Donostiako 69. Zinemaldia. KRITIKA. Perlak

Zirrikitu batetik

Charlotte Gainsbourg eta Jane Birkin, filmaren irudi batean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
'Jane par Charlotte'

Zuzendaria: Charlotte Gainsbourg. Herrialdea: Frantzia-Erresuma Batua. Iraupena: 90 minutu.

Jane Birkin eta Charlotte Gainsbourg. Ama-alabak. Abeslariak eta aktoreak. Abiapuntua: ez dute harreman estu bat, ez dute elkar asko ezagutzen, eta deserosotasuna nabari da haien artean. Tresna: hainbat kamera eta irudi asko.

Charlotte Gainsbourgen lehen film honetan, bere ama ezagutzeko egiten duen bidaian lagunduko dugu. Ezagutu eta ulertzeko jarduera bat izango da. Izan ere, alabak egiten dion lehen elkarrizketan filmaren funtsa izango dena azaltzen digu: ez dute harreman estu bat, eta Charlottek beti galdetu izan dio bere buruari horren zergatia zein den.

Lehen elkarrizketa horretan abiatzen da ama-alaben istorio hau, ama izatearen eta alaba izatearen arteko balantza; biak dira ama, eta biak dira alaba, eta horrek bakoitzarentzat zer esan nahi duen aztertuz joango dira, elkarren arteko harremanaren korapiloak askatuz doazen bitartean.

Ez nuen emakume hauei buruzko informazio askorik; filmen bat ikusia nuen, kantaren bat entzunda, eta aita/senarrari buruz zer edo zer irakurria. Baina aipatutako horiek gutxienekoa dira istorio honetan. Bai, haien bizitzaren zati garrantzitsu bat dira fokuak, estreinaldiak, filmak eta kantak, baina interesgarriena hori guztia alde batera uztean kontatzen dena da, eta Gainsbourgek bikain egiten du. Azken batean, Jane Birkin haren ama da, eta bera haren alaba, eta haien arteko harremanak gutxi du zinemaz eta glamourraz.

Era goxo baina zuhurrean erretratatzen digu ama Gainsbourgek. Horretarako, biek ondo ezagutzen dituzten kamera, argazki saio eta irudiak erabiliko ditu; ingurune ezagun eta eroso bat sortuko du bientzat, barruan duten hori lasai azaleratzeko. Emaitza handikeriarik gabe egindako filma da; Gainsbourgek amarekin hitz egiteko jarri duen aitzakia dirudi, baina eskertzekoa da, zirrikitu batetik bada ere, barrura begiratzen utzi digulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.