Haur literaturak sortu dituen pertsonaien artean badira bi elefante aparteko. Babar da kronologikoki lehena, 1931n Jean de Brunhoffek sortua. Beste elefante gogoangarria Elmer da, 1968an D. McKeek sortu zuena.
Segur aski, errealitatean animalia horri izendatzen zaizkion dohain nabarmenek lagunduko zuten pertsonaia hauek erakusten duten antzeko profila eraikitzen. Euren ipuinak irakurtzeko aukera izan dugunok badakigu biak direla nobleak, ekintzaileak eta jendekoiak. Zilegi da geure buruari galdetzea ea batak (Babar) bestearen (Elmer) sorkuntzan zenbateko eragina izan zuen.
Elmerri dagokionez, bere ibilbidean (autorea hil berri denez Elmerren titulu berriak agortu ote zaizkigu, ala tiraderaren batean ezustekoak topatuko dituzte, Nikolas Txikirekin gertatu bezala?) hiruzpalau dozena titulu daude ingelesez, tartean margoketa eta zenbaketako azpi-produktuak. Euskaraz bederatzi ipuin ditugu. Azken hau (Elmer eta oparia) jatorrizko bertsioarekin batera kaleratu dute, McKee hilberritan dela.
Honegatik, agian, ipuin honek zaharrei zor diegun maitasuna eta pazientzia aldarrikatzen ditu, belaunaldien arteko elkarbizitza goratzen bezainbeste.