HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Xola eta lapurra'

Xolaren belarriak tente

2016ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Idazlea: Bernardo Atxaga. Ilustratzailea: Mikel Valverde. Argitaletxea: Erein.

Suposatzen dut, irakurle, Xolaren berri baduzula. Agian azken abentura hau ere irakurriko zenuen, igaro berri dugun oporraldia tarteko... Edo agian ez. Dena dela, ea lortzen dugun zerbait interesgarria eskaintzea, zaharrak berrituz.

Ofizialki bosgarren abentura da Xola eta lapurra. Halere, aipatzen ez den beste istoriotxo bat dago, 2000n Gara egunkariak kaleratua, ipuin elebidunen bilduma baten barruan, Xola ehizan-Catch that mouse deitzen dena, eta kopurua seira igotzen duena. Izan, Xola eta Angelito obraren aurrekari kronologikoa da Xola ehizan, baita narratiboki ere, zeren—dena esan behar bada— hau haren hezurdura narratiboa baita, eleberri baten sarrera atalak izan ohi dituen funtzioekin.

Bilduma jarraitu baduzu konturatuko zinen txakur honen abenturak bereziak direla, narratzaileak ezohiko bideetatik urratzen duelako kontaketa, psikologiko abizenarekin izendatzen den literatura motaren barruan, anekdota domestiko xumeekin egindako hari narratiboen gainean, pertsonaien barruko mugimenduekin eraginez akzioa kontaketari. Lapur baten agerpenarekin jositako azken abentura honetan, hain zuzen, kontaketa psikologikoaren baitako pauso berri bat ematen du narratzaileak, eta txakurraren pentsamenduak gorputz ataletatik abiatuko balira bezala kontatzen dizkigu hainbat pasarte, hankek, isatsak, edota belarriek unean-unean zer pentsatu eta sentitzen duten adieraziz. Orain arte halakorik ez genuen ikusi Xolaren abenturetan. Hori bai, guztietako ezaugarri komuna Xolaren izaera markatua da: lotsarik batere gabe bere burua iruzur bidez goratzen saiatzen da, unean uneko komenientziagatik, eta harremanak kudeatzeko bitarteko gisa. Egoista galanta da, bere onura bilatzen du, baina ez da gauza urrutirako kalkuluak egiten, eta unean uneko pultsioek gobernatzen dute bere jarduna. Azken finean, Xola haurren psikologia irudikatzeko bide bat da. Halako ezaugarri ugari ditu Xolak, denak ere haurren psikologiarekin erraz parekatzen direnak, eta idazleak umorea eragiteko baliatzen dituenak; esperientzia gabezia Xolarengan ezjakintasuna, axolagabekeria eta lotsagabekeria bihurtzen dira, eta alferkeria xarma.

Bestalde, narratzailearen hariari berriz helduta, derradan, narratzailearen presentzia hain nabarmenarekin ere, liburu hauek boz gora irakurtzeko bikainak suertatzen direla, zortzi bat urtetik gorako haurrekin.

Eta azken bi hitz aurreratzeko, kontakatiluarena egin gabe, abentura honetan Xola eta Grogo bizi diren eraikinean lapur batek eragindako izua dela ardatza, dagoeneko 5Bn eta 4Cn norbait ebasketetan aritu baita, lapur fina nonbait, bitxiak eta dirua besterik hartu ez dituena, paparrean domina duen inspektore-andreak esan dienez. Eta Xolak amesten du domina bat gustura hartuko lukeela, urrezkoa baino, txokolatezkoa hobe...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.