KRITIKA. Antzerkia

Zerbait gertatzen ari da

Erika Olaizolaren Panpina antzezlaneko irudi bat. LEIRE ARENAS.
Agus Perez.
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun

'Panpina'

Zuzendaritza: Erika Olaizola. Dramaturgia eta idazketa: Oier Guillan. Irudia eta planteamendu espaziala: Leire Arenas. Kanpo-begirada: Oier Guillan eta Jabi Barandiaran. Aholkularitza estetikoa: Idoia Beratarbide. Argiak: Jabi Barandiaran.Lekua: Azpeitiko Soreasu antzokia.Eguna: Urriaren 31.

Zerbait gertatzen ari da euskarazko antzerkian. Azpeitiko 37. Euskal Antzerki Topaketak hasi ziren ostegunean , eta ez zegoen sarrera librerik Erika Olaizolaren Panpina ikusteko. Egia da gero agertokian bertan kokatu zituztela ikusleak, baina, hala ere, antzerkiaren arloko profesional asko etorri ziren Olaizolak zer esan behar zuen ikustera; ikusle arruntak ere gogoz zetozen, eta oso giro polita sortu zen ilara jendetsuan patxadaz geundenon artean.

Zerbait gertatzen ari da euskarazko antzerkigintzan, eta Erika Olaizola da horren zantzurik argiena, munduratu duen performance edo antzezlanaren atzean —nondik begiratzen diogun indar sortzaile berri eta ez hain berri asko egon direlako; elkarlanean, modu horizontalean eraikiz, arteari benetako zentzua emanez, inguratzen gaituen errealitatean errotuta, eta gure nor nor ote den galdetuz. Nork eraiki ote gaituen gu izan ez bagara, zerk eraiki ote gaituen, eta ea eraikuntza horrekin konforme, aseta, harro edo nazkatuta ote gauden.

Olaizola Kamikaz kolektiboaren partaide da, Amancay Gaztañagarekin eta Miren Gaztañagarekin batera, eta nik behintzat lehen aldiz Francoren bilobari gutuna hartan ikusi nuen. Gero Xake produkzioak-en Lur bikainean. Orain Metrokoadroka kolektiboko hiru kide funtsezkoren laguntza jaso du bere proiektua aurrera eramateko, eta bidean Leire Arenas diseinatzaile eta ilustratzailearen ezinbesteko laguntza izan du. Argi dago esandako guztiek ez dutela euren artean era konpetitibo batean jardun, eta hori emaitza eszenikoan igarri eta eskertu egiten da. Zerbait ari da gertatzen hau guzti hau posible egiten denean, naturaltasunez eta efikaziaz gertatzen denean. XXI. mendeari dagozkion planteamenduak ari dira beren bidea egiten gurean, eta euskararen eremuan ari da hori guztia arrakastatsua izaten. Bazen garaia, baina ez diezaiogun inoiz erne egoteari utzi.

Miren Gaztañaga aipatu dut lehenago, eta emanaldian zehar haren Stereo fundazional hartaz gogoratu naiz etengabe. Haren ausardiaz, haren zintzotasunaz, haren planteamendu probokatzaileez. Argi dago oraingo lan hau orduko haren zorduna dela, subliminalki izan arren, baina, aldi berean, zilegi ez, guztiz beharrezkoa ikusten dut oraingo belaunaldiaren ordezkari batek bere gogoetak Stereo hark bezain zintzo eta ausart plazaratzea, gorputzaren itxurari eta emakume legez duen rol sozialari begira. Horrez gain, kontuan hartu behar dugu pertsona, antzezle eta pertsonaiari buruzko gogoeta ironiko ugari entzun ditugula—Dantzertin emandako Zauri Bolodia gogoan—, eta horiek guztiak sendo, hurbiltasunez eta argien zein musikaren ganorazko erabileraz lagunduta etorri direla. Aspalditik zetorren kontu hau, baina orain ukaezina da: zerbait ari da gertatzen euskarazko antzerkian, eta bazen garaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.