KRITIKA. Dantza

Xakean launaka

Agus Perez.
2016ko urriaren 4a
00:00
Entzun
'The Endgame'

Zuzendaritza: Olatz de Andres. Koreografiak eta testuak: Olatz de Andres eta interpreteak. Dantzariak: Christos Xyrafakis, Pilar Andres, Paula Serrano, Isabel Alvarez. Musika: Jamie McCarthy. Lekua: Bilboko AZ. Eguna: Urriak 1.

Eremu eszeniko zuri, esanguratsu eta zabal batean aurkeztu du Olatz de Andresek bere azken lana. Eszenaren erdigunea zutabe karratu batek hartu du eta haren gainean xake taula batek presiditu du ekintza. Ikusleen kokapenak kirol gertakizunen bat gogoratu digu nonbait eta gainontzeko elementuak —erpinetako zume landareak, diagonalean jarritako bi mikrofonoak…— neurriz eta ganoraz erabili dira, osotasunaren zerbitzura.

Bilboko Az-ko Amphytrion programaren parte, Olatz de Andresek bere piezarik aurreratuena aurkeztu du oraingo honetan, antzerkiaren, performancearen eta dantzaren arteko elkarketa samurrean. Zuzenean editaturiko musika lagun, xake partidako lau dantzariak estetika aratz horren parte izan dira, jantzien diseinu astuna eta kolore marroi iluna gorabehera, eta eszenara ekarri dituzte xakeak eskaintzen dituen aukerak eta gogoetak. Olatzen estilo leunean mugitu dira gehienbat, ene uste apalean dantzatik baino gorputz-mugimendu ariketetatik hurbilago, koreografoak lan honetan abstrakzioranzko joera handiagoa erakutsi duen arren.

Alde horretatik, pasarte dantzatu batzuetan agerian geratu da Christos Xyrafakisen gaitasun akrobatiko diskretua, hiru neskengan askoz apalagoa izan dena. Era berean, aipatzeko modukoak izan dira xakeko piezen idiosinkrasian urrutitik inspiratutako pausoak eta Gabo Punzoren argiek sortutako laukizuzen desordenatuak, xake-joko fisikotik nolabaiteko distantzia hartzeko balio izan dutenak. Ordea, antzezpenaren eremutik hurbilago ikusi dut lau dantzarien multzoak behegainetik eta abiadura geldoan egindako desplazamendua, beraien arteko xake taulan pieza gutxi geratzen zirenean.

Hitzek ere protagonismoa handia eduki dute piezaren garapenean, baina nik pertsonalki eragozpen asko aurkitu dut beren erabileran. Testuak interpreteek beraiek sortu izanak ez du bermatzen kalitatezkoak direnik, are gehiago, kontrakoa ere bermatzen duela esango nuke. Adibide bat jartzearren, zein adinetan esan daiteke lotsagorritu gabe «Zergatik 3a luzatzen dugunean 8 bat ateratzen zaigu?» bezalako umekeriarik? Eta beste kontu bat: xake subliminal honetarako arauak ingelesez eta gaztelaniaz eman dituzte aurkezle-dantzariek mikrofonoetatik. Zergatik ez euskaraz eta gaztelaniaz? Ze koipekeria klase da hori gure eta munduko kolonizatzaileen aurrean? Eta, batez ere, zer ekarpen egiten dio arteari ingelesez aritzeak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.