Donostiako Zinemaldiaren Klasikoak programak bere gain hartzen du jaialdian aspalditik jorratutako bide bat, zinemagileen lanak —hainbat garaitakoak eta hainbat gairi buruzkoak— berreskuratzean datzana, eta hala izango da aurten ere, 72. aldian. Jaialdiak En la otra isla zikloa hartuko du, 1960ko eta 1970ko hamarkadetan egindako Kubako hemeretzi film zaharberrituk osatutako hautaketa bat; hemezortzi film ertain eta labur, eta film luze bat, zehazki. Elias Kerejeta Zine Eskolarekin eta Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan, bost saiotan emango dira filmak. Zine Eskolaren zinema aretoan izango dira proiekzioak, Tabakaleran.
Ona da hau Habanan ikustea deituriko lehen saioan, bi film izango dira; Nicolas Guillen Landrianen Ociel del toa (1965) eta Sara Gomezen En la otra isla (1968). Lehenak landa guneko Ociel gaztearen abenturak ditu ardatz; bigarrenak, berriz, Isla de Pinos uharteko gazteen belaunaldi berria aurkezten du.
Sei pelikula aurkeztuko dituzte Nire odol guztiak Mozambike oihukatzen du bigarren saioan. Eduardo Maneten El negro-k (1960) Kubako diskriminazio arrazista salatzen du, kolonia zenetik Iraultzaren garaipenera arteko epean.
1963ko En un barrio viejo lanean, bestalde, Habanako Habana Zaharra auzoko egunerokoa azaltzen da, eta garai hartako Kubaren erretratua egiten du Guillen Landrianek: arraza nahasketa, sorginkeria, belaunaldien arteko harremana, klase sozialen gainbehera sozialismo berriaren garaian... Zuzendari beraren Coffea Arabiga (1968) ere emango dute: kafe ekoizpenari buruzko film didaktiko bat da.
Santiago hiriaren historia eta piraten eta bestelakoen inguruko mitoak aztertzen ditu Sara Gomezek 1964ko Iré a Santiago proiektuan. Bestalde, Miguel Secadesen, Rudis Reyesen eta Rafael Torrensen Una tradición centenaria (1990) Santa Fe herriko landetxe batean girotua dago. Fuste familia han bizi da: esklabo zimarroien ondorengoz osatuta dago, eta hartako kideek maiatzeko gurutze santuaren gaualdia ospatzen dute urtero maiatzaren 3an, elementu yoruba, kristau eta espiritistak konbinatzen dituen erritual erlijioso batean.
'Bigarren eskua' saioa
1961eko Noticiero ICAIC Latinoamericano albistegiaren zati bat izango da Bigarren eskua saioan egongo diren lanetako bat. 60ko hamarkadaren hasieran Kuban girotutako filmak banatzen zituzten AEBetako enpresen interbentzioaren iragarpena aurkeztuko da pieza horretan.
Sara Gomezen Isla del tesoro pelikulak (1969) Isla de Pinos irla nola aurkitu zuten kontatzen du. Delitugileentzako eta iraultzaileentzako Modelo espetxea eraiki zuten han, eta 60ko hamarkadan gizarte berri bat sortu zen, gazteen parte hartzearekin.
Lyndon B. Johnsonen agintaldian, hau da, 1963tik 1969rako aldian AEBetan izandako indarkeriaren satira politikoa eta sintesi historiko eta didaktikoa aurkeztu zuen Santiago Alvarezek 1968an L.B.J. dokumentalean. Artxiboko irudiak eta elkarrizketak erabiliz, eta Martin Luther King Jr. eta John eta Bob Kennedyren hilketak berrikusita, filmak Estatu Batuetako politika aztertzen du. Politika du ardatz Santiago Alvarazen 79 Primaveras proiektuak ere (1969). Ho Chi Minh lider, poeta, gerrillari eta estatuburu vietnamdarraren bizitzaren bitartez, haren herria zapaltzen saiatu ziren inperio guztien aurkako borroka sekularra azaltzen da.
Marisol Trujilloren, Miriam Talaveraren eta Pepin Rodriguezen Oración-en (1984), Ernesto Cardenal poeta nikaraguarraren poemak lotura bat ezartzen du Marilyn Monroe aktorearen patuaren eta Amerikako haurren miseriaren eta esplotazioaren artean.
Miguel Secadesen eta Miguel Garciaren 1988ko Nace una plaza lanari dagokionez, Kubako Estatua Ernesto Guevara Che gerrillariarentzat hilobi bat eraikitzen hasi zenekoa kontatzen du.
Guillen Landrian eta Sara Gomez
Laugarren saioak Kubak lan egin eta ondo pasatzen du izena du. Proiektatuko duten lehen lana Kubako herriaren dantza kulturari egindako omenaldi bat da: Los del baile film laburra, hain zuzen. Guillen Landrianek zuzendu zuen, 1965ean, eta Pello El Afrokan konpositorearen Mozambique abestiaren partitura originalak ditu. Zuzendari beraren Reportaje: plenaria campesina ere (1966) izango da saioan; nekazari kubatarren egoera aztertzen du. Landrianen beste film bat ere izango da: Taller de linea y 18. Langileak garraiatzeko diseinatutako autobusen muntaketarako planoak biltzen ditu, eta lantegietan langileen ordezkaritza eta parte hartze politikoa zer-nolakoa zen kontatu.
Bestalde, ... y tenemos sabor-en Kubako musika, bertako oinarrizko musika tresnak eta horien garapena aztertzen dira, Alberto Zayas musikariarekin izandako elkarrizketa batetik abiatuta. Sara Gomezek 1967an zuzendu zuen lan hori. Gomezen Poder local, poder popular (1970) filma ere aurkeztuko dute. Kubako Matanzas probintzian, Herritarren Batzar Nagusira deitu dute, Herri Boterearen presidentea aukeratzeko. Bilera horretarako baldintzak nola prestatzen diren erakusten du dokumentalak.
Emakume kubatar batek zuzendutako lehen film luzeak itxiko du zikloa, Sara Gomezen De cierta manera (1974) filmak, hain zuzen. Marjinaltasunaren, modernizazio iraultzailearen, arrazaren eta generoaren konplexutasunak azaleratzea du ardatz, eta komunitateko irakasle baten gorabeherak kontatzen ditu. 1977an Zinemaldiko Auzoak eta Herriak atalean aurkeztu zuten lan hori bera, eta Behin bakarrik bizi daiteke atzera begirakoan berreskuratu, 1988an.