Egilea: Chuck Palahniuk. Itzultzailea: Naroa Zubillaga. Argitaletxea: Txalaparta.
Fight Club filmak eragin zuen eleberriaren arrakasta eta, bide batez, Chuck Palahniuk idazle estatubatuarraren ospea ere bai. Filmaren aurretik, liburuak ez zuen lortu irakurleen arreta bereganatzea. Agian horrek azal dezake euskarazko itzulpenaren lehen orrialdean Brad Pitten irudia agertzea, irakurtzera zoazen istorioak arrakasta literaturaz kanpoko arrazoiei zor diela gogorarazteko edo.
Hasiera indartsua du eleberriak, oso zinematografikoa. Zoragarriki nahasgarria ere badela esango nuke, amaieratik kontatzen hasten diren istorio guztiak bezala. Lastima argumentuaren originaltasuna handik orrialde gutxira agortzea. Protagonistak insomnioa du eta bizitza etsigarria darama, heriotzatik hurbil egoteak bizirik sentiarazten duela deskubritzen duen arte. Bidean Marla Singer eta Tyler Durden ezagutuko ditu. Azken horrekin Borroka Kluba sortuko du, gizonek esku hutsez borrokatzeko klub klandestinoa. Geroago, Triskantza Proiektua abiatuko dute, mundua zibilizazioaren suntsipenaren bidez salbatzeko asmoz.
Pertsonaien jarrerak eta, batez ere, haien ekintzek gorrotoaren eta mespretxuaren arteko sentipena eragin didate. Narrazioan indarkeria eta odola aurkituko ditugu nonahi; badirudi egileak burura etorri zaizkion gauza nazkagarri guztien segida egin nahi izan duela. Borroka Kluba bazkalondoa honda diezazuketen irakurketa horietakoa da; sabela beteta gomendatuko ez nukeen esperientzia, alegia. Bortizkeria esplizituak eraso egingo dizu lerro bakoitzean, irakurle.
Nonbait irakurri dut istorioak kontsumismoaren aurkako kritika gorde duela. Egia da eleberria interpretazio hori bideratzen saiatzen dela, baina niri argudio ahulegia iruditzen zait protagonisten jokaera ankerra eta Borroka Klubaren eta Triskantza Proiektuaren zergatia azaltzeko. Aitzakia baino ez du ematen halako bortizkeria erakustaldia egiteko. Izan ere, istorioari lehiaketa itxura hartu diot maiz, bizitzaren alderdi mingarrienen aurrean sentsibilitate eta errespetu gutxien nork izango, edo, garbiago adieraztearren, norbere buruari, inguruko jendeari zein gizarte osoari putakeriarik handiena egiten nor ausartuko.
Entzun dudan bigarren interpretazio posiblea Borroka Kluba maitasun istorio bat delakoa da. Horren zantzuak badirela ukatu gabe, hain dira lausoak... Maitasuna nola ulertzen dugun. Nik protagonisten artekoa mendekotasun hutsean oinarritutako harreman gisa definituko nuke.
Ziurrenik, obrako alderdirik interesgarriena, argumentuan ez, baizik eta narrazio tekniketan aurki daiteke; bereziki Naroa Zubillaga itzultzaileak modu bikainean islatu duen pertsonaien ahotsen berariazko nahastean. Diskurtsoak erakusten duen errepikapenerako joera, bestalde, aho biko labana bihurtzen da; Borroka Klubeko arauak kapitulu berean hainbat aldiz errepikatzeak asperdura eragin dezake, baina gertaera nabarmenen bat zeharka aipatzea, kapitulu batzuk aurrera osorik azaltzeko, irakurleon jakin-mina pizteko oso baliabide egokia da.
Laburtuz, itsuskeriaren estetikara neurrigabeki jotzearen ondorioz eta pertsonaien motibazio ahula eta jokaera arina eta zentzugabea direla eta, Palahniukek sendotasunik gabeko trama eraiki du.
'Borroka Kluba'
Zibilizazioaren suntsiketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu