BOS
Egitaraua: Wolfgang Amadeus Mozart eta Dmitri Xostakovitxen obrak. Zuzendaria: Pablo Gonzalez. Piano bakarlaria: Katia Buniatixvili. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Eguna: Apirilak 12.Publikoak ia bete egin zuen Euskalduna Jauregia, BOS Bilbao Orkestra Sinfonikoaren denboraldiko 13. kontzertuko egitarau boteretsua eta piano jole on-ona entzuteko, eta uste dugu kontzertuak ez zuela hutsik egin, inolaz ere, Pablo Gonzalez zuzendariaren ardurapean. Mozarten 20. kontzertua piano eta orkestrarako re minorrean-ek aldaketa eragingo zuen, bai haren ekoizpen propioan bai geroko konpositore batzuetan. Lan horretan Erromantizismoaren printzak Klasizismo moderatzaile eta bertutezkoarekin batera ageri baitira. Eta hortik abiatuta lortu zuen Katia Buniatixvilipiano jole apartak oreka interpretatiboa Euskaldunako kontzertuan: dramatismoa menperatzea, hain zuzen ere. Jole georgiarrak egun erdietsia duen heldutasunari zor zaio hori. Buniatixvilik, baina, ez zuen teknika hutsa adierazi. Atzamarren zehaztasuna, eskalak oktabetan eta prestissimoan, esaldien biribiltasuna,apaindurak... Horrez kanpo, sentipenak kontrolpean edukitzea lortu zuen. 2. Mugimendu zoragarrian nola, hala cadenzetan... Azkenean, eta publikoaren berotasuna eskertzeko, bakarlariak bi pieza labur eskaini zizkigun, txalo zaparrada artean.
BOSen kasuan, berriz, ez zuen aprobetxatu partiturak orkestrariematen dion protagonismoa, gure ustez. Hasierako mugimenduan, esaterako, partiturak dakartzan bizitasunak alboan utzi eta piano joleari laguntza mekanikoa ematera bakarrik mugatu zen.
Aldiz, gure orkestrak distiraz interpretatu zuen Xostakovitxen 11. sinfonia erraldoi eta konplexua, Op. 103 «1905 urtea» deritzona. Komunista bazen ere, Xostakovitx ez zegoen guztiz ados Sobiet Batasunean indarrean zegoen Stalinen diktadura burokratiko eta ustelduaren politikarekin, eta, Errealismo Sozialistari muzin egiteagatik omen, jazarpena nozitu zuen. Stalinen heriotzaren ostean idatzi zuen konpositoreak 11. sinfonia; libreago, teorian, nahi zuen estetika lantzeko. Alderantziz, baina: aurrekoetan baino errealistago azaldu zen Tsarren Errusia, 1905eko aurre iraultza komentatzeko. Igande odoltsuko jazarpen bortitza, biktimei eginiko omenaldia eta balizko iraultzarenetorrera agertu zuen. Ez hori bakarrik, ordea. 1956ko lan horretan —iraultza gertatu eta 40 urte geroago—, hainbat eta hainbat doinu eta kantu herrikoi eta iraultzailerenartean, azken mugimenduko azken aurrekopasartean, bere desengainua adierazi zuen konpositoreak, hasierako giro petrala, hau da, Tsarren garaikoaren moduko zapalketa egoera iradokiz, herri gaixoagatik pena sakonean murgildurik. Pablo Gonzalez zuzendariak oso ondo kontzertatu zituen sobietar sortzailearen partitura beti konplexuak, eta horretan lan handia eta emankorra egin zuten musikarien familia guztiek. Bakarlari batzuk nabarmendu ziren, hala ere: tronpeta (sasi hutsekin eta guzti), tinbalak, korno ingelesa, flauta, zelesta, harpak...