Literatura. 'Hotz industriala'

Zeharka-zeharka

Egilea: Julen Belamuno. Argitaletxea: Susa.

2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Julen Belamunoren azken lanak bost ipuin ditu, eta beste horrenbeste protagonista: bere egunerokoan harrapatutako hozkailu-konpontzailea, zeina emakume gazteago batekin baitabil; duela 30 urte Euskal Herritik ihes egindako gizona, bat-batean bere iraganarekin topo egina; artista eldarniatua, bikote-harreman baten hondamena gogoratzen; administrazioko langilea, zeinari matrimonioaren higadurak azaleratuko baitizkio senarrarekin batera Errioxan erositako etxeak; eta arte-kudeatzailea, euskal pintore ilun bati buruzko ikerketan murgilduko dena.

Protagonista guztiak horrela aletuta, aise hartzen zaie tankera ipuinei: bizimodu hits baten asperrak bizi dituen 50 urte inguruko pertsonaiak dira protagonista guztiak, zeintzuei, era batera edo bestera, hautsi egingo baitzaie monotonia hori, gehienbat beste gizon-emakumeren batekiko harreman egiazkoa zein balizkoa dela eta. Teknika aldetik ere molde bertsutik taxutuak dira ia denak: zeharkako estilo batean oroitzen edo nolabait ekartzen diren flashback gisako oroitzapenekin tartekatzen da protagonistaren eguneroko kolorgea, eta badira paralelismoak eta joko poetikoak ere bi eremu horien artean. Teknika hori egoki doitua du Belamunok, eta, gehiago oinarritu arren zeharka kontatzean ezen ez zuzenean erakustean, ondo orekatzen du azalpen-estilo horrek sarritan dakarren kutsu naifa, zeinak erraz zamatu baitezake oroitzapenen planoa, protagonistaren beraren orainaren kaltetan. Pena dut, baina, ez ote den maiztu samarrik geratzen bost ipuinetan berdin errepikatzearen poderioz.

Izan ere, bada elementu garrantzitsu bat pertsonaiak eta zeharkako kontaera hori lotzen dituena, are garrantzitsuagoa, hemen bezala, narrazio guztiak protagonistaren ikuspegian iltzatuta daudenean: narratzailearen ahotsa. Iruditzen zait ahots berberak taxutzen dituela kontakizun guztiak, eta ikuspuntu beretik, nahiz eta ipuin bat lehen pertsonan kontatua egon, eta gainerakoak hirugarrenean. Ahots narratiboak gertutasun berarekin enfokatzen ditu denak, eta nago horrela ia erabat berdinduta geratzen direla pertsonaia guztiak. Horri gehituz gero ipuin guztiek dutela aipatutako kontaera zeharkako hori, nolabaiteko monotonia batek hartzen du liburua osoa; ipuin guztiak arras desberdinak dira, bai, baina nota berean kantatuak dirudite. Zalantzarik gabe, sentipen horrek bat egiten du protagonisten bizi-asperrarekin, eta baliteke efektu hori propio lortua izatea. Halarik ere, iruditzen zait ez duela bete-betean funtzionatzen, eta hirugarren ipuina da horren lekuko. Bertan, errealitatea nahasten duen artista bat da protagonista, baina, nahiz eta protagonistaren ikuspegian ainguratutako zehar-estilo libre batean kontatua egon, errealitatearen nahaste hori kontaera garbi eta koherente batean ematen zaigu, protagonistaren pertzepzioa batere hautsi edo eraldatu gabe. Nago horrek sinesgarritasuna kentzen diola; ez dago zertan Faulknerren Benji pertsonaia birsortu nahi izan, noski, baina uste dut adibide horretan arroztuegi geratzen direla kontatzeko era eta kontatzen dena bera.

Besterik da, ordea, kontu horiek noraino oztopatuko dioten irakurleari liburua irakurri eta gozatzeko esperientzia. Esan bezala, Hotz industriala honek badu hutsik, nik uste, baina baita gaitasun literario handiko teknika landu bat eta idazketa txukun bat ere, eta horiek, beren hartan, badira zoriontzeko lain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.