KRITIKA. Zinema

Zaintzaren gurpila

Andoni Imaz
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun

'Cinco lobitos'

Zuzendaria: Alauda Ruiz de Azua. Aktoreak: Laia Costa, Susi Sanchez, Ramon Barea, Mikel Bustamante. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 104 minutu.

Hamabost urte baino gehiago pasatu dira Alauda Ruiz de Azuak bere lehen film laburrak egin zituenetik, eta dozena erdi bat lan egin ditu ordutik, Cinco lobitos lehen luzea altxatzeko bidean. Urteetan findu duen ikuspegiaren eta prestatu duen bidearen lehen mugarria da filma, eta nabari da heldutasuna.

Cinco lobitos-ek bizitzaz hitz egiten duela esatea gehitxo esatea izan liteke, baina horixe da hasierako jaiotzaren eta amaierako heriotzaren artean gertatzen dena; bizitza, eta zaintza: hasieran, besteek zu, gero zuk besteak, eta atzera buelta.

Pelikulak kontatzen dituen gauzek adina balio dute erakusten ez dituen horiek. Hasi, eta aurreneko planoan, Amaia ageri da (Laia Costa), haur jaioberria besoetan duela, kalearen erdian, nekatu eta galdu itxurarekin. Haren bizipenek belaunaldi baten gorabeherak biltzen dituzte: norberaren errealizazio profesionala, prekaritatea, zaintzaren auzia, zalantzen putzu hondogabea...

Eta, halako batean, filmaren erdian, istorioak putzu batetik bestera egiten du salto, ama alabaren tokira aldatuz; Ruiz de Azuak plano batean laburtu du: gurpil aulkia eta haur kotxea elkarren ondoan jarrita. Kosta egiten zaio indarrari eusten, ordea.

Filmaren unerik gogoangarrienak pertsonaiei batetik bestera joaten uzten dienean iristen dira, diskurtsorik ematen ez duenean —Amaia eta Begoña (Susi Sanchez) dira nagusi, nabarmen—. Kontrakoa gertatzen denean zamatzen da gehien: gauzak sobera azaltzera jotzen duenean, estiloaren itxurazko naturalismoak ere topiko kutsua hartzen duenean. Izan ere, gaiak hor daude, denak ikusleak interpelatzeko prest, baina on egingo lioke horiek gehiago problematizatzeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.