Zaila egiten da gaur egungo literatura sorkuntzak garai bateko parametroekin aztertzea. Oraintxe esku artean dudan Bidean albumarekin gertatzen ari zait. Irakurri nuen, irakurri dut, berriz ere ari naiz, eta beran jarraitzen dut: dena errazagoa zen liburuak ondo pasatzekoak zirenean, edo ikastekoak, bestela. Eta ez diot baliorik kendu nahi obra honi, ez horixe, baina honetan jarri nau, halabeharrez.
Proposamen estetiko ikaragarria eskaintzen du, collagearen, argizari margoen eta errotuladoreen bidez. Itxura batean baldarrak baina teknikoki aratzak diren ilustrazioak, testuarekin bat eginda orrialdean, orain idazketa mekanografiatua, orain haurraren idazketaren imitazioa.
Gidoiaren helburu nagusia ikara zer den azaltzea da, aurresuposatuta haurrek irudimenarekin jolasteko zaletasuna dutela, eta hartara protagonista gisa haur ekintzaile eta irudimentsu bat proposatuta.
Istorioa garatzeko albumetan ohikoa den egitura aurkituko dugu, ekintza bera hainbat eszenatan errepikatuta, harik eta azken eszenan korapiloa askatzen den arte. Egitura sinplea, bestalde, haur literaturan orain arte haur txikienekin erabiltzen zena eskuarki.
Protagonista (Irati) ikertzen jartzen zaigu, irakasleak ikara marrazteko agintzen dienean. Irudimen aberats eta bihurrikoa izanik, hitzaren fonetikari eta semantikari erreparatzen dio lehenik, baina hitzari neurria hartu ezinik dagoela sentituta, inguruko helduengana jotzen du. Heldu bakoitzak definizio poetiko-metaforiko bana eskaintzen dio, lau denera. Definizioak estetikoki oso iradokitzaile eta jostalariak dira, metaforikoki indartsuak; esaterako, amonak «ezkutatu arren, beti ateratzen den zirrara» dela esango dio. Eta lau definizioak osagarriak dira, puzzle baten piezak bezala. Hala, azken eszenan, Iratik definizio abstraktuak ideia konkretuetara bihurtuko ditu, eta marrazkia egin ahal izango du.
Liburuaren izenburua Bidean izanik, garrantzitsuena bidean gertatzen dela iradokitzen zaigu, bilaketan bertan. Eta bidean lau heldu topatu ditu: aitona, amona, Julia periodiko saltzailea, eta Ingrid bizilagun musikaria. Bakoitzarekin duen harremanaz eta hark sortzen dion emozioaz aipamentxo bana eskaintzen digu Iratik, ez gehiago. Sarrerako irakaslea eta amaierako aita ere hor daude, baina hauetaz ezer gutxi esaten zaigu.
Heldua naizen aldetik, ikara hitzarekin egindako jolas literario iradokitzaile baten parte sentitu naiz. Bitartekari naizen aldetik, ordea, sentitu dut zalantza. Txikiekin erabiltzeko ezaugarriak dituela iruditu zait, ilustrazioak eta egitura sinpleak haiengana hurbiltzen direlako, baina, bestalde, metaforaren eta ideia abstraktuen erabilera adin nagusiagokoekin erabiltzeko dela pentsarazten dit. Bitartekariok adi egon behar dugu halakoetan: aski frogatuta dago haurtzaroan muga lausoa dagoela errealitatearen eta fantasiaren artean (Olentzero etab.), baina haurren irudimena ez da ahalguztiduna, lehena frogatuta dagoen bezala, irudimenari dagokionez, haurrak ez baitira apartekoak, are gutxiago metaforak tartean daudenean.
Errazagoa zen dena helburua ondo pasatzea zenean.
Haur eta gazte literatura. 'Bidean'
Zer ote da ikara?
Idazlea: Garazi Arrula Ruiz. Ilustratzailea: Helena Azkarragaurizar Jauregi. Argitaletxea: Denonartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu