Orgi eta zuhaitz: udaberria, uda, udazkena, negua. Lau urtaro landan bizi diren Orgi eta Zuhaitz ezagutzeko. Bakoitza bere etxetxoan, elkarren ondoan. Orgi saiatua eta txukuna da, ñabarduretan begia jarriz betaurrekoak irabazi dituen horietakoa. Zuhaitz bestelakoa da, irrazionala, unean unekoa bizi duena bihotza eskuetan daramala. Antagonistak dira.
Kontakizuna erdibana daramate ilustrazioek eta testuak. Testuak lan zaila dauka, poetikotasuna mantentzen batetik eta gertakarien kronika egiten bestetik. Esango nuke bere eginbeharra betetzen duela, oro har, nahiz eta disonantzia uneak dituela iruditu zaidan. Era berean, halako oreka zaileko testu batek itzulpenarekin asko sufritzen du, eta, tamalez, nahi baino gehiago nabaritzen da jatorrikotik euskarazkora dagoen aldea.
Irudiek orri-bikoak hartzen dituzte. Koloretako arkatza, tinta eta estanpatua bezalako bitartekoen bidez eginak dira, eta emaitza leuna bezain iradokitzailea da, testuak duen tonu poetikoari azpia egin nahiko baliote bezala.
Hausnarketa oso interesgarria proposatzen duela iruditu zait, esaten duena eta esateko moduan bat datorrena gainera: xume aritzeak balio du.
HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Orgi eta Zuhaitz'
Xume
Idazlea: Karen Hottois. Ilustratzailea: Delphine Renon. Itzultzailea: Aztiri. Argitaletxea: Ttarttalo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu