Oraindik bulegoa apaintzeko astirik ere ez du hartu Igor Otxoak (Donostia, 1973). Astebete inguru besterik ez da Donostia 2016 Bulegoan proiektuen zuzendari gisa lanean hasi zenetik.
Zer moduz joan dira lehenengo egunak bulego berrian?
Informazio asko jasotzen nabil, proiektua egituratu eta pentsatu duen lantalde horrekin harremanetan; Santi Eraso, Ricardo Anton eta Ainara Martinekin gehienbat. Ainara zuzendari artistikoa da, eta biok elkarrekin egin behar dugu lan. Gauza bat irakurtzea da, eta beste gauza bat honen guztiaren atzean dagoen mamia eta funtsa nireganatzea, proiektuaren sustraietan sartzea.
Zertan datza zehazki zure egitekoa?
Teoria egina dago, eta praktikara eramandako gauza batzuk ere badaude. Baina orain dena egituratu behar da, antolatu. Nik uste dut bi aldeak ondo ezagutzen ditudalako proposatu zidatela proiektu zuzendari izatea. Alde batetik, gogoetak, desirak eta buruan eta bihotzean darabilzkizun ideiak daude, eta, bestetik, horiek gauzatzea dago. Imajinatzen ditugun horiek aurrera nola eraman landu behar dugu.
Zuzendariarekin batera, talde bat al dago proiektuak bideratzeko?
Nahiko zeharkakoa da bulegoko funtzionamendua. Ardura bat dugu bakoitzak, baina azkenean zeharka egiten dugu lan. Egitura oso piramidala izan ez dadin saiatzen gara, horizontalagoa izan dadin.
Zein pauso emango dituzue proiektuak garatzeko?
Oraindik Donostiak hautagai gisa jarraitzen du: izendapen ofiziala maiatzaren 10-11n izango da, eta hor beste fase bat hasiko da. Hurrengo fase hori prestatzen ari gara, eta orduan hasiko garaproiektua gizarteratzen, eta proiektuaren erremintak martxan jartzen. Proiektua erreminta handi bat da, eta barruan beste hainbat erreminta dauzka, nolabait sistemak izango direnak. Gutxika sistema inplementatzen hasiko gara, eta ondoren helduko da proiektuak garatzeko aukera. 2016an erakutsiko dira batzuk, eta beste batzuek aurrerago jarraituko dute.Proiektuaren ideia ez da 2016an programazio handi bat egitea; Donostian jada badaude gertaera handiak. Prozesua hautagaitza aurkeztu zenean hasi zen, eta 2020ra arte dago pentsatuta. Eta, prozesua garrantzitsua denez, ez genituen aldez aurretik gauza itxiak egin nahi, uste genuelako urte hauetan garatu behar direla proiektu horiek. Prozesua bera joango da esaten proiektuan zein eragilek parte hartuko duten, proiektuak garatzen nola joango diren.Asmoa ondare bat uztea da, egiteko beste modu batzuk, kultura eta harremana ulertzeko beste modu batzuk... Eraldaketa txiki horiek egiten laguntzea.
Proiektu zehatzen artean San Juan ontziarena aipatu duzue. Gehiago aurreratzerik baduzu?
Sistemak gauza zehatzak dira, baina oraindik ez daude inplementatuta. Sistemen artean badago bat dispositibo mugikorrena, eta hor dago San Juan ontziarena. Proiektua Europan eta Europatik at ezagutarazteko prestatu dugu. Sahara Mendebaldera jaistea ere pentsatuta dago, eta laster hasiko da martxan. Ideia ontziaren erreplika bat egitea da, bere garaian egindako materialekin eta auzolan prozesu parte hartzaile batekin.
Zer-nolako kultur proiektuak dituzue buruan?
Proiektuaren muina eraldaketa da. Gaur egun dugun eredu kulturala aldatzen saiatzeko balio behar du, baita gizartea bera aldatzeko ere. Kultura oso modu zabalean ulertzen dugu; arte konbentzionaletatik —dantza, musika, antzerkia, literatura— haratago doa. Egunerokotasuneko hainbat arlotan ikusten dugu kultura: gastronomian, kirolean, ekologian... Proiektua bera tresna gisa hartzen dugu, eta, ondorioz, baliabide bat izan behar du eraldaketa prozesu txikiak gertatuz joan daitezen, eta horrek sortzeko beste modu batzuk eta eragileen arteko beste dinamika batzuk sor ditzan.
Azkenean 89 milioi euroko aurrekontuan murrizketak baleude, nola eragingo luke horrek proiektuan?
Badakigu kontua nola dagoen, eta ulertzekoa da hainbat arlotan aurrekontua jaistea. Baina guk inbertsio moduan hartzen dugu hau; egiten ari garen guztia ez da gastua, inbertsioa baizik. Zenbakiak ikusita, agian, asko dela dirudi, baina hain prozesu luzea izateko, ez da hainbeste, eta gehiago beste hainbat arlorekin alderatuz gero. Autobide kilometro batek gure herrian 20 milioi inguru balio du, eta abiadura handiko trenean 5.000 milioi daude gutxi gorabehera gastatzeko. Honek itzulera izango duela uste dugu, bai hirian eta bai proiektuak hartzen duen lurralde guztian ere. Lurraldetasuna garrantzitsua da, eta nahiz eta izenburua Donostia 2016 izan, lurralde eremua zabalagoa da. Gipuzkoa oso garrantzitsua da proiektuan, baita Iparraldea eta Hego Euskal Herria ere.
Zer emango dio hiriburutzak lurraldeari?
Batetik, Europako beste herrialde batzuetara irekitzea eta haiekin harremanak izatea, sare moduko bat osatzea, eta sortzaileen eta ekoizleen artean harremanak sustatzea. Bestetik, bertako kultura kanpoan ezagutzera emateko balio dezake proiektuak, eta kanpoan egiten dena gurera ekartzeko.
Oreka Tx taldea utzi berri duzu denbora baterako. Jarraitzen al duzu, hala ere, musika munduari lotuta?
Ez daukat denborarik. Niretzat aldaketa handia izan da, eta ez erraza, gainera. Gauza bat imajinatzea da, eta proiektuaren ilusioarekin eta gogoarekin pausoa ematea, baina noizbehinka badut nostalgia.Harkaitzekin [Martinez de San Vicente] batera nuen bizitza proiektua albo batera utzi dut, ikusi dudalako proiektuak kristoren potentziala daukala eta oso baliagarria izan daitekeela hiriarentzat eta gizartearentzat. Gure ekarpena egin nahi dugu, eta, gainera, uste dut inflexio puntu bat sor dezakeela. Bertako kulturan hausnarketa estrategiko bat egin behar da, nondik jo nahi dugun eta nola, eta hau horretarako tresna bat izan daiteke.
Noiz arte jarraituko duzu bulegoan lan egiten?
Proiektua 2020ra arte pentsatuta dago. 2016an dago puntu altuena, eta gero bulegoaren egitura aldatu beharko da. Ezarritako sistemek aurrera jarraituko dute, baina gure parte hartzea ez da hain beharrezkoa izango.
Igor Otxoa. Donostia 2016 Bulegoko proiektuen zuzendaria
«Kultur eredua aldatzen saiatzeko balio behar du proiektuak»
Hamabost urte bete eta gero, Oreka Tx taldea denbora batez uztea erabaki du Otxoak, Donostiako Europako kultur hiriburutzaren bulegoan lanean aritzeko. Txalapartari eta ekoizle gisa aritu da taldean, eta ezagunak ditu sorkuntza nahiz zabalkuntza arloak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu