'Migratzaileak'
Konpainia: Aukeran. Zuzendaritza: Edu Muruamendiaraz. Dramaturgia eta eszena-zuzendaritza: Oier Guillan. Musika: Xabi Aburruzaga. Koregorafia berezia: Iker Karrera. Koreografia garaikideak: Ane Anza, Maier Muruamendiaraz. Argiak: Carlos Solano. Jantziak: Oscar Armendariz. Dantzariak: Ane Anza, Bingen Esturo, Ane Etxebarria, Unai Iraola, Maier Muruamendiaraz, Nahikari Sanchez, Uxue Sanchez, Danel Serrano, Claudia Talavera. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Martxoak 13.Indartsu hasi da Migratzaileak dantza-lana dFeriaren aurreko estreinaldi honetan. Viktoria Eugenia antzokiko agertokiaren atzealdean lerroko formazioan agertu dira zortzi dantzari musikaren erritmoari beren gorputz-atal eta mugimendu koordinatuekin erantzunez. Argi zenital banaren pean jardun dute eta beren janzkeran marroi gamako tonuak nagusitu dira, urdinaren ukitu batzuekin.
Era horretan ospatu nahi izan du Aukeran dantza konpainiak bere hogeitabosgarren urteurrena, eta dantza mundutik kanpo ez dagoela irudikatzeko migrazioen kontua hartu dute gaitzat, Oier Guillanekin elkarlanean dramaturgia eta gidoiaren alorretan. Hainbat koreografiak osatzen dute emanaldia, eta haien artean entzun ditugun euskarazko testuek Guillanen aztarna daramate, erantzunak ematera baino gehiago itaunak planteatzera etorri zaizkigulako. Hiruzpalau aldiz entzun dugu afrikar migratzaile baten ahotsa ere, hasierakoetan bere gaztelania traketsean eta azkenekoan euskara nahiko txukunean, gogoz ikasten ari baita.
Dantzaren diseinua ere ziurgabetasunaren printzipio horretatik planteatu da gehienetan, diskurtso pedagogikoetatik urrun eta estilo garaikidean bilaketak eginez. Taldearen ibilbidea kontuan hartuz, espero izatekoa zen bikaintasunera heltzea euskal dantzetatik hurbilago egon diren pasarteetan, eta hala izan da zalantzarik gabe, halako moldez non ikusleek hirutan gutxienez txalotu baitute, entusiasmoz, dantzarien estiloa. Euskal kutsuko pasarteetan ere izan dira deribazio garaikide leunak, azken finean euskal jendea ere izan delako migratzaile behin baino gehiagotan, eta txatal garaikideagoetan talde eskultoriko dinamikoek hartu dute garrantzia gehien bat.
Carlos Solanoren argi diskretuek eremu isolatuak markatu dituzte noizean behin, eta beste batzuetan bazirudien taldearen desplazamenduak bultzatzen zituztela. Bestetik, Xabi Aburruzagaren soinu-banda elementu nagusitzat jo behar dugu, inguratzailea eta kolorista izateaz gain, esangura berezia eman diolako guztiari. Afrikar migratzailearen azken adierazpenean «ez damutu» entzun dugu, eta lerrook idaztean gogoan dugu Bidasoan azken egunotan itota galdu denaren bizia. Noiz arte?