Musika. Belako. 'Plastic Drama'

XXI.mendeko protesta

Diskoetxea: BMG.

2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Laugarren lan luzean ere, Belako taldekoek nahi dutena egin dute. Asko ziren bide komertzialenetik jo eta estatu mailan jendarte zabalera iristeko moduko diskoa egingo zutela uste zutenak, baina beste behin erakutsi dute benetan axola zaiena atsegin dutena egitea dela, arduratu gabe noraino irits daitezkeen, estilo eta etiketetatikaldenduz, baina, aldi berean, beraien gustukoa denari jarraituz. Argitaratze data atzeratu behar izan zuten pandemiaren ondorioz, baina horrek aurretik diskoa ia osotasunean ezagutzeko aukera eman zigun, banaka argitaratu baitzituzten bertako abestiak oraindik kalera ere atera ezin ginenean hasita.

The Craft izan zen aurrerapen kantu horietan lehena, akorde nahiko alai eta doinu itsaskorrez hasten dena. Pop abesti goxo batetik gertu egonik, bat-batean bira eman eta giro ilun bat azaltzen da, ahots distortsionatuz betetakoa. Jarraian datorren Sirène, aldiz, frantsesez abesturiko ahots goxoarekin eta gitarra gogoraerrazekin dator. All Nerve-ren oinarri erritmikoa tentsio hutsa da post-punkaren alderdi asaldatuenean: hasierako minutueta erdi instrumentala erabateko eztanda da. Hitzik ez izatea inori axola ez izateko bezalakoa. Bainaberehala dator Plastic Drama abestia, melodia entzunerrazekoa, —hondartzakoa, oporretakoa dirudi—, pianoak gidatua eta disco-funk moduko baxu batez lagundua. Feist-ek osatutako balada bat bezala hasten da Marinela2017, ondoren indartsu eta gogor amaitzeko; eta Truce-ren amaiera ere harrigarria da, ia-ia Gabonetako balada koral baten antzekoa.

Esperimentaziorako grina izan dute beti Belakokoek, eta kasetean nahiz sakelakoan grabaturiko zatiak moldatu gabe txertatu izan dituzte euren kantuetan. Oraingoan ere ez da gutxiagorako izan, eta ez ohikoak diren grabazio eta nahasketak sartu dituzte diskoan.

Plastic Drama-n, baina, mezua ere oso garrantzitsua da. Belakoren testuak gezi politiko argiak dira, gure gizarte sistema eta akats larriak zalantzan jartzen dituztenak. All Nerve-k feminizidioa babesten duen sisteman egindako akatsez hitz egiten du. The Craft-en esaten dute «gurea boterea dela/orain da unea». Eta Profile Anxiety grunge abestiak zalantzan jartzen du gure gorputzak eta buruak bortxatzea onartzen duen justizia.

Oso esanguratsua da maitasun kanturik ia ez egotea, batez ere Trut-ek zalantzan jartzen duelako maitasun erromantikoak gizartean egindako kaltea. Eta, justu ondoren, Truce abestian, nolabaiteko ahultasuna erakusten dute, guztiak gizakiak garela eta kontraesana gure izaeraren parte dela gogorarazteko.

XXI. mendeko protesta lan nabarmena da hau, egungo mundura egokitua, egungo gazteek sortua eta egungo gizarteari zuzendurikoa. Plastikozko jendarte hau deuseztatzeko ideiarekin, baina edozein zuzenekotan saltoka dantzatzeko modukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.