'El veneno del teatro'
Egilea: Rodolf Sirera.
Zuzendaritza: Mario Gas.
Aktoreak: Miguel Angel Sola, Daniel Freire. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia.
Eguna: Azaroak 29.
Zipreko ardoa edatean hasiko da gonbidatua lasaiago sentitzen. Ordubete darama anfitrioiaren agerpenaren zain, eta makuluarekin zenbatzen ditu segundoak, zoruan kolpe pausatuak joz. Beragandik distantzia handian —bai fisikoki bai pertsonalki— etxeko maiordomoa dago, geldi-geldi eta isilik, karguari dagokion diskrezioari harrizkoa balitz bezala eutsiz. Bien inguruko dekoratuak soiltasun handiz eta oso elementu gutxirekin irudikatzen du jauregi bateko saloia, eta argiztapen tenebristak egoeraren misterioa areagotzen du.
El veneno del teatro-ari erreferentziak bilatzen hasita, gogoratu ahal dugu 2003an Donostiara etorri zela izen bereko muntaia triste bat, Antonia San Juanen luzimendu pertsonalerako bereziki pentsatua. Beraz, hobe dugu lan hura ahanzturaren zuloan uztea. Ordea, polita da jakitea orain dela hogeita hamabost urte sortu zuela Rodolf Sirera valentziarrak jatorrizko obra, telebistarako eta El verí del teatre katalanezko izenarekin. Harrez geroztik sari asko irabazi ditu egileak lan honekin, eta mundu zabaleko areto askotan antzeztu da, bere bertute ukaezinei men eginez.
Argumentuaren oinarrian antzerki-artifiziorik behinena agertzen zaigu: etxeko jaunaren nahia da berak idatzitako testu bat gonbidatuak antzeztu dezala. Baina, behin jokoa onartuta, gero eta zailagoak bihurtuko dira baldintzak, egileak diseinatutako makineria dramatiko zehatzari jarraiki, eta aldi berean gogoeta mamitsu ugari plazaratuko dituzte pertsonaiek, aktorearen prestakuntzaz, antzezlearen eta pertsonaiaren arteko aldeaz eta, oro har, antzezpenaren arteaz.
Alde horretatik, paralelismo interesgarri batzuk ezarri ahal dira Xabier Mendigurenen Publikoari gorroto obrarekin, nahiz eta azken kasu honetan gehiago hausnartzen zen antzerkiaren funtzio sozialaz, eta oraingo honetan pisu handiagoa hartzen duten antzerkiko alderdi teknikoek. Artifizioari eusteko, berriz, funtsekoa da ikusleen onarpen aktiboa, eta zeregin horretan ezinbestekoak izan dira isilaldi luzeak, geldiune esanguratsuak eta aktore bien antzezpen miresgarriak. Egia esan, ez genuen besterik espero haiengandik, baina beren bikaintasunak itxaropen guztiak bete ditu eta lagundu egin digu Mario Gas zuzendariarengan ia galduta genuen fedea berreskuratzen.
Kritika. Antzerkia
Zipreko ardoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu