den arakatu nahi dute. «Agian ez ditugu erantzun guztiak aurkituko, baina gako batzuk behintzat aterako ditugu».

Sorkuntzaren bidez norbanakoa eta gizartea eraldatzeko zereginean, egitarau oparoa antolatu du aurtengo Europako kultur hiriburuak. Sei ataletan banatu dituzte jarduera guztiak. Ozeano egarriz izenekoan, ezagutzen dugunaren eta ezezagun zaigunaren arteko muga ikertuko dute, artearen bidez. Irudimenez betetako erakusketa, kontzertu eta topaketak programatu dituzte. Askatasun kalea delakoan, Rigaren historia gorabeheratsua nabarmentzen da, eta, hirugarren batean, berriz, Rigako auzoak aintzat hartzen dira. Bizirik irauteko kit-a izenekoa, egunerokoari aurre egiteko irtenbide sormenezkoen bilduma da. Bosgarren atalean, anbarak herrialde baltikoetako mundu ikuskeran izan duen pisua aztertzen da, eta kulturaren bidez bizipoza lortzeko bideak jorratzen ditu Rigako Inauteria atalak. Orotara, ehunka ekitaldi artistiko, erakusketa eta ospakizun daude egitarauan. «Kultura zentzu zabalean ulertzen dugu, sorkuntza eta herritarren parte hartzea dira programaren ardatzak».

Urteko jardunaldi nagusietako bat Munduko Abesbatzen Topaketa izango da, uztailean. Zortzigarren ekitaldia izango du, baina, Riga aurten Europako Kulturaren erdigunea dela baliatuta, beste dimentsio bat emango diote. Antolatzaileek 20.000 partaide espero dituzte, mundu zabaleko dozenaka abesbatza gonbidatu baitituzte. «Letoniarrak gauden lekuan beti izango da kantatzeko abagunea; gure izaeraren funtsezko osagaia da kantua», azaldu du Rozenbergak. Programazioaren inspirazio iturri garrantzitsuenetako bat Letoniako tradizioak dira. Hala, kantuak eta musikak bakarrik ez, antzinako letoniarrengandik jasotako ohiturek ere badute tokia, udako solstizioko ospakizunak lekuko, ekainaren amaieran. «Gure solstizioaren jaia nola ospatzen dugun erakutsiko diogu munduari, eta Europako beste kulturak egun horretan nolako tradizioak dituzten erakustera gonbidatuko ditugu».

Audientzia berriak

Letoniak, eta bereziki Riga hiriburuak, gero eta bisitari gehiago hartzen dituzte. Rozenbergaren esanetan, «audientzia berriak lortu nahi ditugu; kulturaren bidez gugana hurbilduko den jendea erakarri nahi dugu». Turismoaren alorrean ari direnek badute itxaropena. «Riga ez da oso handia, eta horrelako ekintzak behar ditu; proiektuari esker, seguruenez kanpotar askok jakingo dute badela Letonia izeneko herrialde bat», esan du Christenek, Rigako alde zaharreko hotel bateko harreratik. Hiriko txokorik erakargarrienetan, turisten joan-etorria etengabekoa da, negu luzearen ondorengo eguzki printza epelek lagunduta. Hala ere, oroigarri dendetako arduradun gehienen ustez, turista kopurua aurreko urteetakoaren parekoa da. Baltu Rota artisautza tailerrean, San Pedroko eliza ikusgarriaren itzalean, antzinako letoniar eta livoniar tribuen objektuen erakusketa jarri dute, kultur hiriburuaren antolakuntzarekin lankidetzan. Dendako arduradun Anda eta Linda gazteek sumatu dute bisitariek badutela proiektuaren berri, baina ez omen dute aparteko gorakadarik igarri.

Baltu Rotakoak pozik daude, Riga 2014 proiektuak artisauen lana aintzat hartu duelako, «anbararekin lotutako gauza asko egiten ari dira, eta horrek mesede egiten digu». Dena dela, Andak eta Lindak diote egitarauan sartu dituzten ekitaldi asko, berez, urtero egiten direla Rigan. Christen, aldiz, diru kontuekin kritiko azaldu da, «egitasmoaren alde nago, baina diru gehiegi gastatu delakoan nago; ezin al zen merkeago egin?», adierazi du hoteleko harreratik: «Jende asko haserre dago, liburutegi berrian milioika euro xahutu dituztelako eraikin bakarra egiteko». Letoniako Liburutegi Nazionala, Gunars Birkerts arkitektoak diseinatua, herrialde osoko jakintzaren bilgunea izango da aurtengo udan inauguratzen dutenean. Proiektuak 163 milioi euroko kostua du, baina lanak atzerapenez amaituko dira eta gastuak gora egingo du ziurrenez.

Herritarrak partaide

«Espero dut etorkizunean gastu horrek guztiak merezi izan duela ikustea», esan du Christenek, kritikak albo batera utzita: «Nik ekitaldi batzuetan parte hartu dut, eta gustura ibili naiz; uste dut kultur hiriburu izatea positiboa izango dela». Daugava ibaiaren ertzean atondu duten pasealeku berria da gehien gustatu zaion egitasmoa, «oso atsegina da, Rigan bizi garenontzat aproposa».

Urte erdia beteta, Rozenberga programa arduraduna hasierako balantze bat egitera ausartu da: «Esango nuke arrakasta izan dugula, emaitzak ikus ditzakegu; hiriko komunitateetan jardun artistikoak agertu dira, eta parte hartzea areagotu da». Kultur hiriburuaren egitasmoa herritarren egunerokoan sartu dela deritzo Rozenbergak, «beren partaidetzak balioa duela ikusi du jendeak». Helburua kulturaren bidez pertsonak eraldatzea da, «pertsonak ingurunea aldatzen du gero, eta, hala, beste giro bat sortzen hasten da hirian». Era berean, hurrengo urteetarako erronka dute: aurten lortutakoa mantentzea, ez dadila urte bakarreko esperientzia bakan bat izan. Rigako kultur arduradunek begiz jota daukate 2018a, Letoniak lehenengo aldiz independentzia lortu zueneko mendeurrena. Urte horretako Liburuaren Nazioarteko Hiriburu izateko hautagai dira, aurtengo ekitaldien bultzada lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.