KRITIKA. Musika

Zeru eta lur

Juanjo Mena zuzendariak gidatu zuen kontzertua. MICHAL NOVAK.
Marta Garcia
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun

EOS

Zuzendaria: Juanjo Mena. Abesbatza: Vocalia Taldea. Hirukotea: Kalakan. Egitaraua: G. Erkorekaren Zuhaitz, euskal perkusiorako eta orkestrarako kontzertua eta G. Holsten Choral Hymns from Rig Veda (2. multzoa) eta Planetak. Lekua: Kursaal auditoriuma. Eguna: Urriak 27.

Gustav Holstek 1908. eta 1912. urteen artean idatzi zituen Choral Hymns from Rig Veda osatzen duten lau multzoak, haren Sita eta Savitri operek ere argia ikusi zuten garai «sanskritoan». Eskuragarri zituen itzulpenak desegokitzat omen zituen, eta, horregatik, sanskrito hizkuntza ikasteari ekin zion, bere musikara hobeto molda zitezkeen testuak sortu ahal izateko. Vocalia Taldearen soinu zuri eta garbiak gardentasun osoz ireki zituen Varuna jainkoari eskainitako lehen ereserkiaren harmoniak, samina eta argitasuna kontrajarriak ez direla frogatuz. Agni suaren jainkoaren ereserkian, aldiz, sakontasun falta sumatu zen ahotsetan, aldika orkestraren gainetik pasatu ezinik.

Gabriel Erkoreka bilbotarraren Zuhaitz, euskal perkusiorako eta orkestrarako kontzertua-k itxi zuen lehen zatia, 2016an estreinatua. Konpositorearen esanetan, ingurumenaren defentsan egindako obra honek musika «jasoa» eta folklorea uztartzeko moduak ikertzen ditu, oraingoan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Kalakan hirukotearen arteko hartu-emanean. Instrumentuen tinbrearen lanketan, partiturak lurraren erraiak iraultzen ditu, musika eta natura batzen dituzten elementuak gailenduz: zura, haizea, perkusioa, ahotsa. Kursaala basoa zen.

Erkorekaren obra estreinatu baino ehun urte lehenago amaitu zuen Holstek bere Planetak suite ezaguna, kontzeptu astrologikoek eta horoskopoaren ideiek gidatuta. Juanjo Menak lehen zatiaren ñabarduretan erakutsitako maisutasuna agerikoa izan zen obra guztian zehar, Marte mugimenduaren keinu egonkorrean zein Jupiter-en tenpo alai eta jostalarian, metalen doitasun ezak zama pisutsua izateko itxura hartu bazuen ere. Bereziki nabarmentzekoak Venus mugimenduaren solo laburrean Juan Ignacio Emmek biolontxeloari jantzitako dotorezia eta kolore goxoa. Agertokiaz bestaldera, Vocalia Taldeak bikain bete zuen Neptuno mistikoa borobiltzen duen ahots zurien parte-hartzea, bukaerako ostinatoa fade-out ederrean galduz.

Pitagoras, beharbada, ez zebilen guztiz oker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.