'Arbitrage'
Zuzendaria: Nicholas Jarecki. Aktoreak: Richard Gere, Susan Sarandon, Tim Roth, Laetitia Casta. Herrialdea: AEB.Iraupena: 106 minutu.
Zuzentasunaren autobidetik abiatu da aurtengo Donostiako Zinemaldia, eta, itxura guztien arabera, bide beretik segituko du datozen egunotan. Iaz bezala —inor akordatzen al da Fresnadilloren Intruders-ekin?—, industriaren zerbitzura jarri da alfonbra gorria. Gerek eta Sarandonek Donostia abordatzearen truke, Nicholas Jareckiren estreinako lanak irekitzearen ordainpeko ohorea izan du.
Hasiberriaren fede sugarraz, zuzentasun artistiko, tekniko eta narratiboa gogoz praktikatu du zuzendariak, betiere ezaugarri horiek Hollywooden erara ulertuta. Eta ustezko zuzentasun formal hori —hoztasuna era badena, protagonistak berak gogoraraziko du mundua «hotza» dela—, ohi bezala eskuin aldera desbideratuko da arlo ideologikoan. Beharbada, Obamazaleen diskurtsoa elikatzeko balioko du Arbitrage-k, baina sistemari fundamentuzko kritikarik egitetik oso urrun dago.
Mezu garden bezain sinplea da, Lampedusak askoz ere modu landu eta aberatsagoan adierazi zuena. Badaezpada ere, norbaitek ulertu ez badu aberatsak beti onik aterako direla eta gainerakook garbitu behar dugula haiek zabaldutako kaka meta, Arbitrage guztiz soberan dagoen monologo diskurtsibo batekin hasiko da. Zalantzarik egon ez dadin.
Rebordinosen modura, Jarecki ere aktore protagonisten zerbitzura jarri da, eta izar horiek ardatz hartuta —bereziki Gere, Sarandoni luzimendurako tarte gutxiago utzi baitio— ikusleari denbora-pasa eztitsua eskaini nahi izan dio. Arriskatu nahi izan balu, aldiz, Tim Rothen pertsonaiak eskuratuko zuen benetako protagonismoa.
Baina hau ez da The Wire-ko mundu ustela; horren ordez, guztiz zaharkituta agertzen den filma da Arbitrage. Pasatu zen 80ko hamarkada, lekutan daude orduko yuppieak eta Working Girl (Mike Nichols , 1988) edota Wall Street (Oliver Stone, 1987). Gaurko egoerarekin lotzen saiatu arren, garaiz kanpoko filma da Arbitrage.
Orain dela urte batzuk, industria estatubatuarrak bere aurrekontu handiei ukitu garaikideagoa emateko formula aurkitu edo bereganatu zuen. Kolore iluneko fotografia, mehatxu musika errepikakorra eta ertz askotariko pertsonaia sasianbiguoak. Hori omen da autore ukitua irabazteko pasaporte azkarra. Kontua da errepikatzearen poderioz, formatua guztiz gastatuta dagoela eta haren sinesgarritasuna hutsaren hurrengoa dela.
Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala
Zaharreriak jota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu