Kultura sustatzeko eta dibulgatzeko lanean ibilbide luzea egin zuen Leopoldo Zugaza Fernandezek (Durango, Bizkaia, 1932). Gerediaga elkartearen sortzaileen artean egon zen 1965ean, eta frankismo betean sustatu zuen Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Jose Luis Lizundia Gerediaga elkarteko kide eta azokaren sortzaile taldeko kideak BERRIAri gogoratuaren arabera, Zugazarena izan zen azoka sortzeko ideia: «Zugazarena izan zen ekimen hori. Gerra aurretik, errepublika garaian, Gasteizen egin zen liburu azoka bat. Eta Leopoldok hura azaldu zigun elkartea sortu genuen kideoi. 1965eko azokarena euskalgintzan zebilen jendeak ez zuen espero». Atzo zendu zen Zugaza, 90 urte zituela.
Arte garaikideko lehen erakusketak ere Zugazak antolatu zituen. 1970ean, Durangoko Udal Kultura Aretoak bultzatu zituen, hurrengo 25 urteetan Euskal Eskolako ordezkari nagusiak eta promesa gazteak hartu zituztenak, Euskal Herrian abangoardia sortzeko ezinbesteko erreferentzia bilakatzeraino. 1978tik aurrera, erreferentziazko egitasmo eta erakusketa gune ugari, ikerketa bekak eta argitalpenak jarri zituen abian, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren Kultura Saileko arduradun zela.
Bestalde, Bilboko Arte Ederren Museoaren Patronatuko lehendakariorde gisa, erakundea handitzeko eta modernizatzeko proiektuaren buru izan zen. Horretarako, funtsak berregituratu, erakusketa programazio berri bat egin eta erosketa politika sustatu zituen. Hainbat museo erakunderen sorkuntza ere bultzatu zuen, hala nola Durangoko Arte eta Historia Museoarena, Gernikako Euskal Herria Museoarena eta Zarauzko Photomuseumarena. 1981ean, halaber, Arteder arte garaikidearen azoka antolatu zuen.
Labayru Institutuko, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko eta Eusko Ikaskuntzako kide ere izan zen Zugaza, eta azken urteotan Manuel de Larramendi Institutu Bibliografikoa eta De re bibliographica aldizkaria sortzeko lanetan jardun izan zuen.
Egindako lanaren aitortza
Eusko Ikaskuntzako ohorezko kide izendatu zuten 2006an, eta hainbat sari jaso izan zituen bere ibilbidean, tartean, Durangoko Azokak bere sortzaileei emandako Argizaiola saria 2015ean, Sabino Arana saria urte berean, Espainiako Urrezko Domina Arte Ederretako Merezimenduari (2016) eta Photoespañak emandako Bartolomee Ros saria (2018).
2020. urtean, halaber, Gure Artea saria eman zion Eusko Jaurlaritzak, Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko modalitatean —Laida Lertxundi eta Pello Irazu artistek jaso zuten saria urte berean—. Epaimahaiak azaldu zuen «Euskadin kultura eta arte plastikoak sei hamarkadatan sustatzearen eta zabaltzearen alde egin duen ibilbide oparoan oinarrituta» hartu zuela saria hari emateko erabakia. «Artearen munduarekin lotutako hainbat elkarte eta erakunderen ekintzaile, editore eta sortzaile izan da Leopoldo Zugaza, eta haren jakin-mina eta lanerako gaitasuna nekaezinak izan dira, hain zuzen ere, bere inguruko kulturaren esparruan aurkitu diren hutsuneak betetzera bultzatu dutenak. Izan ere, artea eta kultura, orokorrean, jendearengana hurbiltzera bideratutako lana da, bai azpiegitura handietatik, bai tokiko espazio txikietatik».
Epaimahaikideen iritziz, «kalitate nabarmena erakutsiz» hartu zuen parte Zugazak kultura artistikoaren balio-katearen fase guztietan: ikerketan, prestakuntzan, sorkuntzan, sustapenean eta banaketan. Horregatik, epaimahaikideen ustez, «euskal arte-sistema garaikidea ezin da ulertu Leopoldo Zugazaren ekimen desberdinen ekarpenik gabe». Kulturari lotutako beste alderdi batzuen artean, «oso zeregin garrantzitsua» izan du arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko bidean, eta «interes berezia» agertu izan du abangoardiako euskal artisten sorkuntza zabaltzeko zereginean.
Edonola ere, editore lana izan zen bere zeregin garrantzitsuenetako bat, eta horregatik ere aitortu zion saria epaimahaiak: «Kultur ekoizpen eta erakusketa-ekimen ia guztiekin batera, oso argitalpen zainduak kaleratu izan ditu, arte plastikoei lotuta arreta berezia jarri izan baitu beti ekoizpen editorialean, eta horren erakusgarri dira hark editatu izandako aldizkariak, katalogoak, azterlan monografikoak eta ikerlanak artistei buruz».
Kultur sustatzaile nekaezina
Leopoldo Zugaza kultur bultzatzailea hil da. Gerediaga elkartea sortu zuen, eta berak zuzendu zuen Durangoko Azoka lehen urteetan. Beste hainbat kultur erakunderen sortzaileen artean ere izan zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu