KRITIKA. Artea

Zeharbide paradoxikoa

Pello Irazuren Bilboko erakusketako obretariko bat. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2017ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun

'Pello Irazu. Panorama'

Non: Bilboko Guggenheim museoan. Noiz arte: Ekainaren 25era arte.

Bilboko Guggenheim museoaren 20. urtemuga biltzen duten ekitaldien artean, Pello Irazu artista gipuzkoarraren erakusketa antolatu dute, eta, ekintza horren bidez, uztartu egin dituzte artista andoaindarraren ibilbide luze eta aberatsaeta nazioarteko museoak Euskal Herrian bota dituen erroak. Urteurrenaren itzalean produzitua da museoaren 105. aretoak artistaren ehun lan baino gehiago biltzen dituen erakusketa, 1980ko hamarkadatik hasi eta 2015. urtera arte banatuak.

Jada inork ez du dudan jarriko artista gipuzkoarraren ibilbidea, azken urteetan euskal eskultura berria izendaturikoaren figura garrantzitsuenetako bat baita; euskal arteak azken urteetan izan duen bilakaeraren adibide garbi bat, dudarik gabe. Irazuren lanak lengoaia eskultorikoaren inguruko gogoeta bat aurkezten du, eta estetikaren eta espazioaren artean mugitzen den esperientzia bat jasotzen du ikusleak. 30 urtetik gorako ibilbide horrek gizakiaren eta arkitekturaren arteko harremanaren inguruko ikerketa bat planteatzen du, eta bilakaera interesgarri baten aztarnak erakusten ditu eguneroko objektuen eta materialen erabilerak.

Hainbat formatu, forma eta materialetako eskulturak isla bikaina du artista andoaindarraren pinturan. Hiru dimentsioko produkzioaren antzera, Irazuren dimentsio biko obra tekniken, materialen eta formatuen aberastasunean mugitzen da, eta gune garrantzitsua betetzen du erakusketa honen ibilbidean eta diseinuan. Artistak berak egituratua du 105. aretoaren ibilbidea: hiru gune orokorretan banatzen da, nahiz eta horietako bakoitzaren barruan material eta prozesu ezberdinekin lotutako lanak bereizten diren. Horrela, Irazuk obra piktoriko guztia hartzen duen pasillo luze batekin zeharkatzen du aretoa, eta haren inguruan jorratzen da artistaren lan eskultorikoaren ibilbidea.

Ibilbide hori hiru garaitan banatzen da, eta harreman zuzena du haietako bakoitzak artistaren egoerarekin eta bizipenekin. Lehena, 1984-1989 artean kokatzen da, Irazuren lehen lanekin; Bilbon kokaturikoa, eta Oteizaren figurarekin eta lanarekin lotzen dena. Bigarrena, Irazuk New Yorken egin zuen egonaldiarekin lotuta dago, seguruenik bizi beharrekin lotzen den material eskuragarriago eta eramangarriagoen erabilerara bideratu zuena, eta bere ibilbidean eta lengoaia eskultorikoaren garapenean garrantzi berezia izan zuen pausoetariko bat esan nahi du. Eta, azkenik, Bilbora buelta. 2000-2015 arteko garaia; New Yorkeko esperientzia barneratu ondoren, material, egitura eta koloreen artean sortzen diren esperientzia eskultoriko eta espazialak.

Euskal eskulturaren bilakaeraren barruan ezagutzen den figura garrantzitsuenetako bat izanik, badirudi garai honetatik aurrera Euskal ezizen horren letra eta ezaugarriak geroz eta lausoagoak ageri direla. Irazuren lana, garai hartako beste artista batzuekin batera, bereziki interesgarria iruditzen zait bilakaera honetara hurbiltzeko orduan. Badirudi, egunak pasatu ahala, errotuta daukagun estetikaren bilakaera globalagoak herri, tradizio eta kultura batekin lotzen den horrek gero eta distantzia txikiagoa gordetzen duela gainontzeko herrialdeetan ematen diren praktika artistikoekin. Irazuren lana, globalizazioarekin lotzen den homogeneizazio horren barruan, lehen pausoetako bat iruditzen zait, eta leku ezin hobea betetzen du Bilbon 1990eko hamarkadatik aurrera altxatu zen museoaren aretoan.

Horrek guztiak harremanen eta erroen inguruko gogoetara garamatza. Zer da euskal arte bat? Zeintzuk dira horren ezaugarriak? Benetan konplexua ala guztiz sinplea izan daiteke galderoi erantzun bat bilatzea. Hala ere, galdera horien aurrean nik beste bat (ala batzuk) aurkeztuko nuke (nituzke). Benetan beharrezkoa al da gaur egun muga fisikoekin lotutako etiketa bat ezartzea? Eta, hala bada, nola bereiziko ditugu gure praktikak eta gainontzeko herrialdeetan gertatzen direnak?

Bere urteurrenen ospakizunetan euskal arteari buruz egiten dituen adierazpenen barruan (gogoratu 10. urtemugan antolatu zen Chacun à son gout erakusketa edo gaur egun Irazurenarekin batera ikus dezakegun Eginberri erakusketa), badirudi Guggenheim museoak galdera horiei ematen dien erantzuna instituzio eta espazio den neurrian, euskal herriarekin duen harremanera mugatzen dela, hau da, kokapen fisikora, eta inguruarekiko nolabaiteko betebehar bilakatu direla ekintza hauek.

Ez ulertu azken hitzok kritika modura; gogoeta bat besterik ez dira. Alde batetik, Guggenheimen gisako instituzio batek tokiko arte batekin eduki dezakeen harremanaren ingurukoa da gogoeta, eta, beste alde batetik, tokiko arte horrek gaur egun eta etorkizunean dauzkan eta edukiko dituen ezaugarrien ingurukoa. Irazuren kasuan, euskal eskulturaren maisuetako batean du bere erroetako bat, eta, abiapuntu horretatik, bilakaera propio bat izan du bere arteak. Ikusiko dugu 30. urteurrenean zer gertatzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.