Kultura garaikidea iritsi ohi ez den lekuetara eramatea, leku horietako jendea hirigintzaz hausnartzera bultzatzea, eta espazio publikoa aktibatu eta aldarrikatzea. Helburu horiek laburbiltzen dute Orekari estudioak Salome Wackernagel arkitektoarekin lankidetzan sortu duen Periferia birpentsatuz izeneko proiektua. Erakusketa batean islatu dute egitasmoa, baina erakusketa bat baino gehiago da: hirigintza proiektu oso bat da, Iruñerriko periferiak «aztertzea, berreskuratzea eta birdefinitzea» bilatzen duena.
Iruñerriko kanpoaldeko hiru auzo eta herritan landu dute proiektua; prozesua eta emaitza, berriz, hiriaren erdigunera eraman dituzte, Ziudadelako Mistoen Aretora. Ekainaren 27ra arteegongo da ikusgai. Hitzaldiak ere antolatu dituzte. Proiektuak Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren eta Nafarroako Kutxa fundazioaren zein La Caixa fundazioaren babesa jaso du.
Erakusketak Uharte herrian, eta Etxabakoitz zein Lezkairu auzoetan garatutako prozesuak eta horien emaitzak erakusten ditu. Uharteko Arte Garaikideko Zentroan abiatu zen guztia. Orekari estudioko kideek arte egonaldi bat egin zuten han, eta zentroak behar bat azaldu zien: eraikinak zituen premiak eta aukerak berrikusteko garaia zen, bertako komunitatearekin hartu-eman zabalago eta jarraituagoan oinarritutako erabilerak sustatzeko.
«Zentrokoek aztertu nahi zuten herritarrak zergatik ez ziren joaten hara, zergatik ziren arrotzak eraikina eta erakundea herritarrentzat, eta harreman hori nola garatzen ahal zen; zer pauso ematen ahal ziren hori hobetzeko», azaldu du estudio horretako Ioar Cabodevilla arkitektoak. Hori jasota, topagune bat sortzeko premia zegoela ondorioztatu zuten, zentroaren, artisten eta herrien arteko loturak sortzeko. «Zentroa herriarengana hurbildu behar zela, alegia».
Hainbat tailer egin zituzten bertako jendearekin, eta, horietatik abiatuta, arkitektura pieza batzuk sortu zituzten, totem batzuk, zehazki; «Uharte zentroaren eranskin edo satelite modukoak, zentroa herriko plazara edo edozein lekutara mugitu ahal izateko». Formak sortzean, zentroaren kontrakoa izatea erabaki zuten: «Eraikina oso hermetikoa da, eta guk zerbait irekia bilatzen genuen, gardena». Orain, Uharteko edozein elkartek erabil ditzake totemak bere kultur jarduerak egitean, eta edonork identifikatzen ahalko ditu.
Prozesu hori garatzen ari zirela, zenbait galderaren inguruan gogoeta egiten hasi ziren: «Non gertatzen da kultura? Zergatik ixten dugu beti lau paretaren artean? Zergatik pentsatzen dugu beti hiriaren erdigunean gertatuko dela?». Gogoeta horietatik abiatuta, proiektua beste toki batzuetara zabaltzea erabaki zuten.
Hurrengoa Etxabakoitzen egin zuten, auzo «urruna» delako. «Urruna, zentzu guztietan: Iruñeko erdigunetik aldendua dago, eta arreta eta zaintza behar ditu». Toki guztietan metodologia bera erabili zuten: aurretik lantegiak eta pasealdiak egin zituzten toki bakoitzean, auzokideak ezagutzeko, eta haien bitartez auzoa; eta, ondoren, elementu arkitektonikoa sortzeko eta aktibatzeko tailerrak. «Han konturatu ginen jende asko zegoela kalean, baina ez zutela elkartzeko topagune finko eta estalirik», azaldu du Cabodevillak. Gutxi gorabehera, Uharten gertatzen zenaren kontrakoa, beraz. Behar hori identifikatua, burbuila erraldoi bat egitea erabaki zuten, edozein jarduera bertan egin ahal izateko. Eraikuntza prozesua parte hartzailea izan zen.
Hirugarren eremua Lezkairu izan zen, «eraikitzen ari diren eta lurraldearekiko atxikimendu gutxiko biztanleria duen» auzo bat. Auzo horretan, poliedro erraldoi batzuk eraiki zituzten: edozein proiektu kultural eta artistikorako «atze-oihal» gisara baliatu daitezke, eta, bide batez , eremu horretan hain ugariak diren orube abandonatuak «birsortzeko». «Helburua da auzoa identifikaturik sentitzea objektu horiekin, eta artearekin eta kulturarekin lotzea». Eraikuntza bakoitza sortu ondoren, «aktibazio prozesua» egiten dute: «Artistak deitzen ditugu, eta bakoitzak kultur jarduera parte hartzaile bat egiten du, arkitektura efimero hori erabilita. Azken finean, objektua tresna edo aitzakia bat da, beste guztia gerta dadin».
Bi erakusketa, batean
Erakusketan hiru eremu bereizi dituzte, egitasmoa gauzatu duten hiru tokiei dagozkienak, eta prozesua islatzen duten zenbait irudi, panel eta ikus-entzunezko pieza jarri dituzte ikusgai. Horrekin batera, aretoaren zati batean zein kanpoaldean jarri dituzte toki bakoitzean sortutako arkitektura elementuak: totema, burbuila erraldoia eta poliedroak.
Erakusketak irauten duen bitartean, «gogoetarako eta pentsamendurako gune bat» zabaltzen ari dira ostegunero. Hilaren 10ean, Francesco Carreri arkitekto italiarrak parte hartuko du, eta, 17an, bi hitzaldi egongo dira: batean, Maria Arana Urbanbat estudioko kidea mintzatuko da; eta, bestean, berriz, Irene F. Garijo eta Javier Peña, Concentrico arkitektura jaialdiko antolatzaileak.
Kultura, auzoa berrasmatzeko
Orekari estudioak 'Periferia birpentsatu' proiektua garatu du Iruñerriko hiru herri eta auzotan, kultura gune horietara eramateko. Prozesua Iruñeko erdigunean dago ikusgai: Ziudadelan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu