Eusko Jaurlaritzak 28 milioi euro jarriko ditu aurten kultur jarduera sustatzeko

«Aurrekontua handitzea eta deialdiak laster ebaztea» artisten kolektiboari laguntzeko beste bide bat dela esan du Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak, 2025eko finantzaketa azaltzeko agerraldian. 2024ko programazioaren balantzea ere egin du.

Eusko Jaurlaritzako kultura batzordea
Kultura batzordeak, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea buru duela, 2025eko finantzaketaren berri eman du.
garbine ubeda goikoetxea
2025eko martxoaren 18a
14:23
Entzun 00:00:0000:00:00

«Kultura motor ekonomikoa eta pertsonengan ongizatea sortzeko tresna da, eta, horregatik, kultur ekoizpenaren balio katea indartzen jarraituko dugu, 28 milioi eurorekin». Halaxe agindu du Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak, 2024ko kultur programazioaren balantzea eta 2025eko plana azaltzeko agerraldian. Bestela esanda, %4,6 diru gehiago jarriko du Bengoetxearen sailak kultura sustatzeko.

Bengoetxeak kultura sistema propioa izatea balioetsi du, eta hura sendotzeko nahia azaldu du gobernuaren izenean: «Kultura tresna bat da Euskadiko kide eta komunitate sentimendua indartzeko».

2025erako egindako finantzaketa planak kulturaren barruko zenbait sektore hartu ditu kontuan, besteak beste literatura, arte eszenikoak, musika, arte plastiko eta bisualak, ikus-entzunezkoak, jaialdien antolaketa, antzerki emanaldiak eta berrikuntza proiektuak, eta horietan diharduten 730 eragile baino gehiagorengana iristea da asmoa. Bi modu aurreikusi dituzte horretarako: deialdiak eta diru laguntza izendunak; deialdietara 17,4 milioi euro bideratuko dira —aurreko urtean baino %5,7 gehiago—; eta diru laguntza izendunetara, berriz, 10,6 milioi —2024an baino %3,5 gehiago—. Finantzaketa hori sektoreei ez ezik pertsonei ere zuzenduta dagoela zehaztu du Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak.

Diru laguntzen eta deialdien erdiak apirilerako eta gainontzekoak uztailerako ebatziko direla ere agindu du Bengoetxeak: «Finantzaketa handitzea eta izapideak bizkortzea sortzaileei eta artistei laguntzeko eta kulturaren egiturak indartzeko modu bat gehiago dira».

2024ko balantzea dela eta, Bengoetxeak azaldu du 20.644 kultur ekitaldi egin zirela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, hain zuzen, 2023an baino %12 gehiago eta 2022an baino %27,3 gehiago —2023an 18.337 ekitaldi antolatu ziren, eta 2022an, 16.221—. Horrenbestez, 56 kultur ekitaldiko batezbestekoa izan zuen iazko urteak. Datuok Kulturaren Euskal Behatokiak egindako txostenetik (EAEko kultura programazioaren analisia. 2024. urtea) jaso ditu Bengoetxearen sailak, eta balorazio positiboa egin du: «Datu horiek erakusten dute Euskadin izugarrizko talentu sortzailea dugula, sorkuntzek eskaintzen dituzten egiturak ditugula, eta parte hartzen duen eta kulturaz gozatzen duen gizarte bat daukagula».

Ekitaldi gehienak, kontzertuak

2024ko ekitaldirik ugarienak kontzertuak izan zirela dio Kulturaren Euskal Behatokiak, Kulturklik atariko agendan oinarrituta. Iaz aurreko urtean baino %3,2 kontzertu gehiago programatu ziren: 5.743. Bestalde, kontzertu horien artetik gehienetan (%77) musika garaikidea eskaini zuten. Lurraldeka begiratuz gero, Bizkaian eman zen kontzertu gehien (%45), eta Araban, berriz, gutxien (%14,6). Gipuzkoan %40 izan ziren. Ordainpeko kontzertuen batez besteko prezioa 15,8 eurokoa izan zen.

Antzerkiari dagokionez, 4.408 emanaldi programatu ziren iaz, batez besteko 15 euroko prezioan, eta gaztelaniaz gehiago izan ziren euskaraz baino —%44,2 gaztelaniaz eta %40 euskaraz—. Generorik antzeztuena, berriz, testu antzerkia izan zen (%47), eta horren ostean, zirkua (%15,1).

Dantza ikuskizunen batez besteko prezioa apalxeagoa izan zen antzerkiarena eta musikarena baino (14 euro). Bestalde, dantza garaikidea gailendu da gainontzeko generoen artetik, %64,7ko presentzia izan baitu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako agertokietan. Dantza tradizionalak emanaldien %26 hartu ditu.

1.266 arte erakusketa ere jaso ditu Kulturaren Euskal Behatokiak; baita 1.062 bertso saio ere: horien artetik %56,3 Gipuzkoan izan ziren, %3,1 Bizkaian, eta %8,6 Araban.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.