Begien pare-parean, zein urrunean. Hastekoa den urtea kultur ekitaldiz betea izanen da, goitik behera. Joan diren bi urteetan, izurritearen ondorioz ezarritako mugek ez zuten uzten begirada gehiegi hedatzen, eta batik bat kultur eragileek ezinbestean ikasi behar izan zuten lezio bat: ez aurrerik hartu, ezin baita jakin kolpea noiz etorriko den. Orain, urteko egitarauak ikusirik, izuek uxatuak dirudite. Musika jaialdi mordoa, artista esanguratsu ugariren erakusketak Euskal Herrian, herriz herri ibiliko diren ikuskizunak... Kabitu ezinik dago 2023a.
MUSIKA
Urtea hasi bezain laster izanen du behin betiko amaiera Hertzainak taldearen ibilbideak. Zaleei agur esateko, Azkena gure alde iragarri zuten kideek, eta urtarrilaren 6an eginen dute azken kontzertua, Gasteizko Mendizabalan —sarrerak abenduaren 26an bukatu ziren—. Abenduaren 16an eta 17an Barakaldoko (Bizkaia) BECen aritu zen Hertzainak, eta erakustazoka mukuru bete zen bi aldietan. Horietan bezala, Iñaki Igon Garitaonandia Gari, Josu Zabala eta Luis Javier Saiz Txanpi arituko dira. Jakinarazi dute hainbat gonbidatu ere izanen direla oholtzan. Hala nola Joseba Irazoki, Ruper Ordorika eta Miren Narbaiza.
Ohi denez, udaberrian hasiko dira loratzen musika jaialdiak. Aurten, asteburu berean izanen dira bi: Iruña Rock martxoaren 31n eta apirilaren 1ean eginen dute, eta ZEID Zeinen Ederra Izango Den festibalaren bigarren aldia, apirilaren 1ean, BECen. Jadanik emanak dituzte horietan arituko diren zenbait artistaren izenak. Su Ta Gar, Liher eta Natos y Waor taldeek Iruñean joko dute; Kerobiak, Olaia Inziartek eta Samanta Hudsonek, ZEIDen.
Gasteizko Azkena Rock jaialdiak ere badu data dagoeneko: ekainaren 15etik 17ra bitarte izanen da. Jaialdiak 21. aldia izanen du 2023an, eta 30 bat taldek emanen dituzte kontzertuak. The Pretenders da karteleko izarretako bat; inoiz ez dira aritu Azkenan.
Ohi bezala, EHZ Euskal Herria Zuzenean festibalak irekiko dio atea uztailari. Ekainaren 30ean hasiko da, eta uztailaren 2an bukatuko. Haren ondotik, segidan ailegatuko da hurrengo topaketa, eta errenkadan ondokoa. Gasteizko Jazzaldia uztailaren 3tik 9ra eginen dute, eta hori artean bukatu gabe izanen delarik hasiko da BBK Live, Kobetamendin: hilaren 6tik 8ra eginen dute. Horretarako, Arctic Monkeys, Duki, The Chemical Brothers eta beste 39 talde iragarri dituzte oraingoz.
Jazzaren bigarren ekitaldi nagusia ere uztailean izanen da, atzera. Uztailaren 21etik 25era eginen dute Donostiako 58. Jazzaldia. Antolatzaileen esanetan, «urteetako helburu» izan den bat erdietsiko da orduan: Norah Jones abeslaria egitarauan izatea.
ZINEMA
Ohitura denez, zinemazaleek Euskal Herriko mugez haraindira bihurtu beharko dituzte begiak urteko lehenbiziko hilabeteetan. Aurrena, Beverly Hillsera (AEB). Urrezko Globoak izanen dira bertan, urtarrilaren 11n.
Handik hilabetera, otsailaren 11n, Goya sariak emanen dituzte Espainian, eta, hain zuzen ere, sariketa horretan garaikurrak jasotzeko izendatuak dira euskarazko bi film, bai eta euskal herritar batek zuzendutako erdal film bat ere —Alauda Ruiz de Azua zuzendari barakaldarraren Cinco lobitos—. Fermin Muguruzaren Ainhoa: Black is beltza 2 filmak animaziozko film luze onenaren saria jaso dezake. Paul Urkijoren Irati lana, berriz, bost Goya jasotzeko hautagai da; gidoi egokiturik onenarena, ikusizko efekturik hoberenena, jantzi diseinu onenarena, kanturik hoberenarena eta jatorrizko musika hoberena.
Jadanik hainbat garaikur irabazi baditu ere, orain arte soilik jaialdi batzuetan izan da Irati ikusgai. Otsailaren 24an estreinatuko da zinema aretoetan.
Martxoaren 12an emanen dituzte 2023ko Oscar sariak; Los Angelesen (AEB), ohi denez. Dena dela, urtarrilaren 24an plazaratuko dute izendatuen zerrenda.
Zinemazaleak Euskal Herriko jaialdi eta sariketa gogoz ere izanen dira 2023an, eta izanen dute egarri hori zerekin asetu. Besteak beste, Zinegoak LGTBI zinema eta arte eszenikoen jaialdia ekainaren 26tik uztailaren 1era bitarte eginen da Bilbon. Gainera, festibalak urteurren biribila izanen du 2023an. 20. aldiz antolatuko dute.
Halaber, udaberri betean Ikuspuntu Nafarroako zinema dokumentalaren jaialdiari eta Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumentalen festibalari helduko zaie txanda. Ikuspuntu apirilaren 27tik maiatzaren lehenbizikora eginen dute, Iruñean. Dock of the Bay, maiatzaren 1etik 6ra.
Donostiako Zinemaldiak 70. aldia izan du 2022an, eta berebiziko oihartzuna erdietsi zuen. Hala eta guztiz, urteurrenaren ondokoan ere ez dira ibiliko huskeriatan. Irailaren 22tik 30era eginen dute jaialdia, eta askotariko jarduerak antolatu dituzte aldez aurrerako ere.
Besteak beste, eutsi eginen diote 2020an abiatutako Zinemaldia Plus egitasmoari. Eskaintza urte osora zabaltzea izanen da helburu nagusia, atzera ere. Hilabetean proiekzio bat emanen dute, zehazki, eta solasaldiak ere izanen dira zenbaitetan. Adibidez, urtarrilean Nest film laburren nazioarteko lehiaketako irabazle Montaña azul lana izanen da ikusgai. Lana Sofia Salinas eta David Bohorquez kolonbiarrek egina da.
LITERATURA
(H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astea urtarrilaren 23tik 29ra eginen da, Baztanen (Nafarroa). Besteak beste, Eneko Barberenak, Joseba Sarrionandiak, Jon Alonsok, Mikel Alvarezek, Gaizka Ugaldek eta Ruper Ordorikak parte hartuko dute ekitaldietan, eta mahai ingurua ere izanen da, Garazi Arrula eta Garazi Ugalderekin, Amaia Apalauzak gidatuta.
Kasik urtebeteko itxaronaldia falta da oraindik ere, baina, urtero egin bezala, Durangoko Azokak dagokion aldia bukatu eta ziztuan iragarri zituen hurrengoaren datak: 2023. urtean, abenduaren 6tik 10era eginen da.
BERTSOLARITZA
Bertsoak goitik behera blaitutako urtea izan da 2022a; udazkena, batik bat. Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioek erdiz erdi baldintzatu dute egutegia, otsailaren 24tik abenduaren 18ra. Urtebeteko atzerapenez egin zen txapelketa, eta, beraz, tartean kasik hutsunerik utzi gabe eginen zaie leku zenbait herrialdetako txapelketei. Aurten dira egitekoak Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherako Taldekako Xilaba Bertsolari txapelketa; udazkenerako espero dira horiek guztiak, Bizkaikoaren lehen fasea salbu. Halaber, Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa ere izanen da 2023an. Datozen asteotan emanen dituzte haren gaineko xehetasunak.
Gainera, beste behin, lehiatik kanpo ere bertsolaritzaz gozarazteko asmotan, Bertsozale Elkarteak Bertso Eguna antolatu du urtarrilaren hondarrerako. Hilaren 28an eginen dute, Azpeitian (Gipuzkoa). Azaroan jakinarazi zutenez, egun osoko egitaraua ondu dute. Antolatzaileek emandako informazioaren arabera, askotariko saioak izanen dira: libreko saioak, gaiekin osatutakoa eta bertso saio musikatua. Guztira, hogeitik gora bertsolari ariko dira kantuan.
