«Kulturgintzatik bizi daiteke, baldin eta kultur sortzailea ez bazara», horixe da Oihana Iguaran bertsolariak paretan proiektatu duen esaldia, EHUko uda ikastaroetan hitzaldia egiten ari izan den bitartean.
Mintzola ahozko lantegiak antolatutako Pandemia garaiko kulturgintza jardunaldiaren bigarren eguna bost hitzaldirekin eta mahai inguru batekin pasatu da Donostiako Miramar jauregian, 09:00etan hasi eta 13:45ean buka. Iñigo Astizek kazetariaren esperientziaz jardun du; Manex Fuchs antzerkilariak kolapso egoerak deskribatu ditu; musikaren arloko begirada eskaini du Eneritz Furyakek; arteari buruzko gorabeherak aletu ditu Xabier Gantzarainek; bertsolariek bizi izan dituzten zailtasunak eta erronkak kontatu ditu Oihana Iguaranek; eta azkenik, mahai inguruan, bost lagunen arteko solas trukea izan da.
Pandemia urteak bertsolariarengan izan duen eraginaz mintzatu da Iguaran bere hitzaldian. Saiatu da alde askori buruzko jakingarriak ematen: sortzailearen egoera prekarioaz, sormen lanari eman izan zaizkion garrantzi era diferenteez, erakunde publikoen jokabideaz, parekidetasunean apurka egiten ari diren aurrerapenez, pandemiak bertsolari zaharrenei nola eragin dien...
«Gogoeta estrategiko baten erdian harrapatu zituen pandemiak bertsolariak eta elkartea, digitalizazio lan batzuk egiten, eta egile eskubideei buruzko urrats batzuk emanda», azaldu du Iguaranek. «Eta bat-batean bertso saioen agenda bertan behera gelditu zen».
Zenbaki eta grafiko batzuk erakutsi ditu Iguaranek. Plaza libreko eta lagunarteko saioak izaten dira gehienak urtero. Esate baterako, 2016an plaza libreko bertso saioak ia 500 izan ziren. Jaitsi egin zen kopurua 2018an, 400 baino gutxiagora. Baina 2020an goitik behera etorri zen, 100era iritsi gabe.
Lagunarteko bertso saioen kopuruaren gainbehera antzekoa izan da: 400dik goiti saio izan ziren 2016an eta 2018an, baina 100 saio pasatxo besterik ez ziren izan 2020an.
Gero eta gehiago direnean bertsolariak, belaunaldi askotakoak gainera, pandemia egoerak ikaragarri urritu ditu plaza kopuruak, saioak eta diruak.
Bertso saio bereziak —musikaz, antzerkiz, gai espezifikoz— eta jaialdiak izaten dira saio kopuruetan hirugarren eta laugarren tokian. Eta horiexek izan dira eutsi eta apur bat igo egin diren bakarrak urterik urte, pandemia garaia barne.
Saio bereziak 2016an 250 baino gutxiago izatetik igaro ziren 300 saio izatera 2020an; eta jaialdiak 2016an 200 inguru izatetik igaro ziren 275 ingurura 2020an.
Egoera bitxiak eta zailak
«Streaming bidezko bertso saioak sortu dira pandemia garaian. Baina dena arraroa izan da. Ez zen txalorik, elkarri zerbait esatekotan txat bitartez izan behar zuen, ez zegoen kontaktu egokirik». Esperimentu bezala bitxia iruditu zaio Iguarani, «baina igurtzia falta zuen, dudarik gabe».
Ekonomia kontuei dagokienez, bi bakarrik izan dira lorpenak: batetik, autonomoetako kuoten ordainketak atzeratzea; bestetik, bertan behera geratutako saioak konpentsatzeko SGAE elkartearen diru laguntza bat. «Bertsogintzaz bizitzeko apustua egina duten bertso kideak entzun ditut, esanez 'akaso etsi egingo dut, ezingo dut honetan aritu'». Atsekabez eta eztarrian korapiloa eginda kontatu du Iguaranek.
Netflix eta 'Hondalea'
«Asko hitz egiten dugu kulturgintzaren egoeraz, sortzaileen prekaritateaz, era askotako korapiloez. Baina oso gutxi hitz egiten dugu arteaz; ez dugu ia batere hitz egiten sortzaileek dakarten proposamen estetikoaz. Eta joera hori azkartu egin du pandemiak». Xabier Gantzarainen hitzaldiko lehen esaldiak izan dira. Errezeloa dauka kultur egitasmoak ahitu egiten direla egin aurretik. «Hilda jaiotzen dira. Izan ere, gero eta gehiago, kultur gertakizunen funtzioa da publizitatea egitea. Zerbait antolatzen dugunean, ematen du ia inportanteagoa dela ondo iragartzea eta gure marka egitea, ondoren ekitaldian esango eta egingo dena baino».
Kritika eta autokritika giroan jardun du Gantzarainek. Pandemiak azelerazioa bizitu egin duela iruditzen zaio, eta primeran etorri zaiola kapitalismoari. «Online erosketaren hazkundea, adibidez. Amazonen logotipoak barre egiten digu, gero eta maizago. Eta eskatzen ari gara Netflix euskaraz egon dadin; ondo dago euskaraz izan dadin eskatzea, bai, baina eskatzen ari garena Netflix da. Ez dugu eskatzen ETB diferentea izatea. Ez daukagu horretarako indarrik».
Halako batean, Gantzarainek Miramar jauregiko balkoira irteteko gonbita egin die entzuleei. Argi ikusten da handik Santa Klara uhartea. «Aitzakia perfektua gara euskaldunak, beste gauza batzuk egiteko. Sintomatikoa iruditu zait eskultura bati Hondalea izena jartzea. Euskaraz jartzea. Ez baitauka beste deiturarik. Cristina Iglesiasek euskarazko izen bat jarri dio, baina Iglesiasek ez du euskaraz egiten».
Eskultura honen harira esan diren eta egin diren zenbait kontu aztertu ditu. Ironia tanta batez esan du: «Berezia da gero nola saltzen ari diren eskultura hori. Ezin omen da esplikatu. Jakiteko, hara joan beharra daukazu».
Kultur sortzailea izan ezik
Pandemia garaian antzerkian, musikan, artean eta bertsotan jasandako kontuez jardun dute EHUko uda ikastaroetan. Fuchs, Furyak, Gantzarain, Iguaran eta Astiz mintzatu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu