'Kooza'
Konpainia: Cirque du Soleil. Zuzendaria: David Shiner.Lekua: Zorrotzaurreko zabalgunea (Bilbo).Eguna: maiatzak 15.
Frantzia, Belgika eta Errusiara bidaiatu baino lehen, Euskal Herrira etorri da Cirque du Soleil Kooza izeneko ikuskizunarekin eta ohiko karpa handiaren pean. Izan ere, karparen kontua ez da nolanahikoa, aurreko bisitan—Alegria, 2012an— Bilbo Arena kirol-pabilioian aterpetu zelako, eta horrek asko zaildu zituen haren bikaintasunaz gozatzeko posibilitateak.
Beraz, poztekoa da ostera ere zirkuaren formatu klasikoa berreskuratu izana, azken finean horixe delako erarik egokiena fisikotasunarekin eta arriskuarekin lotutako arteak erakusteko. Akrobazia eta pailazoak dira oraingo muntaiaren alderik nabarmenenak, eta, Quebeceko faktoriatik irtendako produktu guztietan bezala, nolabaiteko giro oniriko edo fantastikoan bilduta agertu dira artistak eta ekitaldiak, Innocent samurra, Trickster misteriotsua, Errege Zoroa eta haren bi pailazo laguntzaileak pertsonaia nagusiak direla.
Guy Lalibertek konpainiaren sorreratik ezarritako estiloari jarraiki, kalitate handikoak izan dira jantzi koloretsuak eta makillajea, eta musikaren interpretazioa ere bikaina izan da, partiturari handitasuna edo distira apur bat falta izan zaion arren, agian aire girotuaren zarata nabarmenaren eraginez. Garbi dago, ordea, argien diseinua eta dispositibo teknikoen erabilera ez direla heldu aurreko ikuskizun batzuen bikaintasunera.
Lehen esan bezala, airetiko akrobazia da Kooza honetako indar-gunea, eta beste saio txikiago batzuen artean —nagusiki hiru neska bihurrikariena eta aroekin egindakoa— zenbait ekitaldi handi eskaini dizkigute. Ikusgarriak izan dira tranpolinez lagundutako jauzi akrobatikoak eta Heriotzaren gurpila, nahiz eta azken horretan zailtasunak izan dituzten soka-saltoan ibiltzeko, baina duda barik, kable gaineko oreka izan da gaueko saiorik bereziena. Gainera, altueran zegoen laukoteak emozio handiko uneak sortu ditu haietariko batek oreka galdu, kableari esku batez heldu eta berriro gainera igo denean, ikusleen txalo-zaparrada artean.
Neurri ertaineko beste ariketa batzuetan ere abilezia izan da nagusi, hala nola monoziklo gaineko bikotearen eboluzioetan eta zazpi aulkiren gaineko oreka miresgarrian, non ekilibristaren gihar-tonu ikaragarria ezin hobeto elkartu den ekitaldiaren dotoreziarekin. Trapezioko emakume bakarlariak, ordea, ezin izan du bere erakustaldia gauzatu azalpenik gabeko akats tekniko baten ondorioz, eta pailazoek, azkenik, umorez zipriztindu dute gaualdia, nahiz eta, nire gusturako behintzat, umeen parametroetatik hurbilegi ibili diren.
Kritika. Zirkua
Zirkuaren gorabeherak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu