Errealitatearen aurka talka egiten du fisika kuantikoak maiz. Fisika klasikoan ez bezala, ezagutzen ez diren eta askotan logikaz kanpokoak diruditen hipotesi eta legeak planteatzen ditu. Talka horren adibide ugarietako batzuk irudikatu dituzte 11 artistak, fisika kuantikoa oinarri hartuta, eta erakusketa batean aurkeztu, Donostiako Tabakalera zentroan. «Unibertsoa kuantikoa bada, nola asimilatu dezakegu hori?», galdetu du Monica Bello Ikuspegi kuantikoak erakusketaren komisarioak, eta gehitu artea oso baliagarria dela hori erantzuten dioten hipotesiak irudikatzeko. Ekainaren 8ra arte egongo da zabalik bilduma, eraikineko lehen solairuan.
Unescok Zientzia eta Teknologia Kuantikoaren urtea izendatu du 2025a. «Erakusketa hau egiteko arrazoietako bat izan da Unescoren izendapena, baina ez bakarra. Aurten ere ordenagailu kuantiko bat iritsiko da Donostiara, IBMren eskutik, adibidez. Azken urtean bertan, fisika kuantikari bere tokia eman diogu Tabakaleran, eta hau horren jarraipen bat da», azaldu du Clara Montero Tabakalerako kultura zuzendariak. Fisika kuantikoak alde ezezagun handi bat duela esan du Monterok, eta, hain zuzen, horrek interpretaziorako lekua uzten duenez, inspirazio iturria izan daitekeela artearen eta kulturaren esparruan.
Artistek DIPC Donostia International Physics Centerren, CERN Ikerketa Nuklearrerako Europako Kontseiluaren eta Tekniker ikerketa zentroaren laguntza izan dute piezak osatzeko. Hau da, bertako ikertzaileekin lankidetzan aritu dira, askotan laborategiko lanak eginez. DIPCko zuzendari Ricardo Diezek azaldu du XX. mendearen hasieran, aurrerapen zientifiko erraldoiek bultzatuta, hainbat mugimendu artistiko eta filosofiko sortu zirela, eta, esan daitekeela «artea eta zientzia eskutik» doazen bi kontzeptu direla, azken mendean bakarrik ez, baizik eta betidanik, «biek elkar elikatzen dute eta». Ikerketa zentro batentzat halako proiektuetan parte hartzea pozgarria dela gaineratu du Diezek, eta artistek ikertzaileekin egindako lanak elkarrengandik ikasteko baliatu dutela.
«Erakusketako piezak ez dira itxiak: norberak parte hartzeko aukera ematen dute. Bertaratu, entzun, ikusi, gogoeta egin... Ikusleak interaktibitate hori sentitu behar du»MONICA BELLO Erakusketaren komisarioa
Bellok hamar urte daramatza CERNeko arte esparruaren zuzendari lanetan. «Askotan neure buruari galdetzen diot letretakoa izanik nola amaitu dudan fisika kuantikoaren munduan. Gero, konturatzen naiz ni bezalakoak garenok ez dugula mundu kuantikoa ulertzen, baina harekin bizi garela». Artista bakoitzari zenbait irizpide eman zizkien Bellok; tartean, pieza pertsonalak sortzea, haien estiloa eta izaera piezetan irudikatzea. Baina, era berean, artistek haien izaera artistikoan fisika kuantikoak eduki ditzakeen oihartzunak aurkitzea nahi izan du komisarioak. Eta ikusleen parte hartzea defendatu du. «Erakusketako piezak ez dira itxiak: norberak parte hartzeko aukera ematen dute. Bertaratu, entzun, ikusi, gogoeta egin... Ikusleak interaktibitate hori sentitu behar du».
Hiru gela
Erakusketa guneko sarreran, fisika kuantikoaren dibulgaziorako eremu bat prestatu dute. Azken urteetan dibulgazio zientifikoak gorakada handia izan du, komisarioaren ustez, eta, hori aprobetxatuz, sei pantaila dituen gela bat osatu dute. Bertan, sei pertsonak —haietako batzuk sare sozialen bitartez zientzia dibulgatzen dutenak— fisika kuantikoaren nondik norakoak azaltzen dituzte, hainbat hizkuntzatan. Bello: «Hasierako gela horrek bi bide ditu. Ezkerrekoa argiz beteriko gela bat da, non zazpi pieza dauden. Eskuinekoa, aldiz, iluntasunean murgiltzen da, argi oso gutxirekin».
Ezkerreko gelan, sarrera aldean, Alice Bucknell artistak sortutako bideojoko bat ikus daiteke, bi pantailatan, biak parez pare. Bideojoko horren bidez, fisika kuantikoa interaktibo egin nahi izan du Bucknellek, eta bi pertsonak aldi berean jokatzeko helburuarekin sortu du. Ondoan, Nicole L'Huillierrek tresna zientifiko tradizionalen berrinterpretazio bat irudikatu du, iparrorratz baten bidez. «L'Huillierrek soinuaren bidez aldatzen den pieza bat sortu du, hainbat musikari eta poetarekin elkarlanean egindako soinu banda bat entzuten den bitartean».
Aurrerago, Abelardo Gil-Fournier artistaren lau metroko lan bat ikus daiteke, zeinak orri baten erorialdia irudikatzen duen. «Zenonen efektu kuantikoa irudikatzea da pieza horren helburua. Enrico Fermik egindako esperimentu batean oinarrituta, denboraren eta mugimenduaren izaera arakatzeko saiakera bat da», azaldu du Gil-Fournierrek. Ikuslearen posizioa aldatuz doan heinean, orria irudikatzen duten elementuak argituz edo ilunduz joaten dira.
«Ikusi ezin den pelikula bat egin dut»
JAIONE CAMBORDAZinemagilea
Ezkerreko gelaren hondoan, Jaione Camborda zinemagile donostiarraren pieza ikus daiteke. «Ikusi ezin den pelikula bat egin dut. Ikuspuntuaren aldaketan ardazten da nire lana», adierazi du egileak. Gor-itsutasuna jorratu nahi zuen zinemagileak, eta, horretarako, buelta bat eman dio zinema pantailen modu tradizionalari, atzeko aldea erakutsiz ikusleari, eta edukia ezkutatuz. Proiektoreak sortzen duen argiak, pantailan talka egitean, espazioaren materialtasuna nabarmentzen du, eta, horrela, gelako puntu ezberdinetatik ikustean, pieza aldatuz doa.

Eskuineko gelan, berriz, lau pieza jarri dituzte. Komisarioak Adriana Knouf artistarena nabarmendu du. Knouf: «Ordenagailu kuantiko bat irudikatzen saiatu naiz nire lanean. Materialak, formak, mugimenduak eta entzuten diren soinuak ordenagailu kuantiko baten antzekoak dira». Horrez gain, pieza osatzen duten kobrezko makiletan ikur edo marrazki batzuk ikus daitezke. Artistak azaldu du marrazki horiek emakume transek bizi izandako borroka irudikatzen dutela, bera emakume transgeneroa baita.
Beste gelan bezala, eskuinaldekoaren hondoan ere ikus-entzunezko pieza bat dago. Marina Rosenfieldek soinua baliatzen du artea egiteko, eta bi pantailaz osaturiko pieza bat txertatu du aretoan. Bi pantailetan marruskadura eragiten duten tresnak irudikatu ditu, zerbait marruskatzen, eta sortzen duten soinua hainbat bozgorailutatik zabaltzen da. Ukimenaren alde kuantikoa erakustea du helburu artistak.
Donostiatik kanpo
Tabakaleran ez ezik beste toki batzuetan ere egingo dituzte erakusketarekin zerikusia duten hainbat jarduera, hala nola Bilboko Guggenheim museoan eta Azkuna zentroan. Horrez gain, Tabakalerak Basileako (Suitza) HEK Haus der Elektronischen Kunste eta Eindhoveneko (Herbehereak) MU Hybrid Art House zentroekin elkarlanean prestatu du Ikuspegi kuantikoak, eta, horrenbestez, zentro horietan izango da ikusgai gero: abuztuan Basilean, eta 2026an Herbehereetan.