«Kultura egunero egiten da»

Tabakalerak irailean irekiko ditu ateak, bideo sormenari buruzko erakusketa batekin.Ane Rodriguez zuzendariaren iritziz, eraikinari bizia eman behar zaio, «baina ez soilik artearen esparrutik»

Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendari kulturala, eraikineko 0 solairuko erabilera anitzeko aretoa egongo den tokian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2015eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Badaezpada ere, «ez ahazteko», gogorarazi nahi du sorkuntza garaikideari zuzendutako gunea dela Tabakalera Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa. Dena den, kultura zentzurik zabalenean ulertzearen aldekoa da Ane Rodriguez proiektuaren zuzendari kulturala (Hernani, Gipuzkoa 1978). «Kultura egunero egiten den zerbait da; ez da bakarrik zazpi arteak». Saihestu nahi du, beraz, Tabakalera «elitista» kontsideratua izatea. «Espazio horri bizia eman behar zaio, eta ez soilik arte esparrutik». Kultura beste modu batean ulertuta, alegia. Badaki zein bide jarraituko duten horretarako: «Hezkuntza proiektu handi bat jorratuko dugu, publiko anitz erakarri ahal izateko». Zaharberritze lanetako epeak betetzen baldin badituzte, behintzat, eraikinak irail hasieran irekiko ditu ateak, bideo sormenari buruzko erakusketa batekin.

Obrak uztailaren 31rako egongo dira bukatuta, «printzipioz», Rodriguezen esanetan; gero, abuztuan, eraikinaren espazioak—26.000 metro koadro— teknikoki hornituko dituzte. Ofizialki inauguratu aurretik, jendeari eraikina barrutik ikusteko aukera ematea zen Tabakalerakoen asmoa, baina azkenean ez da hala izango. «Dena den, irekiera ofizialaren aurreko hiruzpalau egunetan bisita gidatuak aktibatu nahi ditugu». Orain arte hilero egin dira, eta datorren ostiralean ere izango da, azken aldiz. «Guretzako garrantzitsua da eraikina bere hutsean ere ulertzea».

Beste lau «bizilagunekin» partekatuko du eraikina Tabakalera proiektuak: Kutxa Fundazioarekin, Etxepare Institutuarekin, Donostiako Zinemaldiarekin eta Euskadiko Filmategiarekin. Rodriguezen hitzetan, haiekin lanean ari dira, jakiteko noiz aktibatuko dituzten espazioak, noiz egin bulegoen lekualdaketa... Iraila eta abendua artean gauzatuko da kultura garaikidearen nazioarteko zentroaren irekiera, «pixkanaka».

Kutxak, esaterako, joan den otsailean jakinarazi zuen 5.600 metro koadro izango dituela erabilgarri eraikinean —tartean, adibidez, 900 metro koadro, bi solairuko erakusketa areto bat, eta erabilera anitzeko espazio bat—, eta bere kultur ekoizpenaren kokagunea izango dela. Fundazioaren lehen jarduera artista garaikide gipuzkoarren obrarekin osatutako mostra handi bat izango da, udazkenean zabalduko dutena.

Tabakalerak irailean aktibatuko du bere programazioa. «Lehen aste bukaeran, aipatu erakusketa, zinema aretoko emanaldiak, laborategiak....». Hil horren erdialdean, sortzaileentzako espazioek irekiko dituzte ateak, eta, bukaeran, Ubik Mediatekak. Eraikineko espazio handiena da hori, 2.100 metro koadrorekin.

Ordurako Apología-Antología, 50 años de video creación en el estado español erakusketa egongo da ikusgai. «Proiektu bat da, eta bi urte daramatzagu hori lantzen Hamaca Bartzelonako bideo arte eta arte elektronikoen banaketa enpresarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin», azaldu du Rodriguezek. Bost lerro lantzen ditu, eta beste horrenbeste komisario dauzka: Aimar Arriola, Fito Rodriguez, Neus Miro, Eugeni Bonet eta Gonzalo de Pedro. «Horretan lanean ari ginela, konturatu ginen erakusketa bat ere egin zitekeela. Hemengo zein kanpoko hainbat artistak parte hartuko du». Ez da kasualitatea irailean antolatu izana. Rodriguezek pentsatzen du Donostiako Zinemaldira datorren jendeak horretan interesa izan dezakeela.

Erakusketa horri beste batek hartuko dio txanda. «Hemengo artisten lanekin osatutakoa izango da». Ez du beste ezer aurreratu Rodriguezek; abenduan zabalduko dutela, Peio Agirrek eta Beatriz Herraezek komisariatuko dutela, eta «laster» jakinaraziko dituztela artisten izenak. Oraingoz programatuta dituzten bi erakusketak Tabakalerak eraikinean daukan erakusketa aretoan egingo dira, 0 solairuan.

Bizilagunen elkarbizitza

Eraikineko beste bizilagunek ere toki erabilgarri dezente daukate, eta Rodriguezek haien arteko elkarbizitza jorratzeko egindako saioak nabarmenduko lituzke. Batetik, funtzionamenduaren inguruko kontu pragmatikoez mintzatu dira; eta, bestetik, edukiez. «Azken alderdi horri dagokionez, ahaleginduko gara etengabeko elkarrizketa bat edukitzen gure artean, gauzak ez errepikatzeko eta bakoitzaren espazioa zehazteko». Iruditzen zaio ekarpena anitza izango dela, eta bataren edo bestearen proposamenak ez direla kontrajarrita egongo. «Nahasketa hori, gainera, oso aberasgarria da». Komunikazioaren arloari heltzea falta zaie; hau da, zer eta nola kontatu nahi duten adostea. «Argi daukagu bakoitzak bere marka eta nortasuna dituela, baina gure arteko elkarbizitzak balio gehigarri bat ematen dio proiektuari». Ikusi nahi dute, hortaz, zein etekin atera nahi dioten horri. Tabakaleraren lan taldeko pertsona batek hori aztertuko du. «Pertsona horren figura klabea izango da denen arteko harremanak mantentzeko».

Rodriguezek dio denek daukatela argi zein den proiektu kulturalaren ardatza: sorkuntzaren eta artearen profesionalizazioa bultzatzea. «Gogoeta ere hauspotu nahi dugu, baina beste hainbat metro karratu daude beste molde bateko kultura jorratzeko». Badaki, ordea, elitista izatearen etiketa-edo jarri izan zaiola Tabakalerari. «Jabetzen naiz halako zentro batek eduki ditzakeen mugez —eta ez naiz Donostiakoaz bakarrik ari— eta guk, askotan, izan ditzakegun aurreiritziez». Bi hitz lotzean sortzen dira, bere aburuz: artea eta garaikidea. «Burua nahasten zaigu, eta geure artean pentsatzen dugu: 'hau ez da guretzat'». Hori oso presente dauka orain bi urte eta erdi kargura heldu zenetik. Tabakaleraren gisako beste espazio batzuk ezagutzen ditu, eta badaki zertaz ari den. «Baina artea beste modu batera bizi daitekeela pentsatzen dut, eta horretan ari naiz lanean».

Hezkuntza proiektua

Hezkuntza proiektu batekin irauli nahi dute herritarren artean egon daitekeen inpresio hori. Auzoko hiru ikastetxetan, Egian, zortzi hilabeteko iraupena eduki duen proiektu bat garatu dute, adibidez, bederatzi-hamar urteko haurrekin. «Elkar ezagutzak sendotzen ditu konfiantzaren lokarriak. Gauzak atondu egin behar dira. Erakusketa batek, agian, laguntza behar du, baina dena azaltzen dizun gida bat ez da, agian, lagungarriena». Elkarrizketa bat jorratzeko ireki ahal diren bideak iruditzen zaizkio egokiagoak. «Gure proposamena ez baita estatikoa. Beraz, oso garrantzitsuak dira harremanak eta parte hartzea». Proposatutako sinergia horren eredu gisa jarri du, esaterako, Mostolesko (Espainia) CA2M guneak lortutakoak. «Han [Madrilen aldirietan] halako zentro bat garatzea oso zaila da, baina egoera iraultzeko gai izan dira planteaturiko ekintzekin-eta».

Ostatu lekuak eraikitzeko toki dezente erreserbatu dute eraikineko bost solairuetako lautan. Hasieran, Tabakalera sorkuntza zentroen sarean txertatzeko eta kanpoko jendea erakartzeko intentzioarekin, espazio guztia artisten egonaldietarako baliatu nahi zuten. Baina joan zen udan azterketa sakon bat egin eta gero, konturatu ziren konplexua dela gisa horretara gauzatzea eta, aldi berean, bideragarria izatea ekonomikoki. Ikusteke dago, hortaz, nola beteko diren 2.400 metro koadro horiek. «Guk lizitazioan eskatu dugu solairu bat, behintzat, zazpi-zortzi apartamentu edukiko dituena artisten egonaldietarako». Enpresa pribatu batek kudeatuko du eremu hori, «baina guk bermatuko dugu horren okupazioa». Eta gainerako ostatu lekuak? «Eskaintzak jasotzeko epea joan zen astean itxi zen, eta hilabete bat edo biren buruan jakingo da zer izango den: hotela, ostatua, apartahotela... Baita nork kudeatuko duen ere». Gauza bera gertatzen da -1 solairuko kafetegiarekin eta «prisman», eraikineko puntu gorenean —bista ikusgarriak dauzka—, zabalduko duten jatetxearekin. «Baina lizitazioko zenbait puntutan eskatu dugu eskainiko den zerbitzua izan dadila bereizgarria, parte har dezala Tabakaleraren ekosisteman, ustiatuko dutenek jakin dezatela leku berezi batean daudela». Ostatu lekuen kasuan hala egin behar izateak pena eman dio Rodriguezi. Dena den, ziur dago proposamenak onak izango direla eta ez dela ekosistema hautsiko.

Sentitzen du, jada, eraikina zabalik ikusteko gogoa —oraindik ez dago erabakita zein kolore edukiko duen fatxadak—; «eta beharra ere badaukagu». Eraikina harekin batera bisitatuz, nabaritzen zaio baduela grina eta ilusio hori. Izan ere, orain arte «maila teorikoan» pentsatu dutela dio. Pentsatutakoa, sukaldean egositakoa, praktikara eramateko unea helduko zaie laster. «Tabakalerak proiektu klabe bat izan beharra dauka, eta ez soilik lurraldearentzako». Kultura egunero egiten dela frogatzeko gune bat behar du izan, Rodriguezen iritziz.

@Erakineko espazioen banaketa ikusteko, jo helbide honetara:

www.berria.eus/dokumentuak/dokumentua1425.pdf
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.