'Un silence'
Zuzendaria: Joachim Lafosse. Aktoreak: Daniel Auteuil, Emmanuelle Devos. Herrialdeak: Frantzia-Belgika-Luxenburgo. Iraupena: 100 minutu.Gizarte gaiak lantzen eta horietan sakontzen abila da Joachim Lafosse Belgikako zinemagilea. 2015ean, zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen Zinemaldian, Les chevaliers blancs filmari esker. Lan hartan, Txadera haur umezurtzen bila doan gobernuz kanpoko erakunde baten istorioa kontatu zuen. Buruko osasunaren gaiari heldu zion, bestetik, Les intranquilles (2021) filmean. Hausnarketarako eta eztabaidarako gaiak ziren haiek.
Eta Un silence filmean ere bada gizarte gai gogor bat: pedofilia eta haur pornografia. Abokatu ospetsu batek (Daniel Auteuil) eta haren familiak gai horren bueltan bizi dutena kontatzen du Lafossek. Eta, jakina, hori film batean kontatzeko aukera bat baino gehiago egon zitezkeen. Un silence filmarena iradokitzailea da oso.
Abokatuaren emazteak (Emmanuelle Devos) beretzat gordetzen eta isiltzen duena da istorioaren misterioetako bat. Guztiz argitzen ez den misterioa, gainera. Baina isiltasun horien gainean badoa eraikitzen zinemagilea istorioa, azaleratzen diren bestelako informazio batzuen konpainian.
Aukeraketa formal interesgarriak daude pelikula honetan, gertatzen ari denaren inguruko informazioa emateko orduan. Funtsezkoa da, esate baterako, abokatuaren emazteak autoan izaten duen telefono bidezko elkarrizketa bat.
Beste une batzuetan, esplizituago ageri da familia horretan zer gertatzen ari den. Baina Lafossek ez du guzti-guztia kontatzen, eta joko horretan filmak badu bere indarra. Teknikoki lanak ez du inolako aitzakiarik, urratzailea izateko beharrik gabe.
Behin filma amaituta, denbora apur bat pasatu, eta irudietan agertu denaren gainean pentsatzen jarraitzeko bide ematen du Un silence-k. Gidoi on batekin lortzen den zerbait da. Eta filmak badu hori, zuzendariaren esku onarekin batera.