ARTE ESZENIKOAK
Urtero egiten diren antzerki jaialdiez harago, jadanik iragarriak dira 2023. urtearen hasieran izanen diren zenbait estreinaldi aipagarri. Adibidez, Tentazioa konpainiak Ez naiz inoiz Dublinen egon antzezlana estreinatuko du Donostiako Antzoki Zaharrean, urtarrilaren 6an. Biharamunean beste emanaldi bat eskainiko dute, eta, ondoko astean, Bilboko Arriagak hartuko du obra; hilaren 10ean eta 11n, zehazki.
Halaber, euskarazko beste antzezlan bat ere aurrenekoz taularatuko dute aste horretan berean: Txalo Produkzioak konpainiak Hobe ixilik! lana estreinatuko du urtarrilaren 13an Hondarribian (Gipuzkoa). Itziar Ituño eta Ramon Agirre dira antzezlanaren protagonistak.
Bada antzerkizaleek buruan ederki gordea duten data bat: martxoaren 27a. Egun horretan izaten da, urtero, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna, eta, hain zuzen ere horregatik, orduan egiten da Donostia Antzerki Sariaren ekitaldia. Aurten ere, ez da izanen hutsik. Irabazleari garaikurra emanen diote, eta interpretatu ere eginen dute aitortza jaso duen obra, Viktoria Eugenia antzokian.
Bistan da: usadio askoren guztizko itzulera garaia izanen da 2023a. Bi urtez birusak guztiz baldintzaturik jardun ondotik, maskaradak ohiko datetan eginen dituzte: urtarrilaren 15ean hasiko dituzte, eta apirilaren 22an bukatu. Aldi honetan, Maule-Lextarreko gazteek paratuko dituzte maskaradak, eta, lau hilabetean, asteburuz asteburu, hamabost emanaldi eginen dituzte. Bai lehenbizikoa, bai azkena Maulen eginen dituzte; Lextarreko plazan aurrenekoa, Maule gaineko arrabotuan apirilekoa.
ARTE PLASTIKOAK
Begietaratzeko erakusketa ugari dakartza 2023ak Euskal Herrian. Zenbait museok oraindik ez dituzte jakinarazi datozen hamabi hilabeteetan hartuko dituzten lanak, baina aurreratu dituzte hainbat. Esaterako, Tabakaleran, Evil Eye. Optikaren eta balistikaren historia paraleloa erakusketa izanen da ikusgai urtarrilaren 18tik ekainaren 4ra. Gainera, segidan, ekainetik aurrera, That Time. Artearen garaiak erakusketa hartuko du museoak. Bilboko Arte Ederren museoarekin eginiko akordio baten bidez erdietsi du bilduma hori Donostian izatea ikusgai —Bilbokoa museoa berritzeko lanetan dela medio egin dute akordioa—. 60 obra baino gehiago jasoko dira bilduman.
Halaber, Artiumek ere jakinarazi ditu urte hasierarako zenbait asmo: Rafael Lafuente artista garaikidearen bilduma hartuko du urtarrilean.
Otsailean, Guggenheim museoak Joan Miro. Errealitate absolutoa. Paris 1920-1945 erakusketa irekiko du; martxoan, Oskar Kokoschka artista austriarraren bilduma bat; eta, ekainean, Yayoi Kusama artista eta idazle japoniarraren atzera begirako bat. Edonola ere, Guggenheimek irailean hartuko du 2023an espero den bilduma esanguratsuenetako bat: Picasso. Materia eta gorputzaerakusketa. Hain justu, urteurren biribil baten harira zabalduko du bilduma museoak. Apirilean beteko dira 50 urte artista espainiarra hil zenetik.
Kultur urtea begiradapean
Izurritearen estualdia laxatu ahala arindu zaizkio min asko kultur sektoreari 2022an. Orain, 2023ari so egitea dagokio, eta badu hori aurreko bi urteetan baino baikorrago egiterik. Trabak bazter utzirik, ekitaldiz beteak dira datozen hilabeteak; bada non aukeratu. Baita non gozatu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu