'Così fan tutte'
Zuzendariak: Oliver Diaz (musika), Marta Egilior (eszena). Abeslariak: Vanessa Goikoetxea (Fiordiligi), Serena Malfi (Dorabella), Xabier Anduaga (Ferrando), David Menendez (Guglielmo), Pietro Spagnoli (Don Alfonso), Itziar de Unda (Despina), Ruben Jimenez Rosco (aktorea), Euskadiko Orkestra, Bilboko Opera Abesbatza. Egitaraua: W. A. Mozarten Così fan tutte. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Eguna: Urtarrilak 27.OLBE Opera Lagunen Bilboko Elkartea hirugarren ekoizpena aurkezten ari da egunotan, Bilbon: Wolfgang Amadeus Mozarten Così fan tutte drama barregarria. Hasieratik esango dut Oliver Diazen musika-zuzendaritza eta Marta Egiliorren eszena-kontzepzioa obra honen arintasunarentzat galga izugarria suertatu zirela. Musikan tempi motel eta astunak gailendu ziren, tarteka desegonkortasuna sortu zutenak. Eszenan, bestetik, belle époque-an kokatutako eklektizismo ulergaitza nagusitu zen, hutsegite handia sortuz: eszenatokia hainbat elementurekin betetzen da, eta, aldiz, espazioa ez da erabiltzen.
Mozarten operan, baina, pertsonaiek garrantzia handia dute, bere baitan eta euren arteko harremanetan, eta hor bazegoen luzimendurako osagairik. Bi ahizpak fin aritu ziren, bai duoetan, bai arietan. Goikoetxeak Come scoglio ederra eskaini zuen, tesitura zabalean dantzan, eta Malfiren erdiko erregistro goxoa entzun genuen E amore un ladroncello zatian, Sigmund Freuden itxurak egiten zituenaren aurrean barreak hustuz. Zenbat nahaste. Tamalez, bi zuzendaritzen batura oztopo larri bilakatu zen Despinaren Una donna a quindici anni arian: bi metro baino gehiagora zabu batean zintzilik, De Undaren ahaleginak ezin izan zion bihurrikeriari distirarik atera. Spagnolik filosofo zaharraren planta onak egin zituen, eta Menendezek, berriz, Guglielmoren rolak duen alderdi komikoa argitu zuen. Anduaga Ferrando liluragarria izan zen, besteak beste, Un'aura amorosa arian dinamika eta ñabardura sorta sinestezina erakutsiz.
Ezaguna bezain harrigarria da Mozartek gai erotikoekin zein koprologiarekin zuen obsesioa: puzkerrak eta kaka nonahi agertzen dira bere gutunetan. Are gehiago, askotan eskatologia eta sexua elkartu egiten zituen, adibidez bere lehengusinari bidalitako eskutitzetan. Iruditzen zait Mozarten Così fan tutte hobeto ulertuko genukeela ume-jolasaren eta musika-jeinuaren gertutasunaz kontziente bagina, taulari alferrikako elementuak erauzi eta katramila aldrebesa bere baitan onartuz.