Egile eskubideak

Kukuxumusuko pertsonaiak Mikel Urmenetarenak dira

Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Mikel Urmenetari, eta, ondorioz, Kukuxumusuko pertsonaiak marrazten jarraitu ahal izango du, betiere «lagapenean utzitako marrazkien plagioak ez badira».

Mikel Urmeneta
Mikel Urmeneta, Iruñeko auzitegian, 2017an. IÑIGO URIZ / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2023ko abenduaren 22a
17:13
Entzun

Auzi luze bat ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Mikel Urmeneta ilustratzailea eta Kukuxumusu Ideas SM gatazkan aritu dira, lehenak sortutako pertsonaiei buruz, urteetan. Nafarroako Probintzia Auzitegiak erabaki zuen horien gaineko eskubideen lagapenak enpresari arrazoia ematen ziola, eta Urmenetak ezin zituela pertsonaia horiek erabili. Baina helegitea jarri zuen marrazkilariak, eta, orain, Goreneko Arlo ZIbileko Salak arrazoia eman dio, eta atzera bota du Probintzia Auzitegiaren ebazpena.

Sententziaren arabera, eztabaidagaia ez da egileek legea urratu ote zuten lagapenean utzitako marrazkiak kamisetetan edota bestelako objektuetan inprimatu zituztenean, «ekintza urratzaileak gelditzeko kondenaren luzapena» baizik.

Lagapena zehazteko helburuz, marrazkiak eta pertsonaiak bereizten ditu Gorenaren epaiak. Lehenak, alegia marrazkiak, lagapenaren parte dira; bigarrenak edo pertsonaiak, ordea, ez. Ebazpenak nabarmendu du Kukuxumusu Ideas SM enpresak marrazki jakin batzuen jabetza intelektuala hartu zuela lagapenari esker, baina pertsonaia horiekin berekin egindako marrazki berriak ezin dituela bere egin, baldin eta behar bezainbesteko aldea baldin badute, plagio gisa har ez daitezen.

Horrela, 1994. eta 2015. bitartean Kukuxumusu unibertsoa deiturikoaren barruan egindako marrazkien egiletza Mikel Urmenetari aitortu dio Gorenak. Urmenetak, enpresako marrazkilari taldearekin batera, «giza keinuak, posturak eta janzkera erakusten dituzten 3.000tik gora marrazkiren eskubideak eta jabetza intelektuala» saldu zituela dio, halaber.

Urmenetaren eta Kukuxumusu Ideas SM elkartearen arteko konponezina 2016an sortu zen, Mikel Urmenetaren eta beste zenbait marrazkilariren ekimenez Katuki Saguyaki enpresa abian jarri, eta marrazkiak baliatzen hasi zirenean. Auzia epaileengana iritsi zen azkenean, eta Iruñeko Merkataritza Alorreko Epaitegiak Kukuxumusu unibertsoa osatu zuten marrazkiak «erreproduzitu, banatu eta eraldatu edo haien komunikazio publikorik egiteko» debekua ezarri zien Katuki Saguyakiko kideei. Gainera, marka berriarekin plazaratutako produktuak merkatutik ateratzera eta Kukuxumusuri kaltea ordaintzera kondenatu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.