Aurtengo DK Poesia Sariaren irabazle suertatu zen Julen Apellaren proiektua, eta horren bitartez argitaratu berri du autoreak bere estreinako lana, Postal bat desertuan, Balea Zuria argitaletxean. Opera primek beharrezkoa duten indar eta grina orohartzailea antzematen zaio Apellaren lanari, tradizio baten oinordetza bizkar gainean jarri eta aurrera egin nahi izatearena. Literatura inguruari so egiteko tresna zein norbere identitatean arakatzeko gailu gisa darabil poesia autoreak. Unibertso komunak sortzeko bide legez ere bai.
Ni poetiko baten egituraketa suma daiteke, argiro, poemak irakurri ahala. Ni poetiko goseti bat, zapata parea jantzi eta —lokarriekin edo gabe— bizitzaren uhar emankorrari buru egitera deliberatuta. Identitatea, sustraietatik askatzea eta munduan kokatzea dira poema askoren gaiak; Apellak hainbat alderditatik heltzen die gaioi, poema konkretuagoak, inguruari lotuagoak landuz batzuetan, saiakera abstraktuagoak eginez besteetan. Badu joerarik sinboloekiko —izan badira batzuk liburuan errepikatzen direnak: zapata, lokarria, bidea eta abar—, halaber, metafora kutsua dute irudietako askok; haatik, aldi berean lurrari atxikia dihardu eta asmatzen du horiek eszena jakinetan aski modu egokian txertatzen. Lehenengo pertsonak eta bertso libreak ni poetikoa-ren presentzia nabarmentzen dute, eta hark galbahetzen du poetaren ahotsean inguruarekiko tirabiran eraldatzen doan sentimendu sorta eta errealitate konkretu zein funtsezkoa.
Liburuak aire gaztea du, seguruenik gaztetasunaren edo helduaroaren hasierako gatazka—habia uztea, sustraietatik askatzea— punpaka antzematen delako poemen atzean, baina baita erakusten duen gose eta grina literarioagatik ere. Horren seinale dira testuartekotasun erreferentzia ugariak, zita moduan zein aipamen inplizitu gisa emanak eta literaturara ez ezik, bestelako kultur adierazpenetara ere zabaltzen direnak. Idazleak bere mitologia edo unibertso propioa eratzeko erabiltzen ditu, neurri batean, erreferentziok, eta aipuek eragin dezaketen betekada gorabehera, atsegina ere bada ikustea kultur erreferentziak oraindik ere identitatea osatzeko bitarte izan daitezkeela. Bestalde, akaso gaztetasunari egotziko nizkioke baliabide usatuegien noizbehinkako erabilera eta beren borobiltasunean urtzen diren hainbat esaldi. Ez du horrek, dena den, azkenengo emaitza batere zapuzten.
Belaunaldi ezdeus eta gris baten lekukotasuna ere ematen dute poemek, hein batean belaunaldi horren aurka joz, indibidualtasunari eutsi nahian. Bere belaunaldiaren kontrakarrean berresten baitu bere burua edozein idazlek. Ildo beretik, denbora eta giro zehatz bat antzeman daiteke liburuan, garaiaren halako zeitgeist apal, partzial eta zatikatu bat. Bizitzea egokitu zaigun mundualdiaren eta norberaren arteko distantziak bere ahotsetik ematen saiatzen da Julen Apella, eta bideari ekiten dio zapata parea eta konstelazio bat bidelagun, debut oso aipagarri batekin. Bidea hasi besterik ez da egin.
'Postal bat desertuan'
Zapata batzuk gure garaiari
Idazlea: Julen Apella. Argitaletxea: Balea Zuria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu