Mikel Onandia. Arte kritikaria

«Kritikaren heriotza ez da erretorikoa izan»

Euskal artearen giroa islatzen saiatu dela dio Mikel Onandia arte kritikariak. 2009tik 2015era arte BERRIAn eta 'Deia' egunkarian idatzitako kritikak batu ditu 'Arte kritikak eta flamingoak zeru berdean' liburuan.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2015eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
«Euskal artearen urteotako giroa deskribatzen du liburuak». 2009tik 2015era BERRIAn idatzitako arte kritiken eta Deia-rako idatzitako arteari buruzko testuekin osatu du Mikel Onandiak Arte kritikak eta flamingoakzeru berdean liburua. Independentea da kritika bakoitza, baina osa daiteke argazki orokor bat haiek irakurrita ere, eta, horregatik, Onandiaren giroaren aipamena. Finantzaketa kolektibo bidez eta zenbait erakunde publikoren laguntzaz atera du liburua, Sans Soleil argitaletxearekin. Durangoko Hitz liburu dendan egongo da salgai liburua, eta Durangoko Azokan Gerediagaren mahaian.

Kritikaz kritika doa liburua, baina igar daiteke arteari buruzko gogoeta orokorrago bat ere.

Kritika guztietan daude gogoetak. Printzak. Baina egia da guztietan igartzen dela artea ikusteko modu bat. Kritika hori da. Ikustea erakusketa bat, artelan bat, horren inguruan zerbait pentsatzea, eta hori publikoari helaraztea.

Kritiketariko batean diozunez, ikuslearekin eta beste artistekin elkarrizketa sustatu behar luke erakusketa garaikide on batek. Hori da muina?

Erakusketa bat gehiago edo gutxiago gustatu, beti dago zerbait ateratzeko, eta beti sortzen dira pentsamenduak edo plazer estetikoa. Nik garrantzi handia ematen diot plazer horri ere, eta ez bakarrik artearen esparru intelektualari. Artezaleok zergatik dugu gehiago ikusteko beharra? Elkarrizketa sortzen delako beti.

Maiz, badirudi Guggenheim museoak eta beste museo gutxi batzuek osatzen dutela Euskal Herriko arte esparrua, baina zure liburuan hori baino askoz gehiago dela ikusten da.

Bai. Hor daude aretoak ere, galeria pribatuak, beste museoak... Aniztasun hori erakusten du liburuak. Artea da Guggenheim baino askoz ere gehiago. Guggenheim ere bada, baina baita hori baino askoz ere gehiago. Badago mundu bat publiko orokorrari heltzen zaiona, eta badago beste mundu bat jende gutxiago mugitzen duena baina hor dagoena.

Haizea Barcenilla kritikariak liburuko hitzaurrean dio artean homogenizazio eta merkantilizazio prozesu bat gertatu dela azken urteetan. Ados horrekin?

Bai. Erakusketak ikusten murgilduta zaudenean, gogoeta txikiak egin ditzakezu, baina distantziaz atzera begiratuta halako gauzez ohartzen zara. Artea azkenean da sistema bat gizartearen parte dena, eta sistemaren isla da aldi berean. Gure gizartearen ezaugarri asko hartzen ditu. Merkantilizazioarena hor dago. Museo masiboenek joera dute erakusketa baten arrakasta baloratzeko bisitari kopuruaren arabera edo oihartzun mediatikoaren arabera. Askotan arriskua dago jomuga zenbatu daitezkeen kopuruetan jartzekoa, eta gauza asko geratzen dira erdibidean. Pena da.

Arteari buruzko ikuspegia aldatuz joan zaizula diozu. Zertan?

Lehen kritiketan saiatzen nintzen analitikoagoa izaten, deskriptiboagoa, baina denborarekin konturatzen zara asmo hori ondo dagoela, baina artera hurbiltzerakoan daudela gauza asko gure diskurtso arrazionalari eskapatzen zaizkionak. Eta txunditzen bagaitu arteak da hain justu horregatik, bestela filosofia edo testu hutsa litzateke. Hori azpimarratzearen ezintasuna ikusi dut.

Kritika bera oso esparru prekarioa da, ezta?

Prestigio txikiko esparrua da. Artearen mundua dago heriotzaz betea: pinturaren heriotza, edo artearen heriotza edo halakoak beti, eta kritikaren heriotza ez da izan bakarrik erretorikoa. Egiaz,ez dakit funtziorik badaukan. Nik uste dut egin dezakeela zubi lana publikoaren eta artistaren artean, baina gero praktikan... Ilustrazioan sortu zenean eta balio zuenean orientabideak emateko publikoari eta artistari... Lehen kritikoek arte mugimenduak sortzen zituzten, orain desagertu egin da hori merkatuaren indarragatik. Arte kritika egun dago indar gabe, eta horrek ekartzen du prekaritate bat. Ez dut inor ezagutzen arte kritikan bakarrik dabilena.

Eta zergatik jarraitu?

Inplikazio pertsonal bat da. Behar bat. Nik, behintzat, beharra dut. Kritika idaztea neketsua da, konpromisoa duzulako artistarekin, irakurlearekin. Baina kritika ariketa oso aberasgarria da. Idazketa bera da pentsatzeko modu interesgarri bat. Makina martxan jarri behar duzu. Pentsamendua behartu egin behar duzu pixka bat.

Kritikak ere estetikoki lantzen dituzu batzuetan. Jolaserako aukera baliatzen duzu testuetan.

Ez duzu inoren lana eklipsatu nahi zure testuarekin, baina obra mota batek testu mota bat eskatzen dizu, eta obra baldin bada irekia, iradokitzailea, eta jostalaria zergatik ez idatzi zuk ere modu jostalarian. Eta hortik dator antologiaren izenburua: Arte kritikak eta flamingoak zeru berdean. Arte kritika, batetik, zentzu kantiarrean, gauza bat modu arrazionalean aztertzeko beharragatik, eta, bestetik, flamingoak zeru berdean. Eta hori da arte kritikari eskapatzen zaion hori. Adieraztea ezinezkoa dela jakinda hura esatera hurbiltzeko saioa. Asmo horrekin egiten dira kritikak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.