Kubako doinu tradizionalen berpiztea

Buena Vista Social Club banda kubatarrak bi kontzertu emango ditu martxoan Euskal Herrian. Bata gaur izango da, Iruñeko Baluarten, eta bestea, berriz, Donostiako Kursaalean, datorren igandean.

Buena Vista Social Club taldea. SUSAN TIELMAN
Buena Vista Social Club taldea. SUSAN TIELMAN
garbine ubeda goikoetxea
2025eko martxoaren 16a
04:05
Entzun 00:00:0000:00:00

1990eko hamarraldiko azken urteak kontzientzia beteaz bizi izan zituenak ez du azalpen handirik behar izango: Buena Vista Social Club esan, eta sentipen bat, aldarte bat, festa giro jakin bat gailenduko zaio gogoaren tolesetatik. Karibeko doinu dantzagarriak jotzen dituen banda bat baino gehiago, Habana aldeko kultura lau haizeetara barreiatzeko makina izan da Buena Vista Social Club, 1996an izen bereko diskoa argitara eman zuenetik. Nazioarteko sona 1998an erdietsi zuen taldeak, hain zuzen, taldekide izango ziren guztiak bildu, Amsterdamen (Herbehereak) kontzertu bat eman, eta hura oinarri hartuta, Win Wenders zinema zuzendari alemaniarrak film dokumental bat egin zuenean. Buena Vista Social Cluben arrakastak Kubako musikari tradizionalaren aintzatestea eragin zuen munduan, eta bertan parte hartu zuten zenbait musikarik bakarkako ibilbide oparoa egin zuten horren ondotik. Halaxe egin zuen Compay Segundok: ospea iritsi zitzaionerako 85 urteak ondo paseak zituen arren, dozena bat disko grabatu zituen, eta munduan barrena ehunka kontzertu eman, Buena Vista Social Club albumaren ondotik.

Buena Vistako izarrak eta gehiago izenburupean gaur Iruñeko Baluarten eta datorren igandean Donostiako Kursaalean oholtzaratuko den taldeak hamabost kide ditu, eta horietarik bederatzi hastapenetik beretik dabiltza: Angel Terry (perkusioa), Carlos Calunga (ahotsa), Javier Zalba (saxofoia), Roberto Garcia (tronpeta), Alberto Muñoz (tronboia), Fernando Arevalo (kontrabaxua), Osiris Valdes (biolina), Pancho Amat (zuzendaria) eta Lazaro Villa (ahotsa). Haiekin batera, Alain Perezek (tronpeta), Alejandro Falconek (pianoa), Jean Roberto San Cristobalek (tinbala), Rosenio Perdomok (bongoa), Kiko Ruizek eta Rosalia Gomezek (ahotsak) osatzen dute Buena Vista Social Club.

Kide esanguratsu batzuk taldea sortu eta urte gutxi batzuren buruan hil ziren, hala nola Manuel Puntillita Licea 2000n, Compay Segundo —sortzez Maximo Francisco Repilado Muñoz— eta Ruben Gonzalez 2003an, Ibrahim Ferrer 2005ean eta Pio Leiva 2006an. Baina transmisio bizian jarraitzen du taldeak: «Buena Vista ez da hil, izatekotan, garrantzitsuak izandako kide batzuk ditu eskas, baina proiektuari bizitza eman zioten enbor-adarrek, alegia Kubako kulturaren esentziak, hor diraute, arbasoen urratsei jarraika datozen belaunaldi berrietan loratuta».

Buena Vista Social Club taldeak Vigon (Galizia) emandako kontzertua.

Hastapena

Hein handi batean, World Circuit diskoetxeko kide Nick Goldi eta Ry Cooder gitarra jotzaile eta folklorista estatubatuarrari zor dio taldeak gaur arteko ibilbideari ekin izana. Golden eta Cooderren asmoa Afrika mendebaldeko musikari batzuk Kubara eraman eta hango landako sonero-ekin —30, 40 eta 50eko hamarraldietako musika herrikoia— batzea zen, elkarrekin disko bat graba zezaten. Afrikar musikariei, ordea, ez zieten Paris-Orlyko aireportutik (Frantzia) harago joaten utzi, eta albuma haiek gabe grabatu behar izan zuten azkenean.

Juan de Marcos Gonzalez konpositore eta Sierra Maestra taldeko liderrak gidatuta, hainbat musikari batu zituzten Kubako Egrem estudioetan. Hamabost egun eskasetan hiru disko grabatu zituzten: Afro-Cuban All Stars taldearen A toda Cuba le gusta, Ibrahim Ferreren bakarkako lehen diskoa eta Buena Vista Social Club Kubako doinu klasikoen bilduma. Azken horrek berehalakoa izan zuen arrakasta: 1998an Grammy bat jaso zuen, eta 2003an garai guztietako 500 album onenen artean sartu zuen Rolling Stone aldizkariak. Bestalde, bizitzan entzun beharreko 1.001 diskoen zerrendan aipatu zuen Robert Dimery idazle, editore eta musika kritikariak.

Historiari gorazarre

Taldeak izen gisa —eta 1996an argitaratutako diskoaren izenburu gisa— Buena Vista Social Club hautatu izana ez da hutsala: ia mende erdi lehenago Habanako gau giroan elkarte ospetsua izandako bati egiten dio gorazarre. Buena Vista Social Club aretoa kolonialismo garaiko kofradia baten altzoan sortu zen, eta apurka beltzen klub sozial bilakatu zen, artean esklabotza, etnien araberako sailkatzea eta afro-kubatarren aurkako bereizkeria indarrean zirenean.

Buena Vista Social Club taldearen sustatzaile Ry Cooderren arabera, garai batean klubetan antolatzen zen Kubako zein Karibe osoko gizartea: «Baziren, esate baterako, Habanako zigarroak biltzeko klubak, edota beisbol jokalarien zaleenak. Buena Vista Social Clubean musikariak biltzen ziren, AEBetan bezala, eta dantzaldiak eta musikaren inguruko beste zenbait jardun antolatzen zituzten».

1930eko eta 40ko hamarraldietan eferbeszentzia handia bizi izan zuen Kubako musikak. Garai hartakoak dira, besteak beste, txaranga edota manboa, azken hori jazzaren eraginez sortua; baita pachanga eta txa-txa-txa dantza moldeak ere. Gainera, son, runba eta gisako estilo afro-kubatar tradizionalak ere orduan hasi ziren apurka garatzen, ohikoak ez ziren musika tresnak erabiltzearen eraginez.

1959ko iraultzaren ostean, Kubako gaueko elkarte horietarik gehienak itxi egin zituzten, eta festa pribatu asko, berriz, galarazi edo asteburuetako saio bakarrera mugatu. Gobernu berriak hartutako neurriek Buena Vista Social Club elkartea hondoratzea eragin zuten, baita Kubako musika tradizionala ahultzea ere, Nueva Trova mugimenduaren mesedean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.