Kukai taldearen 'Oskara' obrak zazpi izendapen lortu ditu Max sarietarako

Marie de Jongh konpainiaren 'Amour' antzezlanak bi hautagaitza jaso ditu; tartean, Jokin Oregirena, eszena zuzendaritza onenaren kategorian

Kukai dantza konpainiaren Oskara ikuskizuneko pasarte bat. Max sarietarako faboritoa da obra. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
2017ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Euskal konpainia bat da faboritoa XX. Max sariei begira. Kukai dantza konpainiak, Oskara ikuskizunarekin, zazpi izendapen eskuratu ditu SGAE fundazioak urtero antolatzen duen sariketari begira: dantza ikuskizun onenarena; arte eszenikoen ekoizpen pribatu onenarena; espazio eszeniko onenarena (Marcos Morau); jantzi onenena (Iraia Oiartzabal); argiztapen onenarena (David Bernues); dantzari onenarena (Martxel Rodriguez); eta dantza antzezle-talde onenarena (Jon Maia, Eneko Gil, Martxel Rodriguez, Ibon Huarte, Urko Mitxelena eta Alain Maia). Antzerki eta dantza ikuskizun onenak saritzen dituzte urtero Max sarietan. Ekainaren 5ean egingo dute sari banaketa ekitaldia, Valentziako (Herrialde Katalanak) Palau de les Arts antzokian.

Bost dantzariek iazko urtarrilean taularatu zuten Oskara, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Marcos Morau Valentziako La Veronal konpainiako koreografoarekin elkarlanean sortu zuten lana, bi urteko prozesuaren ondotik. Kukaiko Jon Maiak orduan azaldu zuenez, instalazio gisa eratu zuten obra da, euskara, kultura, mitoak eta ikonografia tradizionalak egungo kodeekin nahastuz: «Ikuskizun unibertsala da: edozein lekutan eskainita ere ikusleek ulertzeko modukoa; eta, hala ere, elementu guztiek erreferentzia egiten diote euskal kulturari, izenetik hasita. Oskara euskara izendatzeko erabilitako antzinako hitzetako bat da, eta lotura zuzena du emanaldiarekin».

Max sari bat baino gehiago irabazitakoa da aurrez Kukai. Gelajauziak obrarekin, 2015ean, dantza antzezle-talde onenaren Max saria eta musika konposizio onenarena —Sabin Bikandik— eskuratu zituen, eta, 2009an, errebelazio saria jaso zuen, Tanttakarekin elkarlanean sortutako Hnuy illa ikuskizunagatik.

Kukai ez da, halere, sarietarako hautagaia den euskal talde bakarra. Marie de Jongh konpainiaren Amour ikuskizunak bi izendapenlortu ditu: haurrentzako ikuskizun onenaren kategorian izango du saria eskuratzeko aukera, eta baita Jokin Oregik ere, eszena zuzendaritza onenaren atalean. Feten saria irabazi zuen konpainiak iaz, lan berari esker, eta baita euskal ekoizpen onenaren Ercilla saria ere, 2015ean. Oregik, halaber, Max sari bat eskuratua du aurrez, L-KM lanarekin, euskarazko antzerkigile onenarena lortu zuen.

Bi euskal konpainia horiek ez ezik, beste hiru euskal herritar ere badira Max sarietarako 69 hautagaien artean: Alfredo Sanzol iruindarra, La respiración lanean antzerki autoretza onenagatik; Garbiñe Insausti hernaniarra, Edith Piaf (Taxidermia de un gorrión) lanean andrazko aktore protagonista onenagatik; eta Ainhoa Santamaria gasteiztarra, La estupidez lanean taldeko emakumezko aktore onenagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.