'TODOS LOS ÁNGELES ALZARON EL VUELO'
Konpainia: La Zaranda. Testua: Eusebio Calonge. Zuzendaritza eta eremu eszenikoa: Paco de La Zaranda. Jantziak: Encarnacion Sancho. Argiak: Peggy Bruzual. Antzezleak: Enrique Bustos, Gaspar Campuzano, Ingrid Magrinya, Natalia Martinez, Francisco Sanchez. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Martxoak 29.
«Teatro Inestable de Andalucía la Baja» (Andaluzia Beheko Teatro Ezegonkorra) zekarten La Zarandako kartelek garai batean, seguruenik Franco hil osteko konpainia askok «teatro estable» (teatro egonkorra) gehitzen zutelako beren izendapenetan. Oraingo honetan, ordea, «Teatro Inestable de Ninguna Parte» (Inongo Teatro Ezegonkorra) jarri dute, agian beren unibertsaltasuna aldarrikatu nahian.
Hasi da emanaldia, puntual hasi ere —eta hori zinez eskertzeko modukoa da—, eta gure sorpresarako betiko La Zarandako hiru gizonezkoez gain bi emakumezko gehitu dira antzeztaldean. Eta, hara non sorpresa horrek lekuz kanpo utzi gaituela hasiera batean —ni beti bezain desinformatu eta gizonkerietan eroso—, zeren eta ohituta geunden azken ia 50 urteotan taldearen muntaietan betiko hiru gizonak ikusten eta, noski, Londresko klub aristokratiko maskulinoetan, Bilboko La Bilbaina goi burgesiako egoitzan eta, nola ez, gure sozietate gastronomikoetan bezala shock egoeran geratu gara emakumeak gure esparru sakratuan ikustean.
Baina emakumeak behar-beharrezkoak ziren, La Zarandaren azken lan honetan giza bazterkeriaren behe-beheko azken mailetaraino jaitsi garelako —Afrikako etorkinak kontuan sartu gabe—, eta drogaren menpeko emakume prostituituak giza miseriaren putzu sakonenetan aurkitzen direlako.
Hondartzarako aulki zaharkitua, burdinazko ohe tolesgarria, ospitale bateko jarleku herdoildua eta plastikozko botila kaxa gorria izan dira eszenako elementu nagusiak, eta manta batzuekin eratu dira lehen hildakoaren gorpua eta besteen hil-estalkiak. Ikusten denez, ez da barrerako tarte handirik izan, baina La Zarandakoak beti dira finak umore beltzean eta pentsamenduan —Heraklito, Shakespeare eta Dostoievski izan dira aipatuak solasaldietan— eta horretarako tarte txikia aurkitu dute presoen, prostituten, drogazaleen, eskaleen, zahar ahaztuen eta kale gorrian daudenen bizipenetan.
Oro har, esan genezake oraingo honek argumentu-ildo nabarmenagoa eduki duela aurreko lanekin alderatuta baina, aldi berean, taldearen betiko esentzia espektrala —J. A. Irigarairen ekarpena— urardotuta geratu dela, pertsonaia bakoitzaren ezaugarriak eta egoeren eboluzioa era agerikoegian aurkeztu dizkigutelako. Hemendik aurrera ikusi beharko dugu nolakoak izango diren andaluziar hauen proposamenak, baina guk haiei fidel izaten jarraituko dugu. Azken finean, La Zaranda gustukoa izatea zaletasun soila baino askoz gehiago da: erlijio-kontutzat jo dezakegu.