Literatura. 'Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua'

Zuriaren ostekoa

Egilea: Edorta Jimenez. Argitaletxea: Txalaparta.

PERU IPARRAGIRRE
2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Otutzen zaidan lehena, zera da: geruza anitzeko liburua dela Edorta Jimenezen Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua poliedrikoa. Sampedro eta Jauregi lankideek iruzkindu dituzten aurreko liburuen gisara, nobela beltza da hau ere. Eta literatura sailkatzeak irakurketa bera mugatzea ekar badezake ere, batzuetan idazketa bera ere muga badezake ere, iruditu zait mugak aise gainditzen dituela liburu honek, ausartzen dela mugak gainditzen, edo, behintzat, ez diola bere buruari mugarik jartzen, nobela-belztasun izate horren aitzakian.

Zeri kontrajartzen zaion nobelaren belztasuna kasu honetan? Erakundeek mezu ofizialetan zabaltzen duten zuritasunari, beharbada, eleberriari buruz prentsari emandako azalpenetan Jimenezek berak hala adierazi du, bederen. Bizkaia zuri horren itxurapean ezkutatzen dena da azalera dakarrena eleberriak. Azaleratze hori helburu izanik, salaketa-nobela gisa har liteke, eta bada, hein batean. Argi dago, dena dela, Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua ez dela panfleto bat, eleberri sendoa baizik. Sendoa eta geruza askotarikoz jantzia. Azaleko zuritasunaren belztasuna agerian uzten dute apurka geruzok, baina, batez ere, belztasunaren baitako zokoetan arakatzea ahalbidetzen dute. Indarkeria estrukturala eta indarkeria instituzionala batzen direnekoaz ari da: ustelkeriaz, torturaz... Baina tartekoaz ere ari da: estruktural eta instituzional den horrek zeharkatzen eta hori haragiztatzen duten pertsonei eta haien arteko harremanei buruz. Nobelako pertsonaiak zuritik beltzerako eskalan kokatzea zaila suerta daiteke, nahiz eta batzuk, bat, bederen, besteak baino zalantzagarriago izan, zalantzarik ez: misoginoago, lesbofoboago, nazkagarriago.

Tartekatzen diren bi narrazio nagusik osatzen dute nobela: lehen pertsonan idatzitako testigantza estiloko kontakizunak eta kontakizun horrekiko paralelo garatzen den hirugarren pertsonan kontatutako istorioak. Bilbearen jarioa ezin eramangarriagoa da, bi kontakizunek kontrapisua egiten baitiote elkarri, lehenaldian lehen pertsonakoak, orainaldian hirugarren pertsonakoak. Istorioari linealki jarraitzen diote biek eta linealtasun bikoitz horretan egiten du aurrera eleberriak. Linealtasun tranpatia da, haatik, aurrera egin ahala irakurlea ohartuko denez. Funtzionatzen duten tranpak dira, ordea, eleberrikoak. Eta horretan datza, agian, literatura ona. Ni neu, behintzat, bete-betean harrapatu nau nobelak. Gozagarria egin zait irakurketa, umoretsua eta latza baita, konbinazio aproposean.

Atentzioa eman didaten beste kontu pare bat ere ekarri nahi ditut. Deigarria da nola pertsonaia nagusietako batzuk «zera ohiak» diren, beste bat «zerakoen kolaboratzaile» izateaz akusatu, torturatu eta kondenatua, eta abar. Ez dira gutxi izen-jokoak, hitz-jokoak beste, kontakizunari dimentsio gehigarri bat ematen diotenak. Izendatzeko erek eta ez-izendatzekoek berebiziko garrantzia dute liburu honetan, aipatzen ez edota gaizki aipatzen direnez ari baita Jimenez. Hizkuntzaren erabilera da bigarren kontua, labur: euskararen barne —eta kanpo— tentsioek presentzia handia dute kontakizunean, eta baita kontakizuna emateko moduan ere: hizkerak, euskalkiak, diglosia ere ez dira falta zuritasunaren ostean ezkutuan dagoenari buruzko eleberri beltz eta poliedriko honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.