'Bestea / L'autre'
Lekua: Bilboko La Fundicion aretoa. Data: Urriak 25.Azken aulkiraino beteta agertu da bigarren egunez Bilboko La Fundicion aretoa Matxalen Bilbaoren Bestea / L'autre piezarekin, eta horrek erakusten du BAD festibalaren markoan estreinatu den lan honek ikusmin berezia piztu duela.
Oraingo honetan Iparraldeko Mugaz Gaindiko Laborategi Koreografiko delakoarekin elkartu da dantzaria bere ibilbide eszenikoa aberastu nahian, eta bertako Johanna Etxeberrirekin izandako elkarlana esanguratsua suertatu da, ez bakarrik bultzada ikaragarria eman diolako Matxalenen aspaldiko estilo ezagunari, baizik eta Mizel Thereten abstrakzio lirikoaren bidean edo bide horren atarian jarri duelako. Nik behintzat espero dut denon onurako izango dela etapa berri hau eta Bilboko dantzaren panorama konformistan zorroztasun eta diziplina irizpideak ezartzen lagunduko duela.
Irakurle prestuenek gogoratuko zutenez, duela gutxi ikusi genuen Miarritzeko Maitaldian Thereten azken sorkuntza —Zisnearen azken kantuak— berak eta Johanna Etxeberrik dantzatua, eta, lanaren planteamenduari kasu eginez gero, lepoa egingo nuke Mizel bera ez dela urrun ibili oraingo sorkuntzatik, eta eskertzekoa da, dantzaren araztasunaren hobe beharrez.
Bestea / L'autre-k bestearen existentziaren auzian arakatzen du, taula gainean elkarren antza duten bi dantzari agerraraziz. Behegain zuriak eta zurietan oinarritutako argiztapenak nolabaiteko itxura klinikoa eman diote analisiari, eta biek jantzi dituzten praka beltzek eta diseinu soileko kasakek dantzari bien liraintasun heldua azpimarratu dute. Soiltasunean ere oinarritu da mugimenduaren diseinua, ibilera lasaiak eta jarrera estatiko ilaunak konbinatuz eta bestearen paraleloan edo kontrastean jardunez. Planteamendu abstraktu horretan nabarmenak izan dira eskortzo leuneko irudien ugaritasuna eta airea dantzari bien artean ezartzearen beharrizana.
Muturreko abstrakzio gogor horretan isilune luzeak izan dira nagusi, eta soinua etorri denean Marc Canoren konposizio latzak entzun ditugu, zarata hutsetik hurbil eta ikusleen gogoa nahigabetuz. Nik beti uste izan dut ezin direla ikusleekiko zubi guztiak dinamitatu, baina badirudi horixe izan dela lan honen nahietariko bat. Hala ere, ongi etorria izan dadila, bide berriak esploratzeko gogoaren izenean.