Ikasle gazteak liburuetara hurbiltzea izan da betidanik hezkuntzako arduradunen erronka nagusia, eta, gaur egun, inoiz baino zailagoa dute hori, irudia nagusi baita nerabeen egunerokoan. Euskarazko literatur zaletasuna sustatzeko asmoz, Airakurri lehiaketa antolatu du Euskal Editoreen Elkarteak. Joan den astean aurkeztu zuten egitasmoa elkarteko lehendakari Jexuxmari Mujikak eta idazkari Ana Urrestarazuk.
Euskal Herriko ikastoletako DBH 2ko ikasleentzat da lehiaketa, eta helburua gazteak literatur kritikari bihurtzea da. Hala, webgune bat jarri dute martxan, bertan ikasleek beren liburu gustukoenen inguruko iruzkin literarioa argitara dezaten. Apirilaren 15era arte bidal daitezke iruzkinak, eta onena sarituko dute liburu sorta bat eta tableta batekin. Saritutako ikaslearen ikastetxeak ere liburu sorta bat jasoko du.
Lehiaketaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, eta euskararen erabilera ikastetxeetatik harago bizitzako esparru guztietara zabaltzea. Mujikaren esanetan, lehiaketaren bidez ikasleei euskaraz irakurtzeko aitzakia gustagarri bat eskaini nahi diete: «Euskara eskolako eta ikaslanetako tresna soil bat baino gehiago izan dadin, euskararekin gozatzen asma dezaten, denok elkarrekin ekin beharra dugu; ikastetxeek ezin dute izan euskara sustatzeko pisu guztia: kanpotik ere lagundu behar da, literaturaren plazera ezagutu dezaten».
DBH 2ko ikasleentzat da lehiaketa, hau da, 13-14 urte bitarteko gaztetxoentzat. Dena den, beste adin batzuetako parte hartzaileak ere onartuko dituzte. Lehiaketan parte hartzeko gonbita Euskal Herriko ikastetxe guztietara bidali dute, hegazkin baten bidaia txartel baten forma duen iragarki baten bidez: «Gazteak ohituta daude bidaiatzera, eta erakutsi nahi diegu literatura ere modu dibertigarri bat izan daitekeela bidaiatzeko». Txartelarekin batera, Eider Iglesiasek diseinatutako kartela jarriko dute ikastetxeetan.
Irakurketa, plazer iturri
Dagoeneko webgunea martxan dago, eta, bertan, hainbat liburu gomendatu dituzte antolatzaileek, ikasleak animatzeko. Dena den, nahi duten euskarazko liburua aukeratu dezakete, eta iruzkina ere nahi bezala idatz dezakete. Mujikaren arabera, erraztasun guztiak eman nahi dizkiete ikasleei, lehiaketa eskolako ariketa soil bat baino gehiago izan dadin: «Irakurketa plazer iturri izan daitekeela erakutsi nahi diegu, eta, horretarako, irakurri dituzten liburuek sorrarazitako burutazioak elkarri kontatzeko bidea ireki dugu webgune honekin. Hizkuntza, ikasgai bat baino gehiago, disfrutatzeko tresna moduan erabil dezaten lagundu nahi diegu, etorkizunean ere plazer horretaz gozatzen jakin dezaten». Sariak apirilaren 23an banatuko dituzte.
Kritikariak egun batez
Euskal Editoreen elkarteak Airakurri iruzkin literarioen lehiaketa aurkeztu du.DBH 2ko ikasleek idatzitako kritika onena sarituko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu