'Marie-Antoinette'
Konpainia: Malandain Ballet Biarritz. Koreografia: Thierry Malandain. Dekoratua eta jantziak: Jorge Gallardo. Argiak: François Menou. Musika: Joseph Haydn, Willibald Gluk. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: uztailak 28.Donostiako Viktoria Eugenia antzokia ongi bete da Malandain Ballet Biarritzen Marie-Antoinette dantza emanaldia ikusteko. Versaillesko jauregiko Errege-Operan martxoan estreinatu zen lan honetan, Viktoria Eugenia antzokia izan zen ekoizle kideetariko bat, eta Euskadiko Orkestra arduratu zen musikaren interpretazioaz Melanie Levy-Thiebauten zuzendaritzapean.
Bere azken sorkuntza honetarako, dekoratu erdi naturalista erdi eskematikoa aukeratu du koreografoak, eta jauregi famatuaren leiho eta ate bertikal handiek inguratu dituzte dantzariak —Luis XVI.aren gortesauak—, haien atzean zeruaren ostarte margotuak ikusten zirela. Neurri handiko mahai bat izan da lehen minutuetako protagonista, mahai erraldoi batean amaitu zelako errege-erregina nerabeen eztei-banketea.
Xehetasun historizista horrekin hasi nahi izan du Malandainek bere kontakizun dantzatua, eta, paperean banatu ez den esku-programaren arabera, Frantziako eta Nafarroako erregina ezkontidearen bizitzan parte hartu zuten pertsonaia guzti-guztiak agertu omen dira emanaldian, ene uste apalean—eta ikusleengandik entzun ditudan komentarioen arabera ere bai— identifikaezinak edo, gutxienez, oso nahasiak suertatu diren arren.
Bide horretatik, eta pertsonaia historikoei ezaugarri argiak emateko ahaleginean, lan bereziki ona egin du Jorge Gallardo dekoratu eta jantzien diseinugileak, garai hartako itxura eta izaera garaikidea ederki konbinatuz eta ikusgarritasuna lortuz berez emozio askorik gabeak izan diren dantza gortesauetan. Ildo beretik, finezia eta dotorezia handia erakutsi dute dantzariek —rol nagusietan zeudenek bereziki—, eta nik esango nuke koreografoak asmatu egin duela dantza gortesauetatik garaikiderainoko zubiak eraikitzen. Kontrako platerean, hemen aitortu behar dut ez naizela inoiz izan Haydnen betelan ustez sinfonikoen zalea, baina harena izan da entzun dugun musika ia dena, erreginaren lehen alabaren jaiotza girotzeko baliatu den Gluken Orfeo eta Euridize-ren zati txiki batean izan ezik, musika-kaxa baten soinuaren antzera interpretatu dena.
Pentsa liteke koreografoak buelta bat emango liokeela Marie-Antoinetteren kontakizun ezarriari, edo behintzat azpimarratu haren bizimodu axolagabeak herri xehean, eta bereziki emakumeengan, sortu zuen amorrazioa. Izan ere, badirudi 1789an emakumeak trumilka joan zirela Versaillesera mendeku bila, eta gertaera hark ekarri zuela gerora erreginaren eta antzinako erregimenaren amaiera. Ordea, Marie-Antoinette honetan gure bizitzaren ordu eta erdi bat eman dugu, batzuetan ohiko amodio-pasarteak ikusten eta beste batzuetan Antzinaro klasikoko figura mitologikoak irudikatzen edota maskaradun dantzarien alegrantziak kontenplatzen, segida neoklasiko bezain amaiezinean.
Versaillesen dena ondo zihoalako, azken hiru minutuetan leihoetatik herri haserrearen hots beldurgarria entzun eta denak korrika hasi eta emanaldia bat-bateko ilunean bukatu den arte, ordurako lekuz kanpo zegoen amaiera landugabe batean.