Eredu baten beheraldia irudikatzen zuelako izan zen albiste Durangoko Plateruena kafe antzokiaren itxiera 2020an, eta eredu berri bat proposatzen duelako da notizia berriz ere haren irekiera orain. Kudeaketa publiko eta komunitarioa izango du Plateruena berriak. Udalarena izango da, baina herritar talde batekin batera kultur mahai antolatu batek gidatuko du haren jarduna. 313.000 euroko aurrekontua izango du lehen urterako, eta martxoaren 3an hasiko du martxa berria, nahiz eta, aurrez, Durangoko Azoka egunetan lehenik, eta Gabonetan ondoren, kultur ekitaldi batzuk ere antolatuko dituen.
Maider Larrañaga izango da gunearen koordinatzailea, baina, zehaztu duenez, kudeaketa hori «taldean» egingo du. Plateruena bultzatuko duen kultur mahaia aipatu du horren bermetzat, eta argitu du mahai hori ez dela sortu «kontsultarako» tresna izan dadin, «parte hartzeko gune bat» baizik. San Agustin kulturguneko langilea izan da Larrañaga azken urteetan, eta, azaldu duenez, Durangoko Udaleko teknikariez gainera, kulturgintzan dabiltzan herritarrak ere hartuko ditu Plateruena gidatuko duen mahai horrek, eta talde motor bat izango du gidari. Larrañaga: «Zenbat eta kultur mahai sendoagoa, orduan eta etorkizun oparoagoa izango du herrian».
Hiru ardatz nagusi izango ditu Plateruenaren jardunak aurrerantzean. Durango euskalduntzen laguntzeko espazio bat izango da, lehenik. Herriko elkarte eta eragileei aterpe emango die, bigarrenik. Eta euskal sortzaileentzako plaza bat ere izango da, hirugarrenik. Eta horretan «erreferente» izatea da arduradunen asmoa.
Plateruena sorkuntza gunea, esperimentazio gunea eta erakusleihoa ere izango dela esan du Larrañagak. Haren kultur programa «nagusiki euskaraz» izango dela ere zehaztu du, eta, era berean, Plateruena «euskarara gerturatzeko tresna bat» ere izan behar duela. Ostalaritzaren eta kultur programazioaren arteko oreka bilatzea izango da beste helburuetako bat. Erabaki gabe dute horretarako eredua, baina, Larrañagak argi utzi duenez, kultur esparruak izango du erabateko lehentasuna.
Orain arteko ondarea
Ane Abanzabalegi Durangoko Udaleko kultur zinegotziaketa Patxi Lakuntza Durangoko Udaleko zinegotziak hartu dute parte Plateruenarako proiektu berriaren aurkezpenean. Haren itxierak utzitako «hutsunea» nabarmendu du Abanzabalegik, esaterako, eta proiektuak Durangori ekarri dion guztia nabarmendu du Lakuntzak. «Arrasto handia utzi du Euskal Herrian». Kafe antzoki izandakoa jasotzean, bertan metatutako esperientzia guztia ere jaso du udalak, Lakuntzaren hitzetan. «Durangoko Udalak ez du soilik eraikin huts bat jasotzen, ondare kultural oso baliotsu bat jaso du». Abenduan hasiko du programa Plateruenak. AEK euskaltegiak mintzodromoa antolatuko du, udaleko musika bandak emanaldia eskainiko du, eta Alerta taldeak ere kontzertua emango du zuzenean. Gero, otsailean, Euskaltzaleen topaguneak ere beste jardunaldi bat izango du bertan, baina martxoaren 3an hasiko dira indar betean lanean. Horretarako aurrekontu «mardula» dutela iritzi dio Larrañagak, eta, horrekin, herriko eta inguruko elkarteei aterpe eta zerbitzua emateko moduan izango direla esan du.
900 kideko kooperatiba batek jarri zuen martxan Plateruena kafe antzokia, 2004an, Berbaro euskara elkartearen bultzadarekin. Eta, hain zuzen ere, kulturgintza eta euskara izan ditu ardatz gerora ere hamazazpi urteko jardunean; guztira, 2.000 kultur ekitaldi inguru antolatu ditu. Azkenean, ordea, arrazoi ekonomikoek behartu zuten itxiera, 2020ko abenduan. Eraikina udalaren esku geratu zen orduan, baina atea itxi bezain laster jarri zuten abian herritarrek Plateruena eta gero, zer? izeneko dinamika. Eta, paraleloan, beste prozesu parte hartzaile bat ere abiatu zuen udalak.
Bakoitzak bere aldetik jardunda ere, antzeko ondorioetara heldu dira biak: kudeaketa publiko eta komunitarioa behar du Plateruenak. Izan ere, eredu pribatuaren alde eginez gero, prozesu parte hartzaileetan jasotakoak ez betetzeko arriskua dagoela uste du udalak. Eta erronka dela onartuta ere, horregatik jo du kudeaketaren kargu egitearen alde.
Guztira, 22 elkarteren eta erakunderen, 34 kulturgileren eta saio irekietan parte hartu duten 82 lagunen ekarpenekin heldu dira ondorio horretara Plateruena eta gero, zer? plataformakoak. Eta Euskal Herriko zein atzerriko hainbat proiekturen kudeaketak aztertu dituzte udal ordezkariek: Azpeitiko San Agustin kulturgunea (Gipuzkoa) eta Madrilgo Matadero, kasurako.
Kultur mahai batek gidatuta irekiko ditu Plateruenak ateak martxoan
Durangoko Udalak kudeatuko du Plateruena, baina kultur eragileekin batera osatutako talde batek gidatuko du proiektua. Martxoaren 3an jarriko da abian, 313.000 euroko aurrekontuarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu