Kualitatiboki balantze ona egin dute Arcon egondako Euskal Herriko bi galeriek

Pieza gutxi saldu dituzte Madrilgo Arte Garaikideko Azokan.Dirua galdu arren, han egon beharra daukatela iruditzen zaie Carreras Mugica eta Altxerriko kideei

Julian Opie artista ingelesaren obretako bat, Arco Madrilgo Arte Garaikideko Azokan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Igor Susaeta.
Donostia
2015eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Aho bizarrik gabe eta segurtasunez mintzatu zen herenegun eguerdian Carlos Urroz, Arco Madrilgo Arte Garaikideko Azokako zuzendaria: «Krisia hasi zenetik, azken aldietako azoka onena izan da aurtengoa». Euskal Herriko bi galeriak, Bilboko Carreras Mugicak eta Donostiako Altxerrik, hartu dute parte, eta haien artisten obrak erakutsi dituzte han, azken bost egunetan. Erdizka bat egiten dute Urrozek esandakoarekin. «Interes bat, behintzat, nabaritu da, eta bazegoen giroa, mugimendua, beste poztasun bat nabaritzen zen. Artelanen prezioa galdetu digute; bada zerbait!», dio umorez Pedro Carrerasek, Bilboko galeriaren zuzendarietako batek —Ignacio Mujika da bestea—. Ikuspuntu «artistikoa» kontuan hartuta, Ignacio Velilla Altxerriko zuzendaria gustura itzuli da Donostiara. «Baina alderdi komertzialari erreparatuz gero, gehiago saltzea espero genuen». Kualitatiboki, bederen, balantzea ona dela iruditzen zaie biei.

Joan den asteazkenetik herenegun arte egin da azokaren 34. aldia Ifema feriagunean, eta guztira 100.000 bat pertsona erakarri ditu —aurreko urteetan ere antzeko izan zen kopurua—. Kolonbia izan da herrialde gonbidatua, eta 32 herrialdetako 218 galeriatako lanak egon dira ikusgai.

Carrerasen iritziz, ez dira lan inportanteak saldu. «Hori komentatzen zen». Bilboko galeriak, esaterako, pieza «soilak» saldu ditu: «2.000 bat euro balio dutenak». Besteak beste, Txomin Badiolaren, Itziar Okarizen, Eduardo Txillidaren, Erlea Manerosen eta Richard Serraren lanak erakutsi dituzte —azkenarena zen galeriaren obra garestiena, 400.000 bat eurokoa—. Altxerrik, berriz, Esther Ferrerren erakusketa monografikoa jartzearen aldeko apustua egin du, «haren lana modu duinagoan erakusteko asmoarekin». 52 argazki ziren, «artistaren gai gustukoenetako batez», denboraren iragaiteaz, mintzo zirenak. Bere gorputzaren zatiak erakusten dituzten zuri-beltzezko piezak dira.

Velillak Ferrerrekin batera prestatu du zer eta nola erakutsi—«orain hiru aste bere estudioan egon nintzen, Parisen»—, eta artista bera Altxerrik azokan jarritako espaziora hurbildu da behin baino gehiagotan. «Kostatzen zaio gisa honetako gauzak laudatzea, baina esan zigun oso gustura zegoela emaitzarekin». Museo batek interesa agertu du piezetako bat erosteko —52tik zazpi saldu dira Arcon—, eta azoka batek erakusketa monografiko bat egiteko intentzioa dauka Altxerrik aurten erakutsitakoarekin. «Komertziala baino gehiago, kulturala zen eskainitakoa», nabarmendu du Velillak. «Obra zaila da publiko zabalarentzat, ez baita, nola esan, jangela bat dekoratzeko modukoa, adibidez». Velillak zehaztu nahi izan du, badaezpada ere, Ferrerrek iaz Espainiako Kultura Ministerioaren arte plastikoen Velazquez saria jaso aurretik hasi zirela erakusketa prestatzen.

Obrak saltzen ez baldin badituzte, galeriek dirua galtzen dute Arcon. 100 metro koadroko espazio batengatik, 30.000 euro pasatxo ordaindu behar izan ditu Carreras Mujicak —40.000-50.000 euro artean gastatu dituzte guztira—. Pedro Carrerasen esanetan, dirua galduta ere, Arcora joan beharra dago. Batetik, beti daukatelako saltzeko ilusioa. «Beti pentsatzen duzu gauzak ondo aterako direla». Eta bestetik, oso inportantea delako artistarentzat eta galeriarentzat. «Nonbait egon behar duzu ordezkatuta. Artistak sustatu behar dituzu, Arcora mundo osoko museoetako ordezkariak etortzen baitira».

Erabat ados dago Velilla. «Bildumagileak eta instituzioetako zein museoetako kideak ez dira, propio, aldirietako hiri bateko —Donostiara, kasu honetan— galeria batera joango. Hortaz, joan beharra daukagu». Velillak iaz baino diru gutxiago gastatu du aurten —22.000 euro joan den urtean—, antolakuntzak diruz laguntzen dituelako programa orokorraren barruan jarritakoerakusketa monografikoak. Altxerriko zuzendariak ez daki, ordea, hurrengo urteetan ere formatu berari helduko dion. «Pentsatu beharra daukagu. Erakusketa moldea oso interesgarria eta atsegina da, baina kontuan hartu behar da dirua galtzen ari garela eta 20-30 artista dauzkagula».

Azken urteotako onena

Azken urteotan, apustu nagusia nazioarteko bildumagileak erakartzen egiten du Arcok—4,5 milioi euroko aurrekontua eduki du aurten azokak, eta ahalegin horretan gastatu du herena—. 300 gonbidatu ditu — «azoka handi guztiek egiten dute hori», zehaztu du Velillak—, baina ez dira horiek izan Carreras Mugicaren eta Altxerriren erakusmahaietan obrak erosi dituztenak. «Bi mexikarrek, bi norbanakok, erosi zuten gurean», aitortu du Carrerasek. Altxerrikoak ere norbanakoek bereganatu dituzte.

Ez dute azoka patxadaz ikusteko denborarik eduki, baina Carrerasen aburuz, azken lauzpabost urteetan «maila handiena» izan duena izan da. «Kolonbiakoek artista oso-oso garaikideen lan serioak eta indartsuak erakutsi dituzte, txorakeriarik gabekoak». Velillarentzat, poztekoa da galeria kopurua mugatu izana.«Obrak hobeto ikus daitezke, eta bisita askoz ere atseginagoa bilakatzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.