Kukaik eta Tanttakak prest dute 'Hnuy illa' berrikusia

Duela hamabi urte estreinatu zuten lana, eta moldaketa batzuk egin dizkiote. Igandean emango dute, Donostiako Viktoria Eugenian

Kukai taldeko kideak, Hnuy illa obran dantzan. Jon Maiak moldatu egin ditu 2008ko koreografiak. GORKA BRAVO.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Mende laurden joan da Joseba Sarrionandiak (Iurreta, Bizkaia, 1958) Hnuy illa nyha majah yahoo liburua (Elkar) egin zuenetik. Poemario horretan, 1985etik 1995era bitartean idatzitako olerkiak bildu zituen idazleak, eta argitalpenaren urteurrenaren testuinguruan aurkeztu dute Kukai dantza taldeak eta Tanttaka antzerki konpainiak 2008an estreinatu zuten Hnuy illa ikuskizunaren berrikuspena.

Sarrionandiaren unibertso poetikoa gorpuzteko nahia izan zuten ikuskizun horretako ardatza, eta dantza, ikus-entzunezkoa eta poesia batu zituzten unibertso horren balioa aldarrikatzeko.

Duela dozena bat urteko planteamenduari eta egitarauari eutsi diote orain, baina moldaketa zenbaitekin dakarte obra, Mireia Gabilondo zuzendariak eta Jon Maia dantzariak atzo prentsaurrean azaldu zutenez. Koreografiak, esaterako, berrikusi eta egokitu egin ditu Maiak. 2008an bezalaxe, orain ere zazpi dantzari arituko dira Hnuy illa-n, eta zazpi horietako lau duela hamabi urte ere aritu ziren: Alain Maia, Ibon Huarte, Nerea Vesga eta Urko Mitxelena. Aritz Lopez, Izar Aizpuru eta Leire Otamendi dira beste hiru dantzariak.

Dantza pasarteetan bakarrik ez, ikuskizuneko osagai guztietan egin dituzte moldaketak. Maitasuna, sorterria, bakardadea eta erbestea dira poemetatik oholtzara aldatutako gaiak; errezitatuta, kantatuta eta dantzatuta errekreatu dituzte, ordubeteko ikuskizunean. Asier Hernandez da errezitatzailea obran, eta Iñaki Salvadorren musika eta Maria Berasarteren, Ruper Ordorikaren eta Mikel Laboaren ahotsa izango ditu lagun, dantzariek bezalaxe.

Igande honetan emango dute Hnuy illa berrikusia Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 19:30ean hasita. Biharamunean, Sopelako (Bizkaia) Kurtzio kultur etxean emango dute, 19:00etan—sarrerak agortuta daude jada—; eta gaur zortzi, ordu berean, Bilboko Arriaga Antzokian.

Testuinguru aldaketa

«Sarrionandia poeta handi bat da, eta baliteke behar beste balio eman ez izana hari, bere ibilbideagatik», zioen atzo Mireia Gabilondok. Idazlearen ibilbide politikoaz ari zen, bistan da. Ibilbide horrek ETAko militantzia; espetxetik ihes egin eta sasian bizi izana baldintzatu zuen orain berreskuratu duten obraren ibilbidea ere, 2008an: «Testuinguru politiko zailagoa bizi genuen orduan. Kostatu zitzaigun obra estreinatzea. Poemak liburuan emanak zeudenez, ez zen gehiagorik gertatu», gogoratu zuen Gabilondok. Maiak erantsi zuen zenbait plazatan ez zutela lortuobra ematea Santiago de Compostelako arte eszenikoen azoka jarri zuen adibide gisa, eta nabarmendu hori euskal artista bati baino gehiagori gertatu zitzaiola garai batean, «bai hemendik kanpo, bai hemen».

Hnuy illa-ri harrera ona egin zion publikoak, hala ere. Euskal Herritik kanpo, Espainian, Frantzian, Mexikon, Uruguain eta beste hainbat tokitan. Ikuskizun Errebelazioaren Max saria ere eman zioten. Datozen egunetako emanaldien ondoren, datorren urtean jarri zuten arreta Gabilondok eta Maiak, eta nabarmendu zuten obrarekin bira bat egitea espero dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.