'Itzal zaunka'

Zaunka errarien itzalak

Egileak: Harkaitz Cano, Antton Olariaga eta Jexuxmai Lopetegi. Argitaletxea: Elkar.

2016ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Harkaitz Cano idazleak, Jexuxmai Lopetegi musikariak eta Antton Olariaga marrazkilariak Itzal zaunka deituriko ikus-entzunezko liburua kaleratu dute. Bi tandemetan banatuta kasik, Canok eta Olariagak album ilustratu gisako kontakizuna ehundu, eta Lopetegik eta Canok kontakizunekoa musikara eraman eta abestiak sortu dituzte. Alta, hemen literatur kritikara mugatuko da irakurle hau, begi-bistakoaren (eta elipsien atzean ezkutatzen den guztiaren) zale amorratua izanik, zoritxarrez, entzumen aldetik nahiko miopea ere badelako, besteak beste.

Jakina da Canok eta Olariagak arte grafikoetan eskarmentu handia badutela, eta, aldi honetarako, zakur deslai baten itzaletan egin dute bat; halabeharrez katetik askatu eta berriro ere umezurtz eta bakarrik geratzen den unearen itzulinguruak biltzen dira liburuan. Alde horretatik, irakurketak iraun bitartean ezin izan ditut burutik uxatu Gabrielle Vincenten Un jouer, un chien (Egun bat, zakur bat, 1982) hitzik gabeko zuri-beltzeko album paregabeko edota Tom Waitsen Rain Dogs diskoko (Euri zakurrak, 1985) abestietako giroen oihartzunak eta itzal luzeak.

Zakur protagonista narratzaileak lehen pertsonan dihardu, eta, izaera aldetik, Canok idatzi eta Olariagak marrazturiko Lesterren logika-tik ateratako lau hankako animalia existentzialista dirudi, oraingo tonua askozaz ere poetikoagoa eta barnerakoiagoa izan arren. Olariagaren ilustrazio sekuentziaren egituraketa formalak ere badu bere zera, koloreen, perspektiben eta marrazkien konposizioen bikaintasunaz gain, testua eta irudiak ez direlako beti ordena berean lotzen. Eta hala, irudi mutuak edota alde biko ilustrazio orrialdeak kateatzen eta tartekatzen dira, oraintxe orrialdearen ezkerrean eta gero eskuinean, zakur itzalak eta egunerokotasuneko paisaia desolatu edota bakartiak are gehiago nabarmenduz. Testuak, berriz, irudietatik harago eramaniko hausnarketa sakonetarako joera du sarri, eta beste zenbaitetan, halaber, marrazkiak dira testutik aldendu eta eszena jakinekin kontakizun osoa aberasten dutenak.

Ondorioz, irudien eta hitzen edota hitzen eta irudien arteko bi kodeak uztartu eta korapilatuz, Olariagak eta Canok helduentzako (eta zenbait gazte zein gaztetxorentzat ere) egokia den album ilustratu duina lortu dutela esan daiteke, hala nola argitara emaniko emaitzan ez baita nabaritzen ernamuinean edota sormen prozesuan aurrena testuaren gidoia edota ilustrazioen sekuentzia ote zegoen. Eta tandem on batean, halakorik ez nabaritzea eta obra irakurleari batasun betean eskaintzea lorpen bat da jada bere horretan. Epilogo gisako amaierako bakarrizketako irakaspena ere aipatzekoa da, kontakizuna ederki ixtearekin batera hala moduzko irakaspena ematen baita eta, ezinbestean, hika eta zuka formen nahasketa apropos eginiko errata/alegoria gisa interpretatu du irakurle honek.

Argitalpenari dagokionez, tapa lodi eta orrialde apaisatu-aren erabilerarekin edizio zaindua gailendu da. Horrela, Itzal-zaunka ikus-entzunezko objektu estetikoak liburu-opari bihurtzeko osagai guztiak biltzen ditu. Liburuaren amaierako abestietako hitzek, gainera, beste irakurketa maila eta aukera bat eskaintzen dute, zakur protagonistari beste itzal kapa bat behintzat erantsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.