HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Familia txikia'

Zentzumenak pizten

Idazlea: Sesyle Joslin. Ilustratzailea: John Alcorn. Itzultzailea: Eva Linazasoro. Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka.

2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Pamiela argitaletxeak tinko jarraitzen du (kide duen Kalandrakarekin batera) duela hamarkada batzuk atzerrian plazaratu ziren albumak berreskuratzen. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan AEBetan albumak eztanda egin zueneko harribitxiak maiz ekarri dizkigute (Hartz txiki, Frederick, Piztiak bizi diren lekuan...), eta haiekin album ilustratuen sortzaile zenbaiten berri: Browne, Mayer, Sendak, dePaola, Hutchins eta Silverstein, beste batzuen artean.

Esku artean dugun Joslin eta Alcornen harribitxi hau bezala.

Zentzumenak pizten dituen azala du. Antigoaleko marrazketa imitatzen du, XIX. mendekoa, bolumena eta itzalak sortzeko marratxoak barne, horia eta gorria nagusi diren ilustrazioetan, berde ugarirekin. Bestela esanda, kolore primarioak eta sekundarioak. Irakurri dudanagatik, Alcorn irudigile elegantetzat daukate, geometriaren erabilera simetrikoaren zale, forma jolastiak proposatzen zituena, baina konposizio on batek behar duen oreka galdu gabe. Eta koloreen erabileraz zer esan; psikodelia garaiko paleta bizietara asko hurbiltzen da.

Liburuak lau kontakizun eskaintzen ditu. Bakoitzak zortzi orrialde hartzen ditu. Amaieran, ingelesa-euskara hiztegia dakar, ipuin bakoitzak berea, testuaren itzulpena egiteko behar diren hitz beroriekin (esaldi ordena eta halakoetarako azalpenetan ez da sartzen). Album ilustratuen artean aurrerago modan jarri ziren ezaugarri asko ditu; ez dezagun ahaztu 1964an kaleratu zen liburu hau albumaren estandarrak ezartzen ari zela.

Azalak arreta bereganatzeko duen gaitasunaren pareko dira lau istorioak. Kontakizun guztiak gehikuntzaren teknikan oinarritzen dira, Haur Hezkuntzako haurrekin maizenik erabiltzen den horixe, adibidez: [Oturuntza (liburuko bigarrena)] «Mahaia./ Mahai gainean ogia dago./[...] ogia eta entsalada daude./ [...] eta haragi errea daude./ [...] eta pasteltxoak daude./ [...] eta sagutxoa daude./ On Egin sagutxo anderea!». Horra kontakizuna bere gordinean. Barre eragilea da asmoz, eta ezustekoarekin jokatzen du. Irakurleak istorioaren hurrengo pausoa aurreikusteko joera erabiltzen du arreta bereganatzeko. Zer izango da hurrengo jakia (otordu arruntaren bi plater eta postrea ditu—edaria faltan—)?, Zertara etorri da sagutxoa? Eta abar.

Kontakizunek dituzten zortzi orrialdeetan (izenburuarena barne), zortzi pauso narratibo ematen dira. Kontakizunak dinamikoak dira, etengabeko mugimenduan daude, azken ezustekora arte.

Orrialde guztien atzealdea zuria da; zuritasun horren erdian ilustrazioa kokatzen da, eta azpian testua. Irudiek orrialdearen parte handiena hartzen dute, eta estatikoak dira: ez dute mugimenduaren pertzepzioa eragiten. Baina, ezaugarri hauetatik aparte da Pailazoa, hirugarren kontakizuna. Hemen testua eta irudiak bertikalean antolatzen dira, eta mugimendua egon badago.

Azken hitza erabiliko dut lan honen eta Amaia Egidazu eta Saroa Bikandiren Poltsikorako poemak lanak erkatzeko, parekotasun asko partekatzen dituztelako. Kasualitatea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